Lanerako bidean

Lanerako bidean –

Lanerako bidean
Arg: Pixabay

Tipi-tapa, tipi-tapa.
Ohi baino ozenago aditu ditu bere urratsak lore formadun baldosa grisen gainean zapaltzerakoan. Ohi baino ozenago, Anselma de Salces karrika zeharkatzerakoan.

Tipi-tapa.
Eskuinera begiratu du. Afixa batzuek bere arreta deitu dute. Argazki batzuk eta izen bat:  Peter. Izen bat behin eta berriro idatzita.

Gogoratu du nola ez zion aurpegira gehiegi begiratzen; hor ez balego bezala igaro ohi zela bere aurretik, nahiz eta askotan haren soketatik zabaltzen ziren akorde ezagunek eguna alaitzen zioten. Edo, besterik gabe, egun osorako kanta ezagun bat iltzatzen zioten buruan.

Tipi-tapa.
Gaur ez da gitarra soinurik. Peter hil egin dela diote han eta hemen. Tira, Anselma de Salces karrikako gitarra jolea hil dela diote.

Behingoagatik bera dago guzien ahotan. Behingoagatik denek ikusi dute bere bisaia, denek aditu dute bere berri.

Agian horregatik jotzen zuen gitarra, norbaitek ikus zezan, norbaitek adituko zuelakoan. Edo agian musika jotzen zuen une batez karrika hartatik aldentzeko. Edo ez, agian musika maite zuelako jotzen zuen gitarra, besterik gabe.

Peterrek 23 urte zituen eta Bilboko karriketan bizi zen. Baina Iruñean ere bizi zitekeen.

Tipi-tapa, tipi-tapa
Lanerako bidea jarraitu du.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 26koa]

Lanerako bidean

BARDO GORRI NAFARRA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude