Telelana, koronabirus kapitalista

Telelana, koronabirus kapitalista –

Inork ez daki noiz eta nola bukatuko den normaltasun berria izeneko egoera. Ez dakigu krisialdi erraldoi honetatik behetik eta ezkerretik ateratzeko gai izango garen ala kapitalismoak, bere enegarren birmoldaketa egin eta gero, oraindik ere jendarte eredu bortitzagoa inposatuko digun.

Telelana, koronabirus kapitalista
Arg: Shane Adams (Flickr)

Baina badira dagoeneko normaltasun berrian garatuko diren zenbait egitasmo martxan. Horietako bat, eta ez txikiena, telelanarena da. Fenomeno horrek ikaragarrizko aldaketak ekarriko ditu lan munduaren antolaketan, klase borrokan, langileen bizitzan eta garapen komunitarioan, baita jendartearen antolaketan eta funtzionamenduan ere. Dena hankaz gora jarriko du, ez badiogu frenoa jartzen.

Adituek diotenez, sistema kapitalistak oso epe laburrean bere erreprodukziorako behar dituen lan guztien herena telelanaz bideratzeko aukera izango du. Baina asmoa askoz ere zabalagoa da, poliki-poliki, esku lanez kanpo, ahalik eta lan gehien telelanaren bidez bermatzea baita, zer esanik ez goi mailako lan kualifikatu eta teknikoei dagokienez.

Administrazioan, familia kontziliazioaren bidetik abiatu zen duela urte batzuk telelana. Hau da, sema-alaba txikiak ala guraso ezinduak zituzten langileei etxetik telelanaz aritzeko aukera zabaldu zien administrazioak. Bi hitzetan esanda, telelana langileoi gauza onuragarri gisa saldu ziguten, eta baita ondo saldu ere, indar politiko zein sindikatu gehienek telelanarekin bat egin baitzuten. Guztioi ahaztu zitzaigun kapitalismoak ez duela inoiz bere kalterako den ezer proposatzen, ezta langileen bizitza jokoan dagoenean ere, koronabirusaren krisialdian ikusi dugun moduan. Telelana, nire ustez, sistema kapitalistak langileoi eskaintzen digun goxoki pozoitua da.

XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, industria iraultzak milioika langileren hiritartzea ekarri zuen, eta baita enpresa erraldoien sorrera ere. Horrelakoak ere ezagutu ditugu Euskal Herrian, Ezkerraldean. Kapital akumulazio izugarria eman zen Bizkaian, eta baita berarekin langileen pilaketa handia ere. Horrek bideratu zuen langile mugimenduaren sorrera, artikulazioa eta borroka Euskal Herrian. Ez dugu ahazteko garai hartakoak direla lehen langile grebak eta lorpenak.

Teknologia berrien garapenarekin, produkzioaren deslokalizazioarekin eta kapital finantzarioaren garapen neurrigabearekin, lantegi erraldoi haiek hirugarren mundura bidali zituzten, lan munduaren desregulazioa areagotuz. Produkzioaren sakabanaketa horrek langile klasearen indarra, koordinazioa eta borrokarako gaitasuna ahuldu zituen. Lana sortu eta lan egiten zutenen arteko tartea handitu egin zen lan mundu atomizatu, globalizatu eta prekarizatuan; langileriaren kalterako, jakina.

Orain, telelanak prozesu hori areagotu egingo du muturreraino. Familia kontziliazioa errazteko martxan jarri omen zen lan mota hau bere benetako aurpegia erakusten hasi da koronabirusaren krisialdian. Euskal Herrian, bi hilabete hauetan, milaka dira bere lanpostua utzi eta etxean lanean hasi diren langileak, norberaren etxea enpresako bulegoaren jarraipen bihurtuz, inork horren aurka txintik esan gabe. Eta ez dirudi ondorengo hilabeteetan administrazioak atzera egiteko asmorik duenik.

Eta zer irabazten du kapitalak telelanarekin? Lehenik eta behin, langile mugimenduaren atomizazioa areagotzea, barne deslokalizazioa indartzea. Azken urte hauetan, ugaldu egin dira enpresa berean lan eginez ere lan kontratu eta baldintza ezberdinak dituzten langileak. Enpresa berean lan egin bai, baina enpresa ezberdinetako kontratatuak dituzte langile azpikontratatuek, hala nola garbiketakoek, zerbitzu teknikoetakoek, komunikaziokoek… Egoera horrek asko zailtzen du langile mugimenduaren batasuna, borroka eta artikulazioa.

Hemendik aurrera, telelanarekin langileen arteko zatiketa eta atomizazioa enpresa bakoitzaren barruan biderkatuko da. Langile asko ez da enpresatik agertu ere egingo, etxean lan egingo baitu, eta etxean lanerako toki egokirik izan ezean, liburutegi, taberna edo sotoren batean lan egin beharko du, esate baterako. Zailtasun berriak aurreikus daitezke langileen borroka antolatzeko, eta, aldiz, aukera gehiago esplotaziorako. Produkzio kostuak txikitzeko bide guztiak baliagarriak dira kapitalismoan, eta telelana horretarako bitartekoa da. Hori da telelanaren balio nagusia sistema kapitalistarentzat, baina ez da horretara mugatzen.

Telelanarekin lanaren eta atsedenaren arteko etena lausotuko zaio langileari; baita espazio fisikoari dagokionez ere. Lan egutegia eta lan ordutegia mugarik gabe zabalduko zaizkio. Familia eta bulegoa nahastuko zaizkio, familia bizitzaren kaltetan beti. Lankide komunitatea galduko du enpresatik at geratzen denean, eta harreman eta sozializazio esparru handia galduko du eguneroko ordu gehien-gehienak etxean sartuta pasako dituelako. Horrelakoa da telelanaren emaitza.

Horrantz goaz abiada bizian. Eta telelanaren biktima nagusiak, batez ere, gaurko eta biharko langile gazte berriak izango zarete. Eutsi telelanaren aurkako borrokari.

Joseba Alvarez

SORTUko kidea

Telelana, koronabirus kapitalista
Telelana, koronabirus kapitalista
Telelana, koronabirus kapitalista

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude