Epaiketa hasi da Edward Snowden-entzat

Edward-Snowden-The-US-Is-Hacking-Everyone-Everywhere-2Ziberespioitza masibo sekretuaren susmorik ez da egongo aurrerantzean, errealitate demostratua baita. Hori frogatu du Edward Snowden-ek, AEBeko Segurtasun Agentziaren PRISM zelatatze zerbitzu erraldoiaren nondik norakoak lau haizetara zabalduz. “Badakit etxera ez naizela inoiz itzuliko”, esan zuen salatariak The Gurdianen. Ameriketako hedabideak gaiarekin bor-borka dabiltza Snowden heroi ala traidore den erabakitzeko lanetan.

Ziega batean bizirautera kondenatua izatea saihesteko, Ameriketako Estatu Batuetako justiziatik ihesi, Hong-Kong-en ezkutatu da Edward Snowden espioi ohia (erabakia hanka sartzea izan dela dioenik ere bada). Julian Assange Wikileaks-esko buruak, Londreseko Ekuadorren enbaxadatik, Hego Amerikako estatu baten babesa eskatzeko gomendatu dio. Assangek argi du: “Heroi da”. Hobe luke Snowden-ek sagu eta katuaren jolasean azkarra izatea.

Aurrekari hurbila du Bradley Manning soldadua, Wikileaks-era ehun milaka dokumentu filtratu zituena.  Bradley Manning-en aurkako epaiketa militarra hasi da: bizitza osoko kartzela zigorra gainera datorkio. Herritar askoren babesa du Manning-ek, baina ez dirudi nahikoa izango denik askatasuna berreskuratzeko.

Wikileaks aferarekin bezala, Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak (Bush-ekin duen antza nabarmen gelditzen ari da) filtrazioa salatu du: “%100eko segurtasuna nahi bada ezin da %100eko pribatutasuna izan (…) Ezin diegu terroristei egunkarien azaletan kontatu nola defenditzen garen”. Arrain handiek ez daukate zalantzarik, %99 horrek. Esan behar da halere, amerikar askok bidegabetzat jotzen dutena AEBko biztanleak espiatzea dela, baina begi onez ikusten dute haien gobernuak gainontzeko herrialdeak zelatatzea. AEBetan eskandalua hortik dator batez ere. Conor Friedersdorf kazetariaren, “All the Infrastructure a Tyrant Would Need, Courtesy of Bush and Obama” artikuluak hari horri heltzen dio:

Halere, amerikarrek uste dute bereziak direla. Zalantzan ari bazara, galdetu zure buruari bataz besteko amerikarrak zer pentsatuko lukeen Txinako gobernua balitz milioika txinatar errugaberen telefono deiak entzuten dituena.

“Komunista autoritario horiek”. 

Hedabideetan danetariko aburuak daude, segurtasun eta askatasunaren balantzan batera ala bestera. PRISM programaren kontrakoen (eta Snowden-en aldekoen) artean The Atlantic aldizkariko iritziak ari dira oihartzun handia izaten:

Activists Rally In New York In Support Of NSA Whistleblower Edward Snowden

Heroi ala traidore den erabakitzen ari dira AEBtan (mundu osoko anti-inperialistentzat argi dago espioitzaren berri izatea onura dela). The New Yorker publikazioaren bi kontrako artikulu interesgarriak dira bi posizioen argudioez jabetzeko:

Heroia da (John Cassidy): “Gobernuaren espioitzaren tamaina kolosala agerian utzi du, zerbitzu publiko itzela eginez. Nazio Segurtasuna mindu gabe argitara eman du publikoa behar lukeen informazioa (…) Terroristek aspalditik dakite hobe dutela Facebook-en edo mugikorrean haien planen berri ez eman (…) NSA gezurretan aritu da behin eta berriz amerikarren datuak jasotzen dituztenik ukatzen (…) Akaso Kongresuari gezurretan ibili diren horiek epaitu behar dituzte, ez Snowden.

Ez da heroia (Jeffrey Tobin): “Ez da heroia, ezta filtraziogilea, espetxean egon behar lukeen narzisista baizik. (…) Programa erabat legalak ziren, Snowden-ek bazekien bezala. (…) Dokumentu horiek filtratzea krimena da (…). Snowden Hong Kongera joan denez, Txinaren eskuetan eror daitezke dokumentu sekretu gehiago (…) Aukera zuen filtrazioen lege federalaz baliazteko, kexak Kongresura eramateko edo instituzioen barnetik eztabaidatzeko, baina Snowden-ek ez du horrelakorik egin.

New York Times egunkariaren gaurko editorialak (A Real Debate on Surveillance) erantzunak eskatu dizkio Obamaren gobernuari:

Amerikar normalen deiak eta mezuak ereduen bitartez sailkatzen al dira jende errugabea susmopean jarriz? Zergatik dei guztien datuak gordetzen dira, eta ez bakarrik aurrez terrorista izateko susmoa duteneneak soilik? Noiztik gordetzen dira datuak, eta erabili al daitezke poliziaren ikerketetan? Zergatik Edward Snowden bezalako langile pribatu batek sistema horretara sarbidea zuen? 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra