ETBko oposaketa gainditu arren, plaza barik geratu ziren 57 langileri finkotasuna aitortzea lortu du LABek
ETBko oposaketa gainditu arren, plaza barik geratu ziren 57 langileri finkotasuna aitortzea lortu du LABek –
Joan den ostiralean -otsailak 11- LABek ETBko zentro arteko batzordean bere kategoriako azken oposaketa gainditu zuten eta plaza gabe geratu ziren 57 langileei behin betiko finkotasuna onartzeko akordioa sinatu zuen.
57 langile horiek 12 urte luzez iruzur eta injustizia baten biktima izan dira, enpresak behar baino plaza gutxiago atera zituelako geratu baitziren lanpostu finkorik gabe. LABek urteak daramatza egoera honi aurre egiten ekintza sindikala eta bide judiziala erabiliz, eta orain akordio historiko bat sinatzea lortu dugu.
Hain zuzen ere, justuak eta ez-diskriminatzaileak diren irizpidetan oinarritu ditugu akordio honen aurrekari izan diren LABen 25 salaketak. Gurekin salatu duten langileek argi izan dute hasieratik, beren eskubideen defentsan arituko ginela, baina, aldi berean, deialdi publikoetako lan-poltsetan euren aurretik geratu ziren hautagaien eskubideak bermatuko genituela. Eta hala egin dugu. Gure eskerrik beroenak prozesu judizial honetan salaketa LABen eskutik jarri duzuen langile guztiei, erakutsitako pazientzia, enpatia eta ausardiagatik.
Denbora tarte honetan, borroka judiziala eta ekintza sindikala uztartu ditugu, baina, aldi berean, akordio justu bat lortzeko lanean temati aritu gara. Ez dugu etsi eta eremu guztiak jorratu ditugu etengabeki. Azken unean zuzendaritzak zein ELA sindikatuaren goi-estrukturak ulertu dute negoziazio mahai batean akordioa lortzea beharrezkoa zela, baina momentu hau heldu arteko prozesu luze honetan bata zein bestea gugandik urrun izan dira
.
ZEINTZUK DIRA AKORDIOAREN GAKO NAGUSIAK?
Plazak galtzea ekiditeko ETBko lan-hitzarmenean jasota dagoen artikulu batean oinarritzen da akordioa. Enpresa 2008tik ari da artikulu hori urratzen. ETBko langile-batzordeak epaitegira eraman zuen gaia eta 2013an auzia irabazi genuen. Hala ere, enpresak plazak bete gabe jarraitu du.
Laburbilduz, akordioaren funtsa hauxe da:
- Beren kategorian azken oposaketa deialdia gainditu zuten, baina plaza gabe geratu ziren langileen lan-poltsa bat existitu behar da. Soilik gainditu zutenak hartzen dira kontutan.
- Hautagai horien kategorietan beharrizan aitortuak egon behar dira.
- Bi irizpide hauek betetzen direnean, azken oposaketa deialditik eratorritako lan-poltsaren zerrendatik tiratzen da. Lehenengo postutik aitortutako lanpostu beharrizanera heldu arte.
- Hurrenkera hau ez da diskriminatzailea. Berdin dio LABeko afiliatua izan, ELAkoa, independentea, ETBtik kanpo lanean egon, zein kontratu bakar bat izan azken urteotan… Hemen oposaketatik ateratako lan-poltsako ordena soilik hartzen da kontuan.
Edonola ere, eta akordioa historikoa izan arren, ETBko kategoria ezberdinetan dauden plazak betetzeko beharrizana ez da erabat konponduko neurri honekin. Gaurko ituna irtenbide global baterako funtsezko urratsa da, eraginkorra, koherentea eta justua, baina ez da nahikoa.
Bide luzea dugu aurretik, baina LABek azken urteotan bezala jarraituko du aurrerantzean ere: ekintza sindikalaren bitartez, ahal denean negoziazioaren eta akordioaren bidez, eta, bestela, epaitegietara joz, behin-behinekotasunaren kontra borrokatzen segituko dugu, ETBn, Eusko Irratian eta EITBNETen.
Klase sindikatu bat gara eta hala arituko gara edonon. Ez gara gainontzeko langile guztien eskubideen gainetik gure afiliatuen eskubideak lehenesten dituen sindikatua. Lantalde osoaren eskubideak defendatzen ditugu ordezkaritza dugun batzorde guztietan.
.
2014an ABIATUTAKO PROZESU LUZEAREN EMAITZA
Aspaldi esan genuen ez genuela jarriko ez dagokigun dominarik, baina azpimarratu behar dugu ordu eta egun asko eman dizkiogula auzi honi eta gaurko akordioa ez litzatekeela posible izango EITBko LABek 2014an hasi zuen borroka abiatu izan ez balu.
Urtebete geroago, 2015ean, oposaketa gainditu zuten kiroletako bi kazetariri epaitegietan finkotasuna aitortzea lortu genuen. Horrez gain, 2019tik 2021era bitartean, LABekin salaketa jarri ez zuten beste bi langileren prozesu judizialetan parte aktiboa izan ginen: epaiketan berebizikoak izan ziren testigantzak eta irizpide judizial eta aurrerakoiak eman genizkien, afiliazio siglei begiratu gabe, langileen eskubideak defendatuz.
Horrez gain, gogoratu nahi dugu LAB sindikatua hasi zela mugagabe ez-finkoak aitortzeko prozesuak bultzatzen, beste alde batzuetatik zetozen aurreiritzi guztien gainetik eta langileen behin-behinekotasun masiboan eroso zebiltzan eta momentu haietan beste alde batera begiratzen zuten hainbat sektore eta sindikatu batzuren aurrean.
2014az geroztik, LABek 73 langile mugagabe ez-finkoak direla aitortzea lortu du eta historikoki enpresa honek zuen behin-behinekotasun “pandemikoaren” aurrean funtsezko eta berebiziko txertoa izan da.
Halaber, LABetik ETBko jubilatu, hildako zein baja definitiboa izan diren langileen plazak betetzea, hau da, hitzarmenean jasota dagoena betetzea exijitu dugu etengabe: epaitegietan, kontzentrazioetan, ekintza sindikaletan, Legebiltzarrean, grebetan, kontzentrazioetan eta baita aurrean izan ditugun negoziaketa guztietan ere.
Behin-behinekotasun eta langile-egitura arazoak oraindik ez dira amaitu Telebistan, Irratian eta Interneten. Egun, duela 10 urte baino hobeto gaude, baina bidegabekeria eta iruzurraren aurka borrokan segituko dugu, siglen gainetik langile klasearen eta egiturazko plantilla sendo eta egonkor baten alde.
EITB MEDIAKO LAB SINDIKATUA
ETBko oposaketa gainditu arren, plaza barik geratu ziren 57 langileri finkotasuna aitortzea lortu du LABek