Etxeetako langileak eta greba feminista

Emakume batzuentzat bereziki zaila izango da greba egitea. Besteen etxeetan (beste pertsona batzuen, beste emakume batzuen etxeetan) lan egiten duten emakumeentzat, hain zuzen. Batez ere umeak zaintzen eta nagusiak atenditzen lan egiten dutenentzat, ataza horiek derrigorrez egin behar direlako egunero eta une oro, egun bateko garbiketa edo erosketak ez bezala. Bai orduka bai interno moduan aritzen direnentzat, bai kontratuarekin bai kontraturik gabe. Jakinda lana mantentzea zein puntutaraino dagoen lotuta langile hartu zaituzten pertsonek zurekin duten asebetetzearekin. Beste lan askotan bezala, baina batez ere lan honetan, non horren errez esan daitekeen: “Datorren astean ez etorri, ez zaitugu gehiago behar”. Sektore bat non emakume etorkinen kopurua horren handia den, gizartearen azkenaurreko tokian daudenak hain zuzen: latinoak batez ere, baina baita beste jatorri batzuetakoak ere.

Etxean emakumezko langile bat duten emakume batzuk ez dira feministak, ez dute grebarik egingo. Langile horiek, ze aukera dute benetan greba egin ahal izateko? Erronka hor dago eta denona da, baita egoera horretan ez daudenena ere. Zaintza-greba, lan-greba, kontsumo-greba… bultzatzen ari gara. Baina zaintza-lana eta lan ordaindua gauza bera denean, ze aukera dute langile askok greba egiteko? Batzuek egingo dute, argi dago, baina galderak hor dirau.

Etxean emakumezko langile bat duten emakume batzuek, berriz, greba egiteko asmoa dute. Nola bermatuko dute etxeko langileek grebarako duten eskubidea? Nola erraztuko diete? Nola jokatuko dute, greba hau ez izateko klase ertaineko –edo behintzat ez erabat prekarizatutako– emakume autoktono zurien pribilegioa batez ere?

Etxeko emakumezko langileen baldintzak ez dira soilik beste emakume horien erantzukizuna (etxe askotan gizonak ere bizi direlako eta horiek ere zaintza lan horren onurak jasotzen dituztelako, jakina denez), baina greba egunari begira, uste dut emakumeek zeresanik badutela gai horretan.

Nik esango nuke lana duten gizon batzuek halabeharrez egin beharko dutela greba. Zaintzan ez, baina lanpostuan bai. Edo jai eguna hartu. Edo dena delakoa. Haien etxeetan, haien gurasoen edota aitona-amonen etxeetan, haien iloben eta biloben etxeetan, haien emakumezko lagunen etxeetan…, umeak, nagusiak eta premia duten pertsonak zaindu ahal izateko, eta beraz, haien inguruko emakumeei greba egitea errazteko. Hori benetan izango litzateke “aliatua” izatea, orain esaten den bezala. Manifestaziora etortzea eta berdintasuna aldarrikatzea baino gehiago, zalantzarik gabe. Egun batean non emakumeek ezin dieten beste emakumeei (amari, lagun bati…) laguntza eskatu zaintza egiteko, haietako batzuek egiaztatuko dute aliatuak badituztela; beste batzuk,  berriz, konturatuko dira gutxi dituztela, edo bat ere ez.

Aliaturik gabeko emakume batek, etxean langile bat duenak, noren grebari emango dio lehentasuna, propioari ala bere etxean lan egiten duen emakumearenari?

Bada horixe, ea denon artean zer egin dezakegun greba hau ez izateko klase ertaineko –edo behintzat ez erabat prekarizatutako– emakume autoktono zurien pribilegioa, batez ere…

Etxeetako langileak eta greba feminista

Etxeetako langileak eta greba feminista Etxeetako langileak eta greba feminista Etxeetako langileak eta greba feminista

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Etxeetako langileak eta greba feminista”-ri buruz

  • Ikaragarri gustatu zait zure artikulua, edukia eta modua, dena. Nik ez dut egingo greba; etxean lan egiten duen emakumeak, ordea, bai, eta moldatuko gara. Nik ere kezka hori dut, ez ote den emakume pribilegiatuen greba. Nik, zorionez, aukera dut greba egiteko, oraingo honetan zein bestelakoetan, eta horregatik inork ez dit konturik hartuko. Nire inguruan, ordea, hori ez da normalena. Eta ez da etxeko langileen kontua bakarrik. Lantegietan, enpresa pribatu txikietan,… lan egiten duen emakumez eta gizonez inguratuta nago. Eta horiek argi diote: guk ez daukagu eskubide hori erabiltzerik, eta erabiliz gero, hurrengo kontratuan nagusiak egingo du planto , nagusi gizonezkoak, nagusi emakumeak, nagusi moderno guztiek…..
    Hori izan da arrazoietako bat greba ez egiteko, eta, bestea, gazte pijo askoren jarrera, nire etxekoak tarteko. Nola liteke bere barruko arropa korridorean botata uzten duen neska gazteak greba egin behar duela esatea? Aurpegia behar da gero! Horrek lehenengo etxean dituenak errespetatu behar ditu, etxeko-lanetan parte hartu, eta gero gerokoak. M8 egunero, etxean, lanean, lagunartean,….Horra greba ez egiteko beste arrazoi bat.
    Faltsukeria. Greba egingo dutela ozen esan, eta nomina osorik kobratuko dutenak. Grebak dirua galtzea dakar. Ez dago grisik horretan. Zuri ala beltz. Greba egiten baduzu, dirua galdu behar duzu, eta, beste denak itxurakeriak. Institutuetako irakasleak isilik. Gazteek bozketa egin eta hara! Miraria! Greba. Eta eurak isilik “greba”, baina nomina osorik. Aurpegia! Eta eredu eskasa. Greba egiten denean ondorio guztiekin egin behar da.
    Mirestekoa iruditzen zait greba antolatzeko egin den lan guztia, baina aurtengoan ez. Ea 2019an oinarri-oinarrian kale egiten duten “zer” horiek konpontzen diren. Orduan egingo dut, orduan bai.