Etxean ikastea: zenbait gako eta galdera

Etxean ikastea: zen bait gako eta galdera –

Amalia Barquinek Kinka blogean idatzia.

Etxean ikastea: zenbait gako eta galdera

Hezkuntza autoritateek proposatu dute ikasmaila jakin batzuetako ikasleak gelara itzultzea eta bor-bor daude eskolatze horren egokitasunaren eta beharrezko baliabideen inguruko debateak.

Une honetan, baina, ikasleek bi hilabete daramatzate etxean, eta gehienek beste aste batzuk emango dituzte modu berean, ikasturtea bukatu arte. Esperientzia berri horrekin lotuta hainbat kezka eta gogoeta sortzen ari dira egunotan. Baina ez soilik pasatzen ari garen itxialdiari dagokionez, baizik eta etor daitezkeen beste batzuei begira ere, ez baitakigu datorren udazkenean covid-19a zein indarrarekin itzuliko den, ezta noiz bisitatuko gaituen beste pandemia batek. Eta horrek beste konfinamendu batera eraman gaitzake eta berriro eskolak ixtera.

Hamaika gai jarri ditzakegu mahai-gainean, baina honako honetan lau ekarriko ditut, burura etortzen zaizkidan galderak partekatzeko. Konfinamendu osteko gizarte motarekin zerikusia dute.

.

Etxea lantoki bihurtzea

Zerbait argi gelditzen ari bada egun hauetan zera da, etxean ikasteak arrakala soziala, lehendik bazegoena, areagotzen ari dela. Horren aurrean, ikastetxe batzuk –eta are udal batzuk ere– saiatu dira baliabide teknologikoak umeen eskura jartzen eta etxeetara eraman dituzte. Kasu batzuetan, baina, ez da nahikoa izan. Une honetan, lan telematikoaren ondorioz, etxeak lantoki bihurtu dira eta umeekin gauza bera egin nahi izan dugu. Familia batek pisu txiki bat partekatzen badu, kide asko badira, gela bakar batean bizi badira, txiro energetikoak badira, toki eta momentu lasaiak falta badira lan egiteko, etxeko nagusiek ezin badiote umeari lagundu lan saioa antolatzen, ezin badiete erantzun umearen premia bereziei edo espezifikoei… etxera eraman dioten tableta eta konektibitatea ez dira nahikoak izango. Beste modu batean esanda, etxe guztiak ezin dira lantoki/ikasgela bihurtu.

Agian ume horiek atera beharko dira etxetik, ikasdenborarako ikasleku bihurtu daitezkeen beste espazio batzuetara joan ahal izateko, beste ikasle batzuek etxean telelana egiten duten bitartean beraiek bai ahal dutelako. Baten batek esango luke ikasle batzuek aukera akademiko gutxi zituztela pandemiaren aurretik ere, haien desabantaila sozioekonomikoarengatik. Baina eskolaren espazio fisikoak, alde horretatik, eragin berdintzailea zeukan, oraingo egoeran gertatzen ez dena. Desabantailan dauden eta premia bereziak dituztenen presentzialitateak ez luke lehentasuna izan beharko? Larria zena oso larri bihurtzen ari da, eta ezin dugu besterik gabe onartu. Badakigu arazoa oinarrian dagoen bidegabekeria soziala dela, baina bitartean eguneroko egoerei erantzuna bilatu behar zaie.

.

Eskolen arteko arrakala

Konfinamenduaren lehenengo egunetan ahots batzuek (Tonuccirenak nabarmenen, agian) proposatu zuten umeen denbora eskolako lanez ez betetzeko, aukera aprobetxatzeko bestelako ikaskuntzak bultzatzeko. Etxealdia luzatu ahala, baina, ikastetxe ugarik hezkuntza curriculumari heldu zioten gogotsu; ezin zen denbora gehiago “galdu” (kontziente izanda ere eskola telematikoaren bidez ezin dela lortu eskola presentzialaren bidez lortzen zen guztia). Eta komunikabideetako erreportajeetan joan gara eskolen arteko arrakala gero eta argiago ikusten: ikastetxe batzuk agertzen ziren harro ikasturteko edukiak online aurrera eraman ahal izan dutelako (beti ere irakasleen ahalegina aitortuz); beste batzuek, berriz, adierazten zuten, ikasle askoren profil sozioekonomikoa zela eta, haien helburua zela nagusiki harremana mantentzea eta ikasleak emozionalki sustengatzea. Mezu horren ondorioak izugarriak dira.

Segregazio soziala bazen gure hezkuntza sistemaren arazo potolo bat, eta eskola askotan heterogeneotasun sozial handiagoa bultzatzea bazen sistemaren erronka handia, baina, aurrekoa ikusita, ez da helburu hori zailtzen ari? Zein eskola aukeratuko lukete klase ertaineko familiek haien umeentzat, baita aniztasuna estimatzen duten familia askok ere, ikusten ari direnaren ondorioz? Eta orduan zein da eskola sozialki konprometituenen etorkizuna? Hemen ere errefortzu positiboa da beharrezkoa, gizartearentzat horren baliotsuak –eta aldi berean horren estigmatizatuta dauden–  ikastetxe konprometitu horien alde, gehienak publikoak. Errefortzu hori lehen ere garrantzitsua zen eta faltan botatzen genuen; orain, are gehiago. Hezkuntza administrazioari zegokion eta dagokio areagotzen ari den segregazioaren arazoan eta bere ondorioetan eskuhartzea. Urgentea da beste hezkuntza eragileekin batera neurriak erabakitzea.

.

Tutoretzaren rola egun hauetan

Ikastetxeek eta irakasleek egin duten ahaleginak aurrera jarraitzeko errekonozimendu guztia merezi du. Ahalegin horretan, zein leku eman zaio tutoretza denborari? Eskolako curriculumaren ikasgaiak bihurtuko ziren lehentasun nagusia edo bakarra eta tutoretzarekin lotutako dimentsioak desagertuko ziren? Nahikoa izango da klase telematikoaren hasieran “zer moduz zaudete” galdetzea, eta ikasle batzuek “ondo” azkar bat erantzutea? Bai, badakigu zeintzuk diren teknologiaren mugak; teleklase batean parte hartu duenak badaki pantailak ez duela errazten gelakideen arteko komunikazio jariakorra, adibidez; eta gorputzaren adierazkortasuna galtzen dela. Ikasle batzuek ez dute ezta kamera konektatzen.

Eta, hala ere, tutoreek moduak eta dinamikak bilatu ahal dituzte hilabete hauetan gertatzen ari zaiguna ikasleei hein batean elaboratzen laguntzeko, norberaren esperientziak, emozioak eta kezkak partekatzeko, gizartean dauden gogoetei eta debateei heltzeko, eskolaren funtzioaz hausnartzeko… Zalantzarik ez daukat esperientzia desberdinak daudela, baita materien barruan ere. Kontua da itxialdiaren aurretik ere tutoretzaren izaera bazela erronka edukatibo bat, batez ere bigarren hezkuntzan: zein arreta ematen zaion (ematen zaionean, irakaslearen arabera baita batzuetan), zertarako erabiltzen den, ze kultura dagoen ikastetxean funtzio horrekiko, zer egiten ari den benetan tutoretza denboran… Hurbilpen azkar bat egiteko, gure inguruko gazteei galdetzea baino ez dago; denetik kontatuko digute. Eta oraindik galdera bat: egun batzuk barru ikasle batzuk ikastetxera itzultzekotan, bizi garen garaia tratatzeko aukera izango dute, edo, gelditzen den denbora urriari etekina ateratzeko asmoz, eduki disziplinarrek soilik jasoko dute arreta?

.

Pantailen erabilera

Tresna digitalek egin dute posible, hein batean, aurrera jarraitzea; haien rola sendotzen ari da. Tresna horien izaerari, baina, erreparatu behar diogu: internetera sarbidea duten pantailak dira (ordenagailua, smartphonea, tableta…), eta horrek ondorioak dauzka. Konfinamenduaren aurretik kezka gero eta handiago bat detektatzen ari zen familien artean: umeen eta gazteen adikzioa pantailekiko, alegia, pantailek ume batzuen denbora ia guztia irenstearen ondorio kognitiboak, fisikoak eta afektibo-sozialak, epe laburrean zein luzean. Baina pantaila internetdunak ikasketetako tresna bihurtzen direnean, eskolan eta etxean, askoz zailago gertatzen da erabilera mugatzea etxean, jakinda ere ikasleek inbertitzen duten denboraren parte esanguratsu bat egon daitekeela lotuta interneten dauden hainbat eduki ez-eskolarrekin, haien adinerako ez direnak eta adiktiboak izateko diseinatuta daudenak. Julio Cortázar parafraseatuz, hezkuntza sistemak umeari entregatzen dio ordenagailua, ala umea ordenagailuari oparitzen dio? Eskolako ordenagailuen ezarpenaren programan ebaluatzen ari da umeen bizitzan dauzkaten ondorioak eta hausnartzen ari da ondorio horien aurrean nola jokatu eskolan eta etxean?

Bestalde, pantailen erabileraren ifrentzuaz ez da nahiko hitz egiten eskolan eta gizartean. Ikastetxeetan ikasleen eskura jartzen diren ordenagailuak ari dira gure seme-alabak makroenpresa teknologikoen mende uzten. Googlek gehiago daki haietaz beste inork baino, eta datu horien erabilera eta salerosketa, dakigunez, merkatuak erabakitzen du, ez umeek edo familiek. Baina alternatibak egon daitezke eta urratu ahal dira. Ikusita, itxialdiaren ondorioz, eskolako ordenagailuen erabilera hedatuko dela, benetan hezkuntza komunitateak ez du ezer hausnartu eta erabaki behar? Garai egokia izan daiteke, bestalde, Javier Echeverria filosofoak proposatzen duen ekimenari ganoraz heltzeko: erakunde publikoek “euskal hodei digitala” sortzea eta kudeatzea.

Aspaldiko erronkak dira guztiak, baina orain handiagoak eta urgenteagoak.

Etxean ikastea: zenbait gako eta galdera

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.