Etorkizuna

EtorkizunaEtorkizuna … Etorkizunaz galdetzen didate behin eta berriz Liverpooletik itzuli nintzenetik. “Eta orain zer egingo duzu?”. Ezinegona sortzen dit galdera horrek. Eta amorrua.

Bizimodu erosora ohitu garela esaten digute, ez dugula sekula jakin zer den gose izatea, dena eginda eman digutela. Agian hala izango da, baina ez dugula ezer egiten esatea ez dut onartuko. Orduak pasatu ditugu liburu artean, tituluak lortzeko. Graduatua,  batxilergoa, selektibitatea, karrera, EGA, First…  Tituluak, dakiguna frogatzeko. Milaka ate irekiko omen dizkiguten tituluak. Baina zenbat egun eguzkitsu galdu ditugu liburutegiko lau hormen artean? Zenbat gauza berri ikasteko aukera galdu dugu estudiatu behar genuelako? Baina horrek guztiak ez du axolarik, tituluak baititugu gure etxeko kaxoian hautsa hartzen.

Ni duela urtebete lizentziatu nintzen eta onartu behar dut zorte handia izan dudala, lehen urtea lasai pasatu baitut. Sei hilabeterako kontratua Liverpoolen euskara klaseak ematen. Ezin kexatu. Izan ere, bertan  gazte asko ezagutu ditut: euskaldunak lan bila, espainolak lan bila, italiarrak lan bila, greziarrak lan bila. Desesperatuta. Askok orduak sartu dituzte tabernetan, lau sosa irabazteko; beste askok etxez etxe klaseak eman dituzte, irabazitakoaren zati handi bat bidaietan gastatuz; beste batzuk kalean txanoa jarri eta gitarrarekin kantuan aritu izan dira (noizbait taberna batean kantuan egiten utziko zietelako esperantzan). Eta horietariko askok nik ditudan tituluen antzekoak dituzte, ez dira niniak, ez dira alferrak, ametsak dituzten gazteak baizik. Baina “egoerak” amets horiek alde batera aparkatzera kondenatu dituenak. “Egoera” deitzen dioten horrek bultzatu gaitu biziraupenera, baina inork ez digu azaltzen zelan heldu garen “egoera” horretara.

Liverpoolen ezagututako gazte horietako askok zortea izan zuten. Orain lana dute. Hilabete batzuetako kontratua tabernan, edo eskola batean espainola irakasten dute hilabeteko soldata xume baten truke, edo astean behin taberna batean jotzeko aukera eman zaie. Beste asko, ordea, buztana hanka artean itzuli dira gurasoen etxera, dirua (zituzten aurrezkiak) bukatu zaielako. Eta behin eta berriz entzun behar izango dute “Eta orain zer?”, eurek ere galdera hori buruan bueltaka izango ez balute bezala.

Horregatik haserretzen naiz hainbeste etorkizunaz galdetzen didatenean. Edo Esperanza Agirre anderea entzuten dudanean telebistan esanez atzerrira joaten diren gazteez harro dagoela. Kopeta behar da, ordea, halakorik esateko.

Ni harro egongo nintzateke ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango bagenu, dirurik ez dagoela esateari utzi eta non dagoen onartuko balute, erabakiak pertsonei begira hartuko balituzte. Harro egongo nintzateke etorkizun batekin amesteko aukera utziko baligute.

Etorkizuna

2 pentsamendu “Etorkizuna”-ri buruz

  • Asko gustatu zait, Garazi. Badakit gauza bat jarraituko duzula egiten etorkizunean, IDAZTEAI!! Big bear hugs!

  • …eta hala da. Batzutan, babestu nahiean dabiltzan ondokoen kezka hutsak dira etorkizunari buruz, etengabe, galdetzera bideratzen gaituztenak. Garai batean, zailtasunak zailtasun, biziraupenerako pauso denak finkatugoak ziruditela esango nuke: ikasi, lan egin, pisua bilatu, ezkondu, etxea erosi, hipoteka, semeak izan… Norbanakoaren betebeharren, ahalmen eta gurarien arabera, noski.
    Aitzitik, badirudi azken hamarkadetan, gure biziraupenerako pausoen zerrenda osatzen duten osagaiak nahastu egin zaizkigula, nonbait.

    Gerezik aipatu bezala, mailaketa bateko titulurik gorenena izateak ez gaitu ezertarako ere gaitzen, eta, okerrena da, paper arteko joan etorri horretan, benetan zoriontsu egiten gaituzten gauza txiki, baina handi, horiek ahaztu egiten ditugula.
    Egia esan, ni hurrengo eguna planifikatua izatea gustoko duen hizaki (bitxi?) horietako bat naiz, baina aspaldi ikasten nabil ez dagoela ezertara lotzen gaituen benetako haririk, biharra, orduz-ordu lotua izan arren, oso bestelakoa izan daitekeela hurrengo segundotik aurrera, eta utzi behar diogula ustekabeari gurera sartzen, eta geratzen.

    Horregatik, maite ditut egun, lainotsutetan ere, hezkuntza herbestean daudenen zein herrian geratzen direnen kalera irtetzeko indarrak, ameslariak, kaleko musikariak, idazleak (idazlea zer den eztabaida beste baterako eta batentzako utziz), entzuleak, agiriekin edo horiek gabe ikasi nahi dutenak…

    Azken finean, maite dut biharko eguna, bertara zelan helduko naizen ez dakidan arren. Azken orduan, utziko diot ustekabeari sartzen.