ETAren agiriari buruzko iritzi baikor bat

MzM3Ng==

Erratuta egongo naiz, seguru, baina lehen irakurketa azkarretik bertatik iruditu zait orduko hura idazteko ardura ukan zuena eta atzokoa idaztekoa ukan duena, bi pertsona guztiz diferente direla. Ordukoa militante “militar” batek egindakoa zela, honakoa militante “politiko” batek egin duen bitartean, hark behartuta bezala eta honek barneratutako itxaropenez. Jakina, pentsatzen dut ETAk ez dituela agiriak pertsona bakarraren esku utziko, gauza kolektiboa izango dela, baina beti behar du norbanako batek eduki erredaktatzearen ardura.

Ez daukat oinarri sendo eta zehatzik diodana esateko, irudipena bai, ordea. Irakurketa bera, gozoagoa eta baikorragoa da gaurkoan ordukoan baino. Idazkuntza burutsuagoa iruditu zait, nazioarteari begira idatzi beharrak diskurtsoa gardentzera behartuko balu bezala. Ematen du zeregin didaktikoa duela idatziak helburu nagusienen artean.

Laburbiltzeko ahalmen dotorea ere badu gaurkoa idatzi duenak: gutxitan halako sintesi gaitasuna 51 urteko korapilo bat kontatzeko. Kasu egingo diote ala ez, sinetsiko diote ala ez, baina kontatuta dago eta ondo kontatuta, gainera. Alemaniar batek, turkiar batek, txiletar batek… Euskal Herrian gertatzen denaren albiste argia dauka idatzi horretan.

Aurreko agiria gogorra eta zurruna zen. Notizia berez ona zekarren arren, ez zeukan inor pozteko abileziarik. Eta hori guztia goxatzeko, poesia erraz moduko batez busti zituzten lerroak —adjektibo gehiegi—, eta nola-halako irudiz kargatu zuten (“guztion ur tantez osatutako uholdearen bidez ukazioaren harresia bota…”). Besteak beste.

Oraingoan interesgarria da  halaber, ez bakarrik nola kontatzen den bertan “euskal gatazka”, baizik eta paradoxa europar ikaragarri baten erabilera zentzuzkoa ere nola dagiten: Europan zaila da borroka armatua ulertzea, baina, aldiz, erraza oso herritar batzuri eskubide demokratikoak nola ukatzen zaizkien onartzea. Azken finean, zarata da gaur herritar europarra molestatzen duena. Zaratarik ez balego, ezer ikusiko ez balitz, akabo arazoak. Adi europarrok!

Intelijentzia handia (eta berria) erakusten du idazleak, baita ere, Groenlandia eta Eskoziako kasuak aipatuz beste herri batzuetako herritarren konplizitatea bilatzen duenean, edota “Gatza” presoaren aipamen bakarrarekin egoera ezin lazkarriago bat erakusten duenean… Errotikako politikagintzan dabilela dirudi, beste ezertan baino gehiago.

Ez, ETAren azken agiriak ez du esaten armak betiko utziko dituenik, —eta zerga iraultzailea bezalako ekimenak ere bertan behera utziko dituenik—, baina eraso armatuak etenda dituela berresten du eta zergatik egiten duen borroka adierazten du argi eta garbi; eta aitortu egiten du prest dagoela Bruselako tartekariekin “eman beharreko urratsak aztertzeko, ETAk hartu beharreko konpromisoak barne”.

Beste gauza bat izango da ulertu nahi izango dioten ala ez, baina berak esan du berea. Oso ondo, gainera. Nire irudikoz.

Irudia | Idazteko moduak | Italian voice | Creative Commons By SA
ETA

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

3 pentsamendu “ETAren agiriari buruzko iritzi baikor bat”-ri buruz

  • Neu ere baikorra naiz. Hona hemen arrazoia: Mezu honen lehenengo zatiari (testuaren tamainari begiratuta, zati nagusiaz ari naiz), “ez dakit zeren bukaera”ko bilanaren antzeko zerbaiten itxura hartzen diot. Noiztik ari den borrokan, zerk eraginda sortzu zen, izan dituen lorpenak, eteteko egon diren saiakerak, gaur egunean borroka armatuak ulertzeko dituen eragozpenak…
    Zeren bukaera izan daitekeen? Auskalo, baina nik borroko armatuaren bukaera izan daitekeelakoan nago.

  • […] se puede definir la lectura que hace del comunicado Lukas Mateo en el noticiero digital en euskera ZuZeu.com. Guiado por el estilo de redacción de los dos comuniados, el zuzeulari intuye que la autoría de […]

  • […] se puede definir la lectura que hace del comunicado Lukas Mateo en el noticiero digital en euskera ZuZeu.com. Guiado por el estilo de redacción de los dos comunicados, el zuzeulari intuye que la autoría de […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude