Etorkizuna irudikatu dute euskal gazteek “The Future Game. Bihar zer?” ekimenean
Etorkizuna irudikatu dute euskal gazteek “The Future Game. Bihar zer?” ekimenean –
‘The Future Game. Bihar zer?’ inkestan 18 eta 35 urte bitarteko 800 gaztek parte hartu dute, etorkizunari buruz duten ikuspegia partekatuz.
Ekimenak, gainera, esperientzia gamifikatu bat sartu du, eta 100 gaztek parte hartu dute inpaktu-proiektuak garatzen eta konponbideak irudikatzeko eta prototipoak garatzeko datozen joerak irakurtzen.
Inkestaren zein esperientzia gamifikatuaren bidez, 2050ean Euskal Herria nolakoa izango den irudikatu dute.
‘The Future Game. Bihar zer?’ ekimena sustatu dute DOT kooperatibak, BADALABek, EITBk eta BBK Kuna: Garapen Jasangarriaren Helburuen etxeak. Ekimena komunitate digital bihurtu da, non Euskal Herri osoko 13.000 gazte inguruk parte hartu duten beren iritzia emanez, lurraldean inoiz ez bezalako parte-hartze esperientzia izanik.
“Nola espero duzu Euskal Herria izatea 2050ean?” da The Future Game. Bihar zer? ekimenaren premisa. The Future Game proiektuaren barruan jarri zen proposamena martxan joan den urrian, eta 18 eta 35 urte bitarteko 800 euskal gazteri inkesta egin zitzaien, espero dugun etorkizuna nolakoa izango den jakiteko. Inkesta horretaz gain, ekimenak esperientzia gamifikatu bat ere jarri du abian, 2050 Esperientzia izenekoa. Ehun gazte inguruk inpaktu-proiektuak egin dituzte, eta irtenbideak irudikatzeko eta prototipoak garatzeko datozen joerak irakurtzen ikasi dute.
Inkesta honen emaitzak eta on line esperientzia gamifikatuaren ondorioak gaur goizean aurkeztu dira BBK aretoan.
‘The Future Game. Bihar zer?’ ekimena sustatu dute DOT kooperatibak, BADALABek, EITBk eta BBK Kuna: Garapen Jasangarriaren Helburuen etxeak. Lankidetza-prozesu bat izan da, gazteen aktibazioan oinarritua. Hala, gizarte gisa ditugun erronkak elkarlanean eta ikuspegi partekatuan lantzeko konpromisoa hartu du.
Sustatzaile guztiek positiboki baloratu dute ekimenaren irismena. Izan ere, komunitate digital bihurtu da, eta Euskal Herri osoko 13.000 gazte inguruk parte hartu dute beren iritzia emanez. Horrela, inoiz ez bezalako kopuruak lortu dituzte lurraldeko gazteen parte-hartzean.
Ekimenaren barruan etorkizuna irudikatzeko inkesta bat egin zaie 18 eta 35 urte bitarteko EAEko 800 gazteri. Inkesta horren ondorioak azaldu dituzte gaurko ekitaldian:
- Klima-aldaketak markatzen ditu hemendik 2050era biziko liratekeen eraldaketei buruzko itxaropenak: euskal gazteen erdiek baino gehiagok uste dute desagertu ahal izango liratekeela plastikoak supermerkatuetatik, eta %46k uste du beranduegi izan daitekeela itsasoaren mailaren igoerari aurrea hartzeko; hala balitz, kostaldeko hiriak desagertu ahal izango lirateke.
- Belaunaldi barruko konfiantza handia dago, eta horrek pentsarazten digu belaunaldi horrek boterea lortzen duenean errazago zainduko dela planeta, eta klima-aldaketa moteltzeko beharrezko neurriak hartzea egingarriagoa izango dela.
- Belaunaldi barruko konfiantza handia kuadrillaren pertzepzioan errotuta dago, eta argi dute etorkizunean eta lurraldean kuadrillak elementu garrantzitsu izaten jarraituko duela; %86ak irudikatzen du bere burua, 2050ean, Euskal Herrian bizitzen.
- Beren mugak argi dituzte. Erdiek baino gehiagok esan dute armak eta eskuin muturreko alderdi politikoak debekatuko lituzketela; eta %40k baino gehiagok apustu-etxeak, tabakoa eta prostituzioa eragotziko lituzke.
- Etorkizuneko hiriak parke eta ingurune natural gehiagorekin eta aniztasun handiagoarekin irudikatzen dituzte, kale-kontrol eta zaintza gutxiagorekin.
- Baikorrak dira lan-etorkizunarekin –bereziki 18-24 urteko gazteak–; bestalde, erdiek bakarrik espero dute etorkizunean seme-alabak izatea.
- Konfiantza dute beren belaunaldian, eta uste dute 2050ean gobernatuz gero aurrera egingo litzatekeela gizarte-gaietan –ingurumenaren zainketan (% 63,4), genero-ezberdintasunean (% 63,1) edo LGTBI kolektiboen babesean (% 53,6), esaterako– eta arazo ekonomikoetan –gazteen egoera ekonomikoa hobetzen (% 57,2), adibidez–. Aldiz, heren batek bakarrik uste du belaunaldi horrek euskara babestuko duela gobernatzen dutenean.
- Borrokarako prest dagoen gazteria da, eta bizi-kalitatea da iraultza egiteko arrazoi nagusia. % 60k baino gehiagok adierazi du merezi duela protesta egitea etxebizitza eta enplegu duina eskuratzeko zailtasunei erantzuteko, argiaren prezioagatik eta —ingurumen-balioekin bat— klima aldaketagatik.
- Ez dute sentitzen adimen artifiziala demokraziarentzat arriskutsua denik. % 39k uste du robotizazioak bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duela, baina ez dute espero irakasleak plataforma teknologikoekin ordezka daitezkeenik, eta ez dute begi onez ikusten laneko nagusia robot bat izateko aukera (%13,2).
.
‘2050 Esperientzia’: etorkizuneko kuadrilla
Ekimenaren barruan 2050 Esperientzia sortu zen gazteen erronken inguruan gehiago sakontzeko. Iraunkortasunarekin sentsibilizatuagoa dagoen eta anitzagoa den kuadrilla irudikatzen saiatu dira 15 eta 30 urte bitarteko 100 gazte. 30 eguneko lan prozesu parte-hartzailea, anitza eta ludikoa egin dute gazte horiek, eta guztien artean marraztu dituzte 2050 urteko agertokiak:
- Zaintzen ministerio bat irudikatzen dute, osasun mentala eta zaintza komunitarioak bermatuko dituena.
- Politika birsortzaileak, aldaketa klimatikoaren ondorioak ekidin ez ezik kalteak erreparatuko dituzten legeak.
- Erabiltzen ez diren eraikin publikoen berrikusketa herritarren beharretara egokitzeko.
- Aisialdi fisiko eta birtuala aldi berean.
- Elkarrizketa eleaniztunak bermatuko dituen tekonologia.
- Migrazioen museoa, gizartearen dibertsitatearen erakusgarri.
.
Eta orain, zer? Hurrengo pausoak
Gazteek etorkizuna nola irudikatzen duten badakigu. Orain, 2050era begira, irudikapenak errealitate bihurtzeko mekanismoak martxan jartzeko ordua da:
- Etorkizun hobe bat lortzeko, aldatu beharreko ohiturak bertatik bertara bizi nahi dituzten gazteentzako esperientziak.
- Plataforma digital ireki eta gamifikatua, garrantzitsua zaiguna aztertzen jarraitzeko eta kezkatzen gaituena partekatzeko leku seguruekin.
- Bizitzeko modu berriak imajinatzen jarraitzen laguntzen diguten ekitaldiak, hitzaldiak eta eduki inspiratzaileak.
.
‘The Future Game, bihar zer? Bihar gu’ dokumentala
Hilabete hauetan zehar The Future Game. Bihar zer?-eko parte-hartzaileek egindako prozesu osoa Hiru Damatxok egindako 14 minutuko dokumental batean jaso da. Online ikus daiteke, HEMEN:
Etorkizuna irudikatu dute euskal gazteek “The Future Game. Bihar zer?” ekimenean