Xerezadejaia Bilbon azaroaren 23an

2011ko ekainean Xerezaderen Artxiboaren jaiotzaren berri eman genuenOrduan esaten genuenez, gure literatur podkastak aukera emango zizun munduko literaturarik onena euskaraz entzuteko.

Lehenengo atalean E. A. Poeren “Amontillado upela “eta “Bihotz salataria” narrazioak eman genituen, eta bigarrenean Charlotte Perkins-Gilman-en “Hormako paper horia”. Harrez gero hainbat idazleren (eta itzultzaileren) lan bikainez baliatu gara irakurketa ozenaren plazera zeuri eta geure buruari emateko: Maupassant, Borges, Neruda, Malcolm X, Susan Glaspell, Bilintx. F. S. Fitzgerald, Iban Zaldua, Patricia Highsmith, Javier González de Durana, Virginia Woolf, Kirmen Uribe, Fernando Pessoa, Katherine Mansfield, Flannery O´Connor, Shirley Jackson, Conan Doyle, Luistxo Fernandez, John Cheever… batzuk besterik ez aipatzearren.

 

Xerezaderen Artxiboa bi lagunek egiten dugu: Jasone Larrinagak eta Ana I. Moralesek. Urte eta erdi honetan estutasun bat edo beste pasatu ditugu gure proiektua aurrera eramateko, baina zorionez hiru osagai magiko eduki ditugu Asterixena baino edabe ahaltsuagoa egiteko modua eman digutenak: Bilbo Hiria Irratiko lagunen eskuzabaltasuna, gure gonbiteari erantzun dioten irakurle gonbidatuen eta itzultzaileen laguntza paregabea, eta podkast honek Xerezaderen Artxibozainoi sortzen digun ilusio itzela.

Beraz, zer ospaturik asko badugula uste dugunez, datorren ostiralean, azaroak 23, Xerezadejaia antolatu dugu Bilboko Hika Ateneoan iluntzeko 8:00etan (Ibeni kaia 1, Bilbo, San Anton elizaren ondoan), zuzeneko irakurketa saio glamuroso eta umorez betea, luxuzko gonbidatuekin: Goizalde Landabaso, Luistxo Fernandez, Iñigo Roque eta Iban Zaldua.

 

Etorri ostiralean gurekin ospatzera Xerezaderen Artxiboa literatur podkastaren jaia, eta gonbidatu zure lagunak, auzoak, ikasleak, irakasleak, senide, ezkontide eta maitaleak! Ostiralera arte!

  Xerezaderen Artxiboaren jaia