Etxebizitza
Etxebizitza –
Egun hauetan etxebizitza berri bihurtu da gure egunkarietan. Badirudi, arazo hau konpontzeko asmoz, Madrilen lege berria aurkeztuko dutela. Egia esanda, proiektua ez dut irakurri ere egina, baina enpresak eta eskuineko politikariak ados daudenean, pentsa genezake herritar xumeentzat ez dituela onura gehiegi ekarriko. Dena den, etxebizitza hutsak alokairu justo batera ateratzen badituzte, agian neurria ez dago hain gaizki, hala ere, gogoratu beharra dago, Gasteizen behintzat, etxebizitza huts gehienen jabe eliza eta udala direla, hortaz, “hauenak” diren “propietateak” merkatura aterako dituzten galde genezake ere.
Eztabaidan dagoen beste kontu bat zergena da, nolako zergak ordaindu beharko dituzte Gasteizko udalak edo elizak? Eta, neurriz kanpoko prezioak ezartzen dituzten jabe “txikiak”? Eta zergak igotzekotan, prezioak jeitsiko direla uste da? Nik behintzat ez dut horrela ikusten, seguruena da, diru gehiena jabegoen poltsikoetan geratuko dela.
Bestetik, etxebizitzaren problematikari eusteko, gogoratu beharra daukat Urtaran alkateak beste 10 egun eman dizkiela Olarizuko bizilagunei etxebizitzak husteko. Egia da, negua pasa da, kalean bizitzeko sasoirik zailena seguruena (elurteak, euriteak…), baina hala ere, benetan espero du gure alkate jaunak pertsona hauek kale gorrian uztea aukera hoberena dela?
Olarizuko bizilagunak okupa sozialak dira, okupatzera behartuak ikusi diren pertsonak, kapitalismo kanibalaren biktimak hain zuzen ere. Urik gabe, argirik gabe, kalefakziorik gabe hau guztia alkate jaunari esker, eta orain, etxe “marabilloso” hauek hustera behartuak daude. Zeren truke? Zubi azpira joatearen truke?
Egoera honen aurrean, ze nolako irtenbidea bilatu du udaletxeak? Bat ere ez. Alternatibak bilatu ordez, udaletxeak beldurraren politika erabiltzen ari da, familiak mehatxatuz, desesperazioarekin jolastuz. Borroka hau nork irabaziko duen, ez dakigu, baina galtzaile ugari izango ditugu bidean.
Olarizuko bizilagunei ez dakit nola laguntu, haien alboan gaudela ez bada. Argi eta garbi esango dut, sistema honek eta hiri honek aurrera eramaten ari den etxebizitza politika lotsagarria da. Mezu honen bitartez, elkartasun guztia helarazi nahi diet bizilagunei, alboan izango gaituzue. Animo!
Etxe huts gehienak eliza eta udalarenak? Eta jabe partikular pribaturik ez dago Gasteizen? Hiri xelebrea honezkero….