Espainiako kazetariak, katamotz ala katakume?

Oso interesgarria egin zait azken egunotan Espainiako komunikabideen inguruan New York Timesek (NYT) piztu duen zalaparta. Azaroaren 5ean argitaratutako artikulu batek eman zion su oraindik amatatu ez den sutautsari: Gobernuak eta zorrak estu hartuta dituzte Espainiako hedabideak.

Zabalpen handia ukan duen artikulu horretan esaten da aipatu hedabideak ez direla libre, ez dutelako asmatu teknologia digital berrien garaira egokitzen eta publizitatearen aldetiko dirutzen jaitsierari behar bezala aurre egiten. Azken finean, korporazio handiak direla komunikabideen jabe eta 11.000 kazetari baino gehiago izan direla kaleratuak eta egunkari handienetako zuzendariak euren lekuetatik kenduak. Eta hori gutxi balitz, mozal legea ezarri duela PPren gobernuak. Zentsura agerikoa dela, alegia.

Espainiako kazetariak, katamotz ala katakume?Esaterako, RTVE aipatzen da, adibide guztiz argi bat erakutsiz: Amnistia Internationalen txostenaren berri eman bai, baina Espainiari dagozkion datuak aipatu gabe. Eta abar, eta abar.

Honen guztiaren harira, Nazioarteko Prentsaren Institutuak (IPI ingelesez), dei egin du Espainian adierazpen askatasunaren alde egin beharraz eta, bereziki, mozal legeari aurre egiteaz, izan ere, “informazioaren jario askea, oztopa dezakeelako”.

Salaketa hauek guztiak aski ezagunak egiten zaizkigu guri. Egia esan arinak ere bai, akordatzen bagara Egin eta Euskaldunon Egunkaria itxi egin zituztela, eta atzo arte preso ukan dutela Salutregi.  Espainiako eta Europako hedabide eta kazetarien mututasun konplizearekin.

Bai, guretzat begibistakoa da hau guztia, baina baita Suso de Toro idazle galegoarentzat ere. Haren arabera, Espainiako prentsaren papera tristea eta erruduna izan da azken urteetan eta trantsizio garaian askatzaile bezala, menperatzailea da orain: “la unión íntima entre las empresas del IBEX y los medios de comunicación son la clave del control de lo que ocurre”.

Gumersindo Lafuente lagunak ere badio heroi gutxi dabilela adierazpen askatasunaren alde. Ematen du gauzak garbi daudela, aski behar lukeela NYT, IPI, Suso de Toro, Nacho Escolar, Miguel Angel Aguilar eta gainerako kazetari historikoen salaketak eztabaida behar den neurrian palazaratzeko: gizarte askerik ezin dela, informazio askerik gabe, alegia. Bainan, ez, ez dago eztabaida handiegirik.

Hori gutxi balitz, Espainiako Egunkarien Argitaratzaileen Elkarteak (AEDE gaztelaniaz), plazaratu berri du agiria dena ongi dela esanez. NYTek eginiko salaketa, “karikatura” bat baizik ez dela eta “egiaztatu gabeko informazioak” darabiltzala artikuluaren oinarrian. Espainian informazio askatasun anitza dela nagusi. Etc.

Espainiako kazetariak, katamotz ala katakume?NYTek eginiko salaketa ukatzen ibiltzeak absurdua iruditu behar luke, Anboto begien aurrean ukan eta hor ezer ez dagoela esatearen antzeko zerbait, erretorika hutsa, azken finean. Baina Espainiako hedabideek, esan egiten dute hala ere euren gezurra,  behin eta berriro, jakinaren gainean baitaude iragazkorrak garela zeharo, permeableak oso: eurek euri, eta gu busti. Nahi gabetan ere.

Baina kazetariek zer diote?

Suso de Toro eta beste lau Patxikontra kenduta, ez dirudi inork ezer esateko daukanik. Ez dago bestelako salaketarik, gremioaren sublebaziorik, inolako burrundararik… Hilerrietako isiltasunak dirudi nagusi. Ala beste zerbait da?

Eskuetan dut Janet Malcomen liburu bikain bat: El Periodista y el asesino. Hain juxtu kazetaritzaren funtsak zeintzuk diren ulertzeko balio didana. Ustez, bederen. Eta bertan lerro egiazko batzuk kazetariaren izaeraz eta traizioaren zergatiaz: “Izaeraren arabera justifikatzen dute kazetariek euren traizioa. Harroenek adierazpen askatasuna aipatzen dute eta “publikoak jakiteko eskubidea du” esan ohi dute; talentu apalena dutenek, artea aipatzen dute, eta zintzoenek eguneroko ogia irabazteaz dute xuxurlatzen”. Ba hori.

Espainiako kazetariak, katamotz ala katakume?
hedabideak, kazetariak, kazetaritza, prentsa
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Espainiako kazetariak, katamotz ala katakume?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude