Eta orain zer?
Aste erabakigarriak dira Maiatzaren 22ra artekoak. Ez bakarrik Foru eta Udaletako panorama hautatu eta ebatziko delako egun horretan, bitarte horretan demokraziaren oinarrizko arauekin zer gertatuko den ere jakingo dugulako baizik.
Gazteago nintzelarik, ondo gogoan dut, zein zen Espainiako komunikabide, alderdi politiko eta gizarte mugimenduetatik ematen zen mezua: “Sin violencia todas las ideas políticas se pueden llevar a cabo”. Urteak dira lelo horren leloaz konturatua nintzela.
Bilduren afera izan daiteke horren adibiderik garbiena: El Paisek dakarrenez, Gobernuak eta fiskaltzak asteon aurkeztuko dituzte Bilduren zerrendak inpugnatzeko eskariak. Alderdi Popularrak, bere aldetik, Bilduren zerrenda guztiak debekatzeko eskaria luzatu du. Euskal Herrian ere, modu batera edo bestera, Ezker Abertzalea hauteskundeetan izango zela ziotenek (EAJk), ez dute lehengo indarrez hori adierazten. Adierazgarria da Ramon Solaren artikulua Garan, gaur.
Lehen ziurra zena ez da hain ziurra gaur.
Gaitzerdi pertzepzio kontua balitz baina. Sorturen sorrera-estatutuek, aurreko debekuen baldintza guztiak gainditu zituzten (Begira hemen laburpena eta hemen estatutuak osorik). Espainiako justiziak jartzen zion baldintza ez ezik, euskal gizarteak urte luzetan egindako eskaria onartzen zuela aitortu zitzaion orduan. Ez zen nahikoa izan auzitegiek aurkezteko baimena eman ziezaioten.
Beste kupeleko sagardoa da Bildurena: bi alderdi legalen koalizioa baita (EA eta Alternatibarena). Bide beretik jarraitu arren Espainiako Gobernu eta Justiziek, urrats batzuk aurrera egin dute, kutsadura zirkuluak handituz eta eskubide esparruak murriztuz.
Zein da hemendik eta Maiatzaren 22ra arte Bilduk aurretiaz duen panorama? Aurkezteko aukera izango du ala ez?
Proposamen zehatzez beste, kanpaina markatuko duen gaia izango da, inondik inora. Aurreikuspenik txarrenak beteko balira (Bilduk aurkezterik ez), askorentzat lehengo hauteskundeetako egoera bera errepikatzea litzateke. Niretzat ez. Niretzat zurrunbiloan barrurago egitea litzateke, arazo politikoan sakontzea: euskal gatazka, gatazka armatua ez eta eskubide eta demokrazia gatazka bat dela agerian uztea litzateke euskal jendartearen (eta Europako ikuskarien) aurrean.
Istorio hau hamaika aldiz bizi izan dugunez, ez da oso azkarra izan behar nola amaituko den jakiteko: Bilduk ez du aurkezterik izango. Baina arrazoi duzu, harrezkeroztikoa ez da berdina izango. Estatuak bere diskurtsoaz beste egin du oraingo atakatik ateratzeko; “harexegatik” du azken argudioa, azkena izango duenez, behin mozorroa kenduta oso zaila baita berriro inor engainatzea. Gainera, errepresioa ezker abertzaletik harago zabaldu du. Pentsatzen dut Estatuak ETAn daukala itxaropena, ea hauteskundeen ondoren atentaturen bat egiten ote duen, betikoa errepikatu ahal izateko, euren burua zuritzeko: “Ikusten duzue? arrazoi genuen!”. Baina ETAk su-etenari eutsiko balio? Polita izango litzateke orduan zer nolako estutasuna izango luketen ikustea, nola bilakatzen zaien zama eutsiezina oraingo errepresioa. Ausartuko ahal da ETA inoiz zapaldu ez duen lurraldean sartzera!