Eta PPk azaroaren 20ko hauteskundeak irabaziko balitu?

PPAste honetan kaleratutako CISen uztaileko barometroaren arabera, Espainiako hauteskunde orokorrak bihar ospatuko balira, PPk irabaziko luke (botoen %29,3, PSOEk baino 3,4 puntu gehiago). Atzo bertan, gobernuko presidente José Luis Rodriguez Zapaterok hauteskunde orokorrak azaroaren 20ra aurreratuko dituela aditzera eman zuen. Gauzak horrela, PSOEren gobernuak azken zortzi urteetan eraman duen norabidea ikusita eta azken inkesten emaitzen arabera, laurteko eskuindarra izango dugula dirudi.  Hala balitz, zer espero dezakegu PPren gobernuaz?

Bildu

PPk minutu bat ere ez du galduko Bildu legez kanpo uzteko. Horrekin aritu da mehatxuka azken hilabeteetan eta Bilduren udalek balkoitik Espainiako bandera erraldoia zintzilikatzen ez duten bitartean, Bilduk etorkizun beltz samarra izango duela dirudi.

Ezkontza homosexualak

PSOEk sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimendu zituenetik, PPk trabak besterik ez ditu jarri, eta ez litzateke harritzekoa izango behin boterera iritsita, legez kanpo utziko balitu.

Abortuaren legea

Beste talka puntu handi bat. Ezbairik gabe, emakumeak haurdunaldia eteteko aukerarik gabe geldituko dira, soberan ezaguna baita Eliza Katolikoak PPri ematen dion babesa, eta alderantziz.

Langileen egoera

PSOEren gobernuarekin langileen egoera kaxkarra bada, PP Monkloara iristen denean okerragoa izango da. Gogoratu PPk enpresarien eta kapitalaren alde egiten duela, eta nahiz eta mozorroa jantzi, beti kapitala lehenetsiko du langileen kaltetan.

Diru-laguntzak

Rajoiren aldarri nagusia zergak igoko ez dituela da. Baina, nondik atera dirua krisiari aurre egiteko? Diru-laguntzak moztuz, argi eta garbi (baldin bestelako eta formula miraritsurik duen). Alokairuarentzako diru-laguntzak, bekak, mendetasun legea… Agur.

Pribatizazioak

Ospitaleak, zerbitzu-enpresa publikoak, garraioa, hezkukntza… Guztia esku pribatuetan eroriko da hein handi batean eta prezioak biderkatu egingo dira.

5 pentsamendu “Eta PPk azaroaren 20ko hauteskundeak irabaziko balitu?”-ri buruz

  • EZ HOOREGAZ PREOKUPA; GUK EUSKALDUNOK EGIN BEHAR DUGUNA DA GARRANTZITZUA: ELKARREKIN JOAN EUSKALERRITIK KANPOKO AUTEZKUNDETARA, ETA KITTO.

  • Egia onena lortzeko ez dugula elkarrekin joatea beste aukerarik. Interesgarria litzateke EAJ eta Bildu indartsu izatea Madrilen. Horretarako ikusi beharko da Sorturekin zer gertatzen den eta ea A20rako ilegalizazioen diskurtso erradikala baretzen den PPren aldetik. Negargarria litzateke berriz legez kanporaketei eustea.

    Horrez gain, PP agintean jartzea berri txarra izango da. Gaur egun, euskal aferari buruzkoan “antzeko parecido”, baina arlo sozialetan nahiago edozer eskuineko liberalak baino.

    Bide batez, Madariaga, LETRA LARRIZ idaztea gaizki ikusia dago interneten. Oihu egiten ari zarela esan nahi du 🙂

  • Amonamantangorri 2011-07-30 17:11

    Barkatu, baina panorama apokaliptiko hori…

    Euskal Herrira begira, PSOE eta PPren artean alde ttiki batzuk badirela onartzen dut. Oso, oso, oso ttikiak. Ceuta eta Melillara begira ere, ez dut uste bi alderdi horien artean diferentzia handirik dagoenik.

    Ekonomian, “merkatuak” lasaitzea, inbertsoreengan konfiantza sustatzea, zerga pribatuak diru publikoarekin kitatzea, eta bidenabar, egoera nahasiaz probestuz, krisiune zikliko puntual honetatik harago mantenduko diren gauzak ukitzea, esaterako, mendeetako borrokari esker lortutako erretiroak eta langile-eskubideak… Hor ere ez dut diferentzia handirik ikusten, Rubalcabaren azken aldiko hitz goxoak alde batera utzita. PP eta PSOEz gain, neurri horiekin bat datoz betiko nazionalismo periferikoak…

    Egun, sozial-liberal eta kontserbadoreen arteko diferentzia nabarmenenak moral eta ohituren alorrekoak dira. Hori hola da. Homosexualen eskubideetan atzeraldia gerta daiteke. Hala ere, kontuan hartu PPk gobernutik ez zuela dibortzioaren legea kendu, ezta abortatzeko hiru “supuestoen” legea ere, nahiz lehenago haien kontra agertu. Gainera, zer uste duzue ba, fatxek, dibortziatzen diren bezala, ez dutela abortatzen?

  • Gonzalo Etxague 2011-07-30 21:00

    Arrazoi duzu, Amonamantangorri. Harrigarria bada ere, oraindik askok pentsatzen dute PSOE alderdi ezkertiarra dela! Egunen batean, hemengo egoera politikoa normaltzen denean, Katalunian bezala, Ezker Abertzalea eta PSOE elkar hartuta ikusiko ditugula! PP eta PSOE polizia gaiztoa eta otzana bezalakoak dira, edo hobeto esanda, horrela ikusten ditugu askotan. M15eko manifestazio batean honako leloa agertu zen pankarta batean: “Kokoteraino nago nazka ematen didaten alderdiei botoa emateaz, beldurra ematen didaten alderdiek erabaz ez dezaten”. PSOE eta PPz ari zen, noski, eta Euskal Herrian panorama politikoa oso ezbedina bada ere (zorionez, ez daukagu horrelako bipartidismorik), abertzale askok PSOE nahiago dute Euskal Herriarentzat hobea delakoan. Tira, zer esan daiteke? Eskertuko nuke, atzera begiratu ondoren, norbaitek argitu balit zergatik den hobea… zergatik den hobea torturaz galdeturik kamara itzaltzeko agintzen duen Barne Ministro bat.

  • Nik nahiago, aukeran, PPk irabaztea. PSOE-rekin gatazkari ezin izango diogu konponbiderik eman, historiak erakutsi bezala. Espainiar estatu-aparatuko sektore batzuen konfiantza irabazita edukita ere, begi bistakoa da aparatu horiek ultraeskuindarrak izanik PP dela euren kudeatzaile kuttuna eta naturala Moncloarako. Etorkizunean estatua erantzun bat ematen hasi beharko zaio oraindik konpondu gabe daukan estaturik gabeko nazioen aferari. (Haritik, ez dut uste Katalunian egoera “normalizatua” bizi denik). Eztabaida hori, gogoeta hori, eraldatze hori, ez da etorriko PSOE Moncloan egonda. PPk erakutsi du honezkero indar eta karisma nahikoak dituela PSOE edozein saiakeratik aldentzeko. Gauza bat da, alabaina, PPk oposizioan esan dezakeena, eta beste bat boterean dagoenean. Gauza bat den bezala batzuek zein besteek egin nahiko zuketena, eta beste bat egin ahal dutena. Irakur: Egiten uzten dieguna.
    Garai gogorrak bizi izan ditugu Herri honetan Aznarren gobernuaren sasoietan, baina esango nuke gogorragoak izan direla milaka eta milaka herritarrentzat Rodríguez Zapaterorenak (eta Gonzálezenak zer esanik ez). Zentzu eta alor eta esparru gehienetan.
    PSOE espainiar gobernuan? Euskal Herriarentzat, gatazka konpontzeko aukerak berdin ZERO: Ez daukate trebeziarik, ez ausardiarik, ez garunik, eta borondate itzal lauso bat izanez gero ere, ez daukate indarrik, ezta autoritaterik ere euren kasa jarduteko.
    PP-k oso zaila izango du errepresio formula unibertsalekin jarraitzea; PSOEri ere jada zail egiten zaio (Bildu legeztatzea euren borondatearen kontrakoa izan dela gogora dezagun). Ez bi-bien bat-bateko bilakaera demokratiko batekin zerikusirik duen ezerengatik. Baina beste faktore batzuen artean, Euskal Herrian bizi izan ditugun aldaketei bizkarra ematea burugabea delako: Denon kontra arituko lirateke, alegia: baita euren buruen kontra ere. Hor daude bestetik ere nazioartetik Madril aldera azken urteotan bidaltzen ari diren abisu serioak, esate baterako torturaren inguruan. Nola estatu baten homologazio demokratikoa baldintza malgu samarren arabera banatu eta banatzen den baina, nola estatu espainiarra suarekin jolasten denbora GEHIEGI daraman. Mezu hori jasoa dute eta auzitegi nazionalaren, gorenaren eta konstituzionalaren hainbat epai lekuko, azken batean nazioarteko lupa beraiengana zuzenduta dagoelako eta badakitelako, tik-tak, tik-tak.
    PPren eskutik iritsiko dira erreformak. Ez dut esaten noiz, ez dut esaten berehala. Diot: PP-rekin izango dela, ez beste inorekin. Eta ez PP alderdi demokrata edo demokratagoa izanagatik, baizik eta berak kontrolatu nahi izango dituelako goitik-behera, berak negoziatu, berak kudeatu, berak erabaki non, noiz, nola, norekin, nora arte, zein karta jokatu, noren laguntzarekin. Euren estatuaren beraren iraun-bizitza dutelako jokoan. Gauza serioegia PSOE-ko pailazo ertainen esku uzteko.
    Eta azkenik, BARREGURA ematen duela PSOE-k bere izaera LAIKOA eta EZKERTIARRA aldarrikatzen dituenean. PP-k gutxienez bere eliza katolikoarekiko menpekotasuna nabarmentzen du harrotasunez. Horren ondorioz espainiar jendarteak izan ahalko lituzkeen arazoak? Badute zer eta zertan borrokatu. Baina gure ardura eta borroka esparruak gureak izan daitezela, internazionalistak eta solidarioak, baina gureak.