ETAri buruz ezin da ezer onik esan

ETAri buruz ezin da ezer onik esan

Ez, ezin da ezer esan edo idatzi ETAren munstro irudi ofiziala lauso dezakeenik. Debekatuta dago. Eta ez naiz ari terrorismoari gorazarre egiteaz, ez baita hori kontua. Ezin da begien aurrean ikusi dugun historia kontatu Entzutegi Nazionalak deitu gabe.

Ematen du ez baduzu ETAren aurka hitz egiten edo idazten, ezin duzula beste ezer egin. Ez zara demokrata, ez zara giza eskubideen aldeko, ez zaituzte biktimek hunkitzen, hiltzaileen aldekoa zara… Conditio sine qua non da zernahitarako, edozertan hasi aitzinetik eskatzen den pasaporte etiko/moral bat.

Ezin duzu sartu gogoeta sakonetan ETA zure formazio sozio-politikoan egiazki zer izan den oldozteko, ezin dituzu gogora ekarri ere egin, ieup lara!, erromerietako eszena haiek, non frankistak izan ezik, mundu guztiak botatzen zituen jertseak eta trikotak airera pozaren pozez. Baina zer diot, frankistak ez ziren eta sekula joaten erromerietara, dena zapuztu eta han ginenok jipoitzera izan ezean.

Ezer argitaratzeko orduan, mikroskopioz begiratu behar izaten dira hitzak, hobenaren amildegian ez erortzeko. Ez, ipurdia estututa ere ezin duzu esan ETAren garai guztiak ez direla berdinak izan eta izugarrikeriaren tren horretatik jaisteko geltokia, norberak erabaki zuela denboran zehar. Batzuek ez zirela sekula igo, baina beste batzuek jaitsi zirela amnistiarekin edo Hipercorrekin, bestetzuk Yoyesekin edo beste uneren batean bezala. Adierazpen askatasunaren balizko erreinuan, ezin duzu, ezin dugu, deus esan, gaizkilearen defentsa deitzen omen den deliturik egin gabe. Halaxe daude gauzak.

Eta hori, ondo baino hobeto konprenitzen ditudalarik Idoia Lopez Riañoren hitzak. Beste garai batzuetan tiroka akabatuko zukeen Marlaska epaileari idazten dio orain: “arnasa bakoitzean damutzen naiz ETAn sartu izanaren akats izugarri eta atzeraezinaz”. Ikaragarria behar du izan, berak bezala, hurkoa hiltzeko erabaki hain irmoa ukan eta ekintzetan ibili ondoren, diametralki beste muturrean egotea eta bizi izandako hura guztia gaitzestea gaur. Ez nuke bere larruan egon nahi, benetan ikaragarria behar du izan damuaren minak eta espantagarria autokritikaren gogorrak.

Kontua da, ordea, ezin dudala esan nik ETAri buruz pentsatzen dudana, esan behar den hori ez bada

ETAri buruz ezin da ezer onik esanJaio nintzenetik ezagutu dut ETA eta ikusi izan dizkiot milaka aurpegi, batzuk oso hurbiletik. Hurbilegitik, sarri. Eta denak ez dira izan berdinak, guztiak ez zaizkit iruditu ezpal berekoak, historiak ere bai baititu bere mementuak, baina ezin dut hemen argitaratu batzuk eta besteak bereizten ditudanik. Ez dezaket ez eta ere kolore grisik aipatu, denak behar baitu beltz. Argi izpirik gabeko guztiz beltz.

Alabaina, gaurko gazteok jakin beharko zenukete, zuen adinekoak ginenean, arreta handiz bizi izaten genituela ETAren ekintzak bezala, bere baitako eztabaida politiko guztiak. Hari begira hezi ginela politikoki belaunaldi zenbait, batzuek berarengana hurbiltzeko, bestetzuek urruntzeko. Inor ez zela izaten trenari begirako behi. Zentralitate handia eduki zuen hamarkada askotan.

Ezin ukatuzkoa da ETAren historia poliedrikoa izan dela, ETAk markatu izan dituela gure gizarteko antagonismo nagusiak: euskal nazionalismoa eta nazionalismo espainiarraren artean, ezkerra eta eskumaren artean, nazionalismoa eta sozialismoaren artean, erreforma eta hausturaren artean…

ETAren Hautsa - ETAri buruz ezin da ezer onik esanPentsa dezagun une batez, erabakigarria izan ote zen euskara eta euskal kulturarentzat, ikastolen mugimenduarentzat, folklore eta antropologia taldeentzat, antinuklear taldeentzat, feminismoarentzat, gainerako talde politiko antifrankistentzat… Kasualitate batez baietz ebatziko bagenu, munstro dakusagun honek noizbait izan zituela bestelako aldeak ere, gaur ezin izango genuke halakorik aitortu arriskurik gabe. Gogora datorkit Euskadi Saria jaso berri duen Joseba Zulaikaren ETAren hautsa liburua, baina jakina, orduan 2006a zen eta ez oraingo 20015 hau. Orduan zilegi eta ongi ikusiak ziren azterketa eta iritzi batzuk gaur ezinezkoak dira, debekatuta daude, askatasun kontutan mehartuz doan gizartea bizi dugun seinale.

Txiki eta Otaegiren fusilamenduak, Burgosko prozesua eta beste gertakari handi batzuen karietara, gure herriaren izena nazioartean jarri zen, Europako mugimendu aurreratuenen artean bereziki. Frank Fanonen askapen garai haietan, halakoxea zen mundua guretzat, galtzaile eta irabazleen artean banatuta zegoen, eta gu ere, galtzaileetakoak ginen. Arafat bezala, Frente Polisarioa bezala, kurduak, Mandela edota Tupamaroetako Jose Mugica bezala. Munduko herri zapaldu orotakoak bezala.

Tebaseko harresietan ikasi genion Bertolt Bretch-i  irabazleek kontatzen dutela beti historia, eta irabazi edo galtze horren arabera erabakitzen dela nor den gaizkile eta nor ongile, nor heroi eta nor bandido. Azken finean, Justizia ere ez dela izaten bat eta bera denentzat. Bistan denez, kontakizuna ere ez.

lapazorria - ETAri buruz ezin da ezer onik esan
Lapa eta lapa-zorriak

Alferrik da, ordea, nik zer pentsatzen dudan, neure begitxo hauekin ikusitako historiaren ñabardurak nola gogoratzen ditudan. Derrigortuta nago dena omnia horribilis bat bezala gordetzera, baldin eta ez badut katramilarik nahi Justiziarekin. Eta hori arazo zait, kazetari eta idazle naizen aldetik. Ezintasun horrek gaixotzen nau, itotzen nau, beldurtzen nau, eta ez dakit oso ondo oskola nola pitzatu.

Ezin dut bizi izan dudan denbora neure erara gogoratu, dagokidan eta nire neurea dudan memoria hau behar bezala eraiki. Beste norbaitena behar diot neureari nahitaez gainetik ezarri, nola lapa-zorriak arrokaren gainean dakien bat egiten harriarekin.

ETAri buruz ezin da ezer onik esan

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

9 pentsamendu “ETAri buruz ezin da ezer onik esan”-ri buruz

  • 2007ko testutxoa da baina badu gaurkotasunik nonbait.
    http://www.argia.eus/argia-astekaria/2111/etari-arrazoi-ematea

  • Amonamantangorri 2015-11-24 22:03

    Erabat ados esandakoarekin, erabat identifikatua ikusten baitut nire burua Hasierren testuan.

    Halaber, hurrengo artikulu baterako izenburua iradoki nahi nuke: “ETAren kontra ezin zen ezer txarrik esan”. Egoera hits, amoral, egoskor hark ere ni dexente ito nau urteetan…

  • Gaurko gazteok gauza asko jakin beharko genuke iraganari buruz, eta dakusadanez premiazkoa da manikeismoetatik at idatzitako historiak eskuragai izatea.

  • ETA deja alguna diskoteka? 2015-11-26 23:45

    ETAk kalte ugari ta gauza on gutxi.. Euskaldunari bateze t denari kaltea besteik ezdiu in

  • ETAri buruz ezin da ezer onik esan… Tira, ematen dugu orain Amerika deskubritu behar dugula. Azken 50 urteetan hala izan da baina!

  • Bittor Manuel 2015-11-30 15:25

    ETA.
    Erantzun sozial bat izan zen.
    Eskaera. Erantzun beharra. Erreboluzioa…
    Erabaki behar zenduan gizarte baten bilakatu zen.
    Erantzunaren gizarte bat.
    Erabaki kritiko horiek, eraldatzen dute zeriozki emakume eta gizonak.
    Ona edo txarra. Ezin da eskatu sinplifikazio halakorik egitea.
    Norbera hiltzea zuzena ahal da?
    Norbaiteri akabatzia ezkatzia zuzena ahal da?
    Defendatzeko norbait hiltzea zuzena ahal da?
    …. Dena errelatiboa da…
    Zuzena edo justifikatua ez da berdina.
    Da zeinek erabakitzen du erreprezio bateko zopprtazio zoila ?
    ETA , erantzun bat zen, beraz, daldera bestelakoa izan beharko zen.
    ETA ren jaiotza armatua hemateko egoera apropoza zegoen ?

  • Euskaraz idazten ez dakiten guztiek Zuzeun uzten al dituzte iruzkinak?

    • txotxolopitecus 2015-12-02 23:47

      Agian “euskaraz idazten ez dakiten guztiek” euskara praktikatzeko leku aproposa dute ZuZeu.

  • Bittor Hidalgo 2016-01-02 14:51

    Orain irakurri ditut Jonan Fernandezi gutuna eta ETAri buruzko hau. Ikara handia sortu dit niri ere Hasierrek ezin argitaratu izana bere hasierako artikulua beldur huts ondo fundamentatuz.

    Ez dakit zer esaten duen artikuluak, baina seguru asko ez da oso urruti ibiliko Euskal Herrian askok pentsatu eta pentsatzen dugunetik.

    Eta diferentziak ikaragarriak ez balitez behintzat, ni prest nengoke halakoa ere taldean, talde handian sinatzeko. Bada hilabete eta erdi artikulu hau argitaratu zenetik, baina ondo legoke halako probokazioak ateratzea 200 lagunek sinatuak, 500 lagunek… Ni prest nengoke.

    Besterik?

    Solidaritatea eta babesa Hasierri (ere)?

    Ondo izan

    Bittor