Eta orain zer?
Eta orain zer? –
Ezkutuan gorde nahi izan ditu Iruñeko Udalak haur eskolen inguruan egindako azterketaren emaitzak. Ez gaitu harritzen, espero ez zituen emaitzak izan direnez, datuok ezkutatu nahi izatea. Ez gaitu harritzen, badakigulako urteetan edozein estrategia baliatzeko prest egon izan direlako euskaldunak zokoratzeko. Azkenean, datuak publiko egin zituen; noiz eta alarma-egoeraren erdi-erdian, ikusgabe pasatuko zirelakoan.
Kontua da orain urratsak egiteko garaia heldu dela. Finean, datuek erakusten dute Iruñeko Udalak egin nahi dituen murrizketek ez dezaketela herritarren nahia ase.
Otsailean, udaleko oposizioak batasuna erakutsi zuen alkateari hezkuntza-zinegotzia kargutik ken zezala eskatzeko, haur eskolei buruzko informazioa ukatzen baitzuen. Datuak eskuartean ditugula, oposizioak batasun bera erakutsi beharko du alkateari euskarazko plazak berma ditzala eskatzeko. Ulertzen dut informazioa ukatzea oso larritzat jotzea, baina haurrei euskarazko plazak ukatzea oso larritzat ez ezik, onartezintzat ere jo beharrekoa dela iruditzen zait.
Hortaz, orain da udal agintariei gehiengorik ez dutela gogoratzeko eta justizia egiteko unea. Izan ere, oraingoan batasunik erakutsi ezean, sinesgarritasuna galduko du oposizioak, eta benetako oposizio izateari utziko dio.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko maiatzaren 5ekoa]