Eta zu zer zara, neska ala mutila?
Galdera horixe egin dute Irati Lekuek, Anartz Izagirrek, Claudia Alejandra Martinezek, Gorka Irizarrek eta Hasier Larreak EHU-rako egin duten lanean. Atzo ezagutu genuen, martxoaren 8a zela-eta.
“Hemen duzue gure kulturan horrenbeste erroturik dauden genero estereotipoen inguruan egin dugun dokumental laburra”, diote lanaren arduradunek. “Olallo Rubio mexikarraren `¿Y tú, cuánto cuestas?´ lanaren forma eta estiloa hartu ditugu oinarri geurea garatzerako orduan”.
Atzo Emakume Langileen Nazioarteko Eguna zela eta “geure proiektu honetan agertzen diren estereotipoen inguruan hausnartzera gonbidatzen zaituztegu -jarraitzen dute unibertsitateko ikasleek-. Egoeraz jabetzea eta kontzientzia bultzatzea da dokumental xume honen xedeetako bat, besteak beste”.