Etxean egina, bai fina!
“Ene! Aitaren urtebetetzea bihar da eta! Tori, 20 euro, jaitsi Eroskira eta erosi pastela, txokolatezkoa”. Amonak hura entzun izan balu, eskuak burura eraman eta madarikatzen hasiko zatekeen. “Erosi?! Pastela erosi?! Nola liteke! Pastelak etxean egiten dira, gozotegietan kaka baino gehiago ez dute saltzen eta!”
Denbora faltak, ezjakintasunak edota alferkeria hutsak jota, diru-zorroan bilatzen ditugu eguneroko gorabehera xumeen konponbidea, pixkanaka-pixkanaka eta konturatu gabe besterentzen gaituzten xehetasun txikiak. Gauzak geure kabuz egiteko ahalmena galduz joan gara, konponbideak besteen esku utzi ditugu diru truke (eta batzuetan, kalitatearen truke ere) eta sormena eta gatazkak ebazteko ahalmena hiltzen joan gara. Makinen eta besteen mende bizi gara.
Denbora falta, horixe da XXI. mendeko gaitza. Lanetik atera eta etxera bueltatzean, nahiago izaten dugu telebista aurrean egon edota burua eta gorputza gehiegi nekatzen ez dituzten gauzak egin. Merezi dugu eta.
Baina erabilgarri sentitzea ere merezi dugu, erronka txikiak hartu: urtebetetze tarta prestatu, hau edo bestea geure baliabideekin nola konpondu pentsatu, janaria prestatu, galtza-barrenak hartu, erabiltzen ez ditugun gauzei bizi berri bat eman zakarretara bota ordez, autoa auzoko iturrian garbitu… Neketsua bada ere, lanak pertsona egiten gaitu, duintasuna ematen digu. Geuk geuretzako egindako lanak sortzen duen poza ikaragarrizko estimulu positiboa da, oso ondo sentiarazten gaitu. Dena diru truke lortzen badugu, non da saria?
Hona hemen gustura eta pozik sentiarazi nauten hiru ekintza txiki:
Telefono mugikorrarentzako zorroa
Telefono mugikorrarentzako zorro berria behar nuen. Aurrekoa, anaiak oparitutakoa, desagertu egin zen, magia. Auskalo non arraio galdu ala utzi ote nuen. Hamar egun ondoren, amore eman eta beste bat eskuratzea erabaki nuen. Baina ez nengoen halako gauza sinple batengatik dirutza ordaintzeko prest. Gainera hain objektu xumea izanik, neure eskuekin egiteko erronka hartzea erabaki nuen; neure gustura, neure neurrira eta neure beharretara guztiz egokitua. Zorro perfektua, alegia.
Beroki zahar baten forrua, janzteari utzi diodan soineko itsusi baten pusketa, zinta zati bat (kamisetak esekigailuetan zintzilikatzeko dituzten zinta horiek, molestatu besterik egiten ez dutenak) eta botoi bat. Orratzak, jostorratza, haria -josteko makina ere-, eskuaira eta kartaboia. Pazientzia, buru garbia (batez ere horrelako gauzak egitera ohituta ez bazaude) eta 70 minutu. Bigarrena egiteko seguru denbora erdia beharko duzula.
Galtzak moztu
Garesti samar ordaindutako galtzak nituen armairuan aparkatuta, apenas janzten nituen, ez bainituen oso gustuko. Maniak. Eta horrek amorratu egiten ninduen. Ze kristogatik erosiko ote nituen? Baina hor zeuden, hautsa hartzen, toki prezuatua betetzen. Zakarretara bota? Inola ere ez! Zer egin aprobetxatzeko?
Neure gustuko bihurtu. Udarako galtza-motz pare baten faltan negoen, beraz…. Hartu goraizeak eta sast! Azpiak tolestu, txukundu, josteko makina pasa, plantxatu eta horra hor galtza berriak! Hankak ez dira luzera berekoak, ezta berdin-berdinak ere (simetria madarikatu hori…) baina tira, behin soinean, ez da nabari. Praktika falta, baina harro nago.
Bizkotxoa
Lanean, norbaiten urtebetetzea denean, gosaria eraman ohi du: tarta, pastelak, kafea edo dena delakoa. Aurreko egunean gozotegian eskatuta utzi eta goizean goiz jaso lanerako bidean. Zertarako erosi, etxean kalitatezko gauza gozo, osasuntsu eta merkeak egin baditzakegu? 45 minutu, zeure bizitzako 45 minutu baino gehiago ez dituzu beharko bizkotxo bikain bat egiteko. Erositako edozein tarta baina hamaika aldiz hobea eta “beroagoa”. Hortxe errezeta:
Osagaiak:
- Jogurt 1. Potoa neurri bezala erabiliko dugu.
- 3 neurri irin
- 2 neurri azukre
- 3 arrautza
- Poto erdi oliba olio
- Legami zorro bat
- Sormena
Katilu batean osagai guztiak ipini, arrautza zuringoak izan ezik. Zuringoak beste katilu batean jarriko ditugu eta elur-punturaino irabiatuko ditugu. Gero, beste osagai guztiak dauden katilura isuri eta guztia sardexka baten laguntzaz nahastu masa homgeneoa lortu arte. Molde bat olioz koipeztatu eta nahasketa isuri. Labean sartu eta 15 minutuz uzten dugu 170º-tara; ondoren 160º-tara jaitsi eta 15 minutu gehiagoz uzten dugu. Eta listo! Zeure gustura apaintzea beterik ez zaizu faltako.
Oharra: 5 minuturo kontrolatu egiten dugu, labe bakoitza desberdina da eta.