Eta izanen dirade izurriteak eta goseteak: izurriteak euskal literatura zahar lausoan

Eta izanen dirade izurriteak eta goseteak –

Joseba Sarrionandiaren Hitzen ondoeza izeneko hiztegi bitxian (Txalaparta, 1997) badago Joanes Leizarragari eskainitako sarrera bat. Bi orrialde baino gehiago hartzen dituen testutxo horretan —luze xamarra sarrera gehientsuenen taimana zein den aintzat harturik— xehetasun handiz ematen zaigu beskoiztarraren garaian gertaturiko erlijio-gerren berri, zeinetan bera protagonista izan zen behin baino gehiagotan. Hala bukatzen du Iurretako idazleak saiakera llabur hori: «Joannes Leizarragak, Jainkoaren hitza grekotik, latinetik edo frantsesetik itzuli beharrean, bere sasoiaren testigantza eman izan balu zer irakurri hobe batzu genituzke». Beste sarrera batean, aldiz, Literatura lausoa izenekoan, Leizarraga «gure literatura lausoaren lehen autoretzat» jotzen du: «Euskal literatura gardentasunaren arabera, hau da, sasoiko ingurua eta gizartea ezagutzeko balio duen neurrian errepasa daiteke» (letra lodia gurea da). Bada, irizpide horren arabera, Sarako Eskolaren literatura ere, eta haren izar nagusia, Axularren Gero famatua, oso lausoak dira, edo itsuak, Sarrionandiak erabilitako beste hitz bat aipatze aldera, eta ez preseski zer kontaturik ez izateagatik: «Sarako Eskolako apezek, esate baterako, neskatoak eta etxekoandreak Pierre de Lancrek bizturiko suetan erretzen ziren artean izkiriatzen zuten. Zergatik apartatzen zuten begirada?».

Eta izanen dirade izurriteak eta goseteak

Hala ere, euskal literaturaren bi idazle ernazentista nagusiek, hots, Bernard Etxeparek zein Joan Perez Lazarragakoak, euren garaiko jazoera ohiko bezain ankerraren berri eman ziguten: izurriteak. Bidenabar esanda, Lazarraga. Ernazimentua euskaraz izan zen Pruden Gartziak 2005ean idazle arabar deskubritu berriari eskaini zion saiakera guztiz estimagarriaren izenburua, baina esan beharra dago olerkari baxenafarra ere guztiz ernazentista dugula, Aurelia Arkotxa edo Céline Mounole irakasleek, besteak beste, azken urteetan azpimarratu dutenez. Ez dut hemen euskal literatura zaharraren nondik norakoen -eta eskasien- berri eman behar, ordea.

Kontu jakina da Yersinia pestis izeneko bakteriak eragindako gaitza Europan barrena zabaldu zela 1347. urtetik aurrera hiru mende t’erdiko egonaldia egiteko, gutxienez. Herio Beltzak ez zuen Euskal Herria barkatu, zer esanik ez, eta lehendabiziko oldarraldi hartan bereziki Nafarroako erresuma astindu zuen. Ez zen eraso bakarra izan, ordea, agerraldi zikliko eta batuzuetan lokalagoak izan baitzituen ondorengo gizaldietan. Adibidez, 1597-1599. urteetakoa oso suntsigarria eta hilgarria izan zen, Bizkaia eta Gipuzkoan batez ere. Ez da kasualitatea, izan ere, euskaraz gaitz hori izendatzen duen hitza XVI. mendean bertan dokumentaturik egotea, eta gainera Euskal Herriaren bi muturretan, izurri nahiz izurrite baitarabiltzate jada Leizarragak nahiz Lazarragak. Etxeparek, ordea, ez zuen hitz hori erabili, nahiz eta epidemia baten berri eman, segituan ikusiko den bezala.

Mosen Bernart Exepareren confinamentuya

Goian aipaturiko testuan, Sarrionandiak Etxepare salbuesten digu literatura lausoa izatetik, nahiz eta horren zergatirik ez eman. Baliteke Eiherelarreko erretorearen olerki “autobiografikoa” -nolabait esateko- buruan eduki izana, Mossen Bernat Echaparere cantuya izenekoa, hain zuzen. Jakina denez, bertan espetxealdi baten berri ematen zaigu, nahiz eta, dena esan behar da, testua berez lausoa den jazoera horren zirkunstantzei eta inguruabarrei buruz zertxobait jakite aldera. Zeren eta kontatu, apaiz baxenafarrak ez baitigu gaztigatzen zer zela eta sartu zuten presondegian, garaian kontu jakina zelako edota komeni ez zitzaiolako, soilik etsai batzuek hutsegite bat leporatu ziotela eta horren ondorioz erregeak Biarnora deitu ziola. Zehaztapen geografiko horrek errege hura Nafarroakoa zela esan nahi du, Enrike II.a, seguraski. Dena den, zigorraren zio zehatza isilpean uztea Etxepare lotzen zaion tradizio literarioaren konbentzio bat zen, ze, izan, Cantuya ez da leotz ospel batera kondenatu baten oihu etsia, baizik eta pieza literario guztiz landua, Boezio-ren Filosofiaren kontsolamendua klasikoaren arrastoan taxutua eta aipu literarioz ondo hornitua.

Tradizionalki espetxealdia Etxepareren ustezko alderdikeria beaumondarrekin lotua izan da; dena den, arrazoiak bestelakoak izan zitezkeen: liburuaren amodio-olerkiek eman dioten ospe goliakordikoa gorabehera (kontu hori aipatua izan da behin baino gehiagotan, poesia horiek ariketa literariotik kontakizun autobiografikotik gehiago daukatela ahaztuta), jakin badakigu Etxepare Donibane Garaziko apaiz mundanoak erreformatzen eta diziplinatzen saiatu zela Donibaneko bikario nagusia izan zeneko garaian, eta horrek zenbait etsaigo ekarri zizkiola. Izan ere, testuak badu zantzuren bat hari horretatik tira behar dela jakiteko. Kontu hori gera bedi beste baterako, alta.

Guztiarekin ere, espetxealdia ez bide zen oso gogorra izan: “Batre minik heben eztuk lekot ialgi nahia” diotso bere buruari, hika eta guzti. Baina kontu batek, ordea, gaitzago bihurtu zion atxiloaldia:

Iangoikua orai dizit egiteko handia

Hiri honetan eriozez hilzen duzu jendia

Gathibutan hil enadin gizon ogen gabia

Osorik othoi ialgiteko zuk idazu bidia

Izterbegiak eztagidan gibeletik irria

Ogenduru zuian eta han galdu dik bizia.

Testua ondo ulertzeko kontuan har bedi heriotza horiek ez dizkiola propio aurpegiratzen Ahalguztidunari, baizik eta zuketa molde alokutiboaz baliatzen den. Bestalde, “heriotzaz hil” esaera itxuraz pleonastikoa Bibliaren itzulpenetan irakurtzen den hebraismo ezaguna da, heriotza naturalak eta bereziki izurriteek eragindakoak aipatzeko. Gauzak horrela, argiagoa da Etxeparek idatzia: bera atxilo zegoen hirian (Paue?) izurria zebilen, eta horren ondorioz hilez gero bazka ederra izango zuketen beraren arerioek:  ogenduru edo erruduna izatearen zein froga garbiago jaungoikoaren eskutik etorritako eritasun bat baino?

Izurria eta sua, Agurainen zigor bikotza

Eta izanen dirade izurriteak eta goseteak
Etxe batekin batera, San Joan eliza (Doneanaez Lazarragaren testuan) izan zen suak barkatu zuen eraikin bakarra. (irudiaren iturria: euskadi.eus)

Joan Perez Lazarragaren Istoria de la quema de Salvatierra olerkia dugu, inondik inora, Sarriren “literatura lauso”tik gehien aldentzen zaigun idazkia euskal literatura idatziaren korpusaren barruan, garaian gertaturiko jazoera historiko berri zehatza ematen zaigulako. Gainera, oinarrizkoa da eskuizkribuaren autoretza finkatzeko, “conpuesta por Laçarraga” gaineratzen baitu erdarazko izenburuak, poesia euskarazkoa izan arren. Etxe gehienak egurrezkoak ziren garaioatan suteak oso ohikoak eta suntsigarriak ziren -istripuzko suteak, noski, beste ezpal batekoak baitziren nahita eragindakoak, hala nola Arrasatekoa 1448an, zeinak arrasto ezaguna utzi zuen euskal literaturan-  eta Agurainen txanda 1564. urteko abuztuaren lehenean iritsi zen. Larreako jaunak zehatz-mehatz kontatzen digu gertaera hura, eta zehaztasun handiz, gainera, berak emandako detaile asko bat baitatoz beste iturri batzuei esker ezagutzen zenarekin.

Baina sua ez zen izan aguraindarren zorigaitz bakarra, ordea, hiria aldez aurretik izurrite batek joa zegoelako. Nahiko modu bitxian Londresko izurrite famatua eta ondoren etorri zen sutearekin paralelismoa egin liteke.

1564. urtea Zaragozaren oroimen historikoan iltzatuta geratu zen, orduantxe gertatu baitzen Aragoiko hiriburuak inoiz nozitutako izurrite latzena, eta itxura guztien arabera Arabara ere zabaldu zen kutsaduraren iturburua izan zen. Eritasunak sutearen kalteak areagotu zituen, hirian jende gutxi zegoelako sugarrei aurre egiteko, herritar batzuk inguruko herrixketara ihes eginda zeuden, eta gainera eskualdean debekua emanda zegoen inor Aguraina joan ez zedin, hots, aguraindarrak hiriko harresien barruen bortxaz konfinatuta zeuden:

… ez dago

nork sokorridu jenterik,

zerren eozen

izurriteaz urtenik.

Ifini dabe

oi eta asko penarik

komarkaetan

hara balloa gizokik,

zerren eozen

larrin guztiak beterik

persona askoz

izurriagaz gaxorik

(l. 61-72)

Eta izanen dirade izurriteak eta goseteak
Juan Tomas Porcell medikua Zaragozako izurriak hildako andre bati autopsia egiten. Epidemia hura Aragoiko aldetik hedatu zen Arabara (irudiaren iturria: Wikipedia).

Zaragozako izurrialdian aritu zen Juan Tomas Porcell medikua, bere esperientzia eta teoriak (nahiko aurreratuak garai hartako) liburu gogoangarri batean zabaldu zituena: ikerketa egiteko autopsiak eta guzti egin zituen. Baina Porcell-en eta haren kideen ahalegin guztiak gorabehera, berrogeialdia eta oro har konfinamendu zorrotza izaten zen garai zahar haietan izurriari aurre egiteko modu eraginkor bakarra, eta aguraindarrek gogor ezagutu zuten euren kalterako. Izan ere, hiru hamarkada geroago, eritasunak Gipuzkoari eraso egin zionean, horixe izan zen arabarrek hartutako neurri zorrotza, zaindariak jarri Arlaban, Sanadrian eta enparaueko mendateetan eta gipuzkoarrekiko harreman oro etetea, euskualdean gosetea eragiteraino, bertan ezinbestekoa baitzen Araba eta Gaztela aldeko garia inportatzea. Konfinamendua ezarri beharra eta horrek ohi zekarren mixeriaren arteko ezinezko oreka ongitxo ezagutzen zuten gure arbasoek, baita nortzuk izaten ziren kaltetuenak ere: herritar dexente, normalean pobreenak eta ahulenak, gaixorik ezpada gosez hil ziren estualdi itzel hartan.

Aguraina itzulita, ordea, ez da irudikatzen zaila herritarren trauma jaungoikoaren zigorrra hain ankerki ezagututa:

Izurridunak

asko eukaen llanturik,

nork bereari

oi ezin kobru emunik.

(l. 81-84)

Ze, izan, Lazarragaren eta haren garaikideen aburuz jaungoikoaren zigorra besterik ezin zitekeen horrenbesteko hondamendia. Eta irtenbidea, nola ez, olerkiaren azken lerroetan gomendatzen den jaungoikoaren lege estuak txintxo kunplitzea eta agintarien lege are zorrotzagoak otzan obeditzea:

Rejimentua

ifinzu abisadurik,

ez dagiala

bide ez daben gauzarik;

oi dafinela

republikea garbirik,

bazterrok  bere

oi ondo gobernadurik.

Begirauzu,

ez egin beste gauzarik.

Ustez hain zientifikoa den gure garaian ere bigarren horretatik aski izan dugu, eta dugu.

_____________________________________________________________

Ohar bibliografiko ñimiñoa

Etxepare zein Lazarragaren testuak gaurko idazkeraz moldatuta eman ditut hobeto ulertu beharran. Etxeparerena Klasikoen Gordailua bildumatik hartu dut,  eta Lazarragarena, aldiz, Gidor Bilbao, Ricardo Gómez eta beste batzuen edizio kritikotik. Bertan, ohar linguistiko aberatsak eta Aguraingo hondamendiarri buruzko datu interesgarri asko topatuko dira.

Bestalde,  izurriak zenbaiteranoko hondamendia eragin zezakeen iraganeko jendarteetan eta bereziki Euskal Herrian, irakurgai guztiz gomendagarria da José Antonio Azpiazuren saiakera historikoa: Esa enfermedad tan negra: la peste que asoló Euskal Herria (1597-1600) (Ttarttalo, 2011).

Eta izanen dirade izurriteak eta goseteak
Eta izanen dirade izurriteak eta goseteak
Eta izanen dirade izurriteak eta goseteak
Eta izanen dirade izurriteak eta goseteak
Eta izanen dirade izurriteak eta goseteak
Eta izanen dirade izurriteak eta goseteak

Anatopiko bokazionala. Oro har ia inori interesatzen ez zaizkion kontuez arduratzen naiz.