‘Iglu bat basamortuan’

logoaHorrelaxe sentitu dira orain arte Aiete auzoko gazteak. Lauroba taldearen azken diskoko izenburua egokiena da horien egoera gaur arte nolakoa izan den azaltzeko. Arraro, deseroso, lekuz kanpo. Donostiako auzorik ñoñostiarrenean apenas zegoen tarterik herri ekimenetarako, parte hartzerako eta festarako. Azken hamarkadetan auzo isila, eta zergatik ez esan, baztertua izan da. Hori aldatzeko helburuarekin, orain urtebete, Aieteko Gazte Asanblada sortu zuten hainbat gaztek. Estereotipoaren tenplua aldatzea zuten helburu, eta bide batez, Aieten bizitzeak sor ditzakeen aurreiritziekin amaitzea. Urteurrena ospatzeko, bertso-afaria antolatu dute gaur, Agin Rezola eta Alaia Martin bertsolariekin.

Ez da lan makala PP beti nagusi izan den auzo batean herri ekimenak egitea. Euskaltzale eta abertzaleak aurkitzea kosta egiten da, eta ondorioz, ekitaldi horietan parte hartze maila altua lortzea benetako erronka da. Are gehiago antolatzaileak hasiberriak direnean. Gainera, euskararen eta abertzaleen aurkako erasoak gertutik ezagutu izan ditugu auzoan. Viva España edo Otegui muerete bezalako pintadak behin baino gehiagotan ezabatu behar izan dituzte. Hala ere, gazteak egoera hori aldatzen ari dira, auzora haize bolada berria ekarri dute. Hamabi hilabete luze hauetan denetarik antolatu  dute: pala eta areto futbol txapelketak, Munto baserriari omenaldia, Santa Ageda eguneko kantaldiak… Muntoko baserria zenak (XVI. mendekoa) antolakuntzarako gogoak areagotu ditu, joan den urtarrilean agur esan ondoren. Horregatik, omenaldirik ederrena, Aiete berpiztuko duen ekitaldiak antolatzen jarraitzea da.

Aiete ez da Francoren jauregi ospetsua, edota horren inguruan dagoen parke liraina bakarrik (bai, argazkietarako oso polita izan daiteke). Ez da Donostiako erdigunera joateko ‘de paso’ geratzen den auzoa. Aieten ohiturak aldatzeko lagunduko duen zerbait sortu dute, ilusioaren bidetik abiatuta. ‘Iglurik gabeko basamortu bat sortu nahi dugu’ esaldia ikus daiteke bide horren amaieran.

Iruintxo

TALAIATIK