Eta BMWak ez digu ezer erantzuten…
Inguruotan, denok ezagutzen dugu Formican, Bridgestonen edo Guardianen lan egiten duen nor edo nor. Azken asteetan iragarri diren erregulazio espedienteek dakartena ikusita, baina, badirudi aurrerantzean gehiago ezagutuko ditugula langile ohiak lanean jarraituko dutenak baino. Eskualdeko langabezi tasa %18ra igo da, eta dagoeneko bost langiletik bat kale gorrian dago. Kale gorrian. Esamoldea ez dator bat egungo egoerarekin. Kalea gorriagoa balitz agian ez geundeke gauden ataka larrian. Hitz joko errazez gaindi, ordea, komenigarria litzateke egungo infernura eraman gaituen eredu produktiboari erreparatzea: gure herrietako parajeei azaleko bistadizoa emanez gero, ia denetan aurkituko ditugu garai batean perretxikoen antzera loratu ziren industrialdeak, lantegi zein enpresa txiki eta ertain askoren egoitza bilakatu zirenak, gehienak eraikuntza eta industri arloari lotuak.
Egun zoriontsuak ziren, eraikuntzaren urrezkoa aroa, hodeien gainean ere eraikitzen zen, bazegoen lana nonahi (beste kontu bat da zein baldintzetan) eta bankuek nahiz aurrezki kutxek kredituak oparitzen zituzten (astero dakusagu ze preziotan, kalea odolez gorritzen duten gertakarietan). Gutako edonork etxebizitza eta BMWa izateko eskubidea genuela sinestarazi ziguten, ametsa zirudien ispilatze kapitalista bati kateatuz. Dena zen ezti eta apar. Aparra apaldutakoan, baina, kolpe galanta hartu dugu, hain bait zen handiustea olatua, hain burbuilaz betea: lehen lanez lepo eta borborka zeuden industrialde horietako asko ixtear daude, eta hori guztia gutxi balitz, lantegi handienak ere, goian aipatutakoak kasu, langileak kaleratzen ari dira, gobernuaren lan erreforma baliatuz. Halako batean, ispiluan begiratu eta erdi biluzik gaudela konturatu gara. Elkarri begiratzen diogu, sinesgogor, hotzez, eta hitsez, dardarka, esanez bezala: Eta orain zer? Zein da B plana? Zeintzuk aukerak? Eta BMWak ez digu ezer erantzuten.