Sare sozialak barneratu, eta ez kanporatu

Sare sozialak barneratu, eta ez kanporatu –

EITB.com-en ikusi dudan albiste batek arreta deitu dit gaur. Socialitas, Community Manager zerbitzuak saltzen dituen enpresa berria. Hasteko ez dakit benetako albiste bat den edo enpresari egindako iragarki merkea, horrelako enpresa asko daudelako dagoeneko. Baina zalantza hau ez da idatzi honen helburua. Nire ustez, oso arriskutsua eta eragin gutxiko ekimena da enpresa baten komunitate digitala beste enpresa baten esku uztea.

Sare sozialak barneratu, eta ez kanporatuEz dakit Socialitas-ek nola aurreikusten duen zerbitzu hori, eta horrenbestez baliteke oker izatea, baina nik argi daukat sare sozialak komunikazio bide bat direla, telefonoa, posta elektronikoa eta bilerak bezala funtsean, alegia, mezuak zabaltzeko eta jasotzeko tresna. Baten batek aurreikusi izan du behin bere emailak, telefono deiak eta bilerak enpresakoa ez den beste norbaiten esku uztea ? Ez, zerbitzu on bat eman nahi badu ez behintzat.

Sare sozialen kudeaketa kanporatzean, enpresak bitartekariak areagotu besterik ez ditu egingo. Gainera enpresari buruz informazio gutxiago duen bozeramaile baten esku utziko ditu bezeroak edo jarraitzaileak. Kasu hoberenean galdera / kritika eta erantzunen arteko epeak baizik ez dira handituko. Kasu txarrenean, berriz, bezeroak edo jarraitzaileak ez du erantzunik jasoko edo erdipurdiko erantzun bat, besterik gabe haren parekoak ez duelako enpresako batek izango duen ezagutza. Sare sozialetan hurbiltasuna sendotzea bilatzen bada, sistema horrek ez du funtzionatuko, nire ustez.

Kanpaina zehatz batzuetarako agian balio du. Helburua zerbait zabaltzea bada, eta denboran mugatua bada, alegia, sare sozialak ez badira komunikazio bide bat bezala ikusten, baizik eta gauzak hedatzeko bide bezala. Baina hori sare sozialek izan dezaketen gaitasunaren %10 baizik baliatzea da, eta epe motzekoa denboran, jarraitzaileek entzunak izan nahi dutelako.

Ez dakit… Nire zalantzak dauzkat post hori idaztean oraindik, baina uste dut enpresa batek sare sozialei eta orohar web 2.0 delakoari benetako etekinak atera nahi badizkio, enpresako batek hartu behar duela ardura hori, edo bestela, enpresan bertan arituko den Community Manager bat kontratatu. Biek ala biek ikasi beharko dute hasieran, lehenak sare sozialekin eta web 2.0arekin egokitzen, eta besteak, enpresa ezagutzen. Baina epe ertainera begira, hiru lau hilabetera, nire ustez, emaitza askoz hobeagoa izango da zerbitzu hori beste norbaiti uztea baino. Egia da Socialitas-ek bere burua aurkezten duela enpresa txikientzako zerbitzu emaile bezala, alegia, baliabide gutxi dituzten enpresentzako, baina « sare sozialetan gaude » soilik errateko baldin bada, merezi al du diru hori gastatzea ?

Gai honekin lotuta, asko gustatu zitzaidan Unai Artetxek bere blogean argitaratu zuen honako idatzi hau: Marcas sociales que desaprovechan a sus usuarios. Sare sozialek merezi duten garrantzia ez ematearen arriskuaz ari da.

Sare sozialak barneratu, eta ez kanporatu

GAUZA AGERIA