Eta bitartean galduta (I)

Iluntzeko bederatziak izango ziren. Pozas-eko tabernak hutsik zeuden. Kaleak hotz eta ilun agertzen zitzaizkigun. Bilboko karriketatik inor ez pasieran. Ez zirudien larunbat gaua zenik, baizik eta astebarruko iluntze bat. Derbiaren ajeak ekarritako tristeziak larunbat bateko gaua lausotuko zuen, agian. Goibel eta bakarti itxura zeukaten Botxoko bazter eta kantoiak. Belaunaldi honen isla, akaso.

Tabernetan bikote, nerabe eta familiak, besterik ez. Geure adinekoak non ote zeuden galdetzen genien elkarri. “Neskarekin egoteko gau aproposa da” argitu zidan nire koadrillako batek. “Arrazoia duzu” erantzun nion. “Suerte ona geurea” erantsi nuen ironikoki. Giro horretan nonbait galduta sentitzen ginen. Arrotzatzat geneuzkan geure buruak. Zorionez, telebistan emititzen ari zen futbol-partidak geure kezkak ixilarazi zituen. Madrilek irabazi behar zuen, bestela akabo San Mamés-eko bakea (geurea ere bai).

Rascacielo de Bailén; kurtxio //CC

 

Hala eta guzti, futbolak ez du betirako ematen eta kezka bera berriro azaldu zitzaidan. Itxura ezberdina hartu zuen oraingoan. “Ez gara Unibertsitatera sartu berri ginen ikasle horietakoak” aitortu nion koadrillako lagunari. “Ezta etxetik kanpo hogeita piku urteetako langile horietakoak ere (baldin badaude, noski)”, gehitu nuen segidan. Hortaz, zer gara orduan? Ez zen galdera erraza, izan ere, “nor garen” edo-ta “non gauden” bezalako itaunek ez daukate erantzun sinplerik. Filosofoek ere ez dute erantzun zehatzik aurkitu. Ez da euren lana ere. Filosofiak pentsarazi eta hausnartzeko tresnak eskeintzen dizkigu. Har dezagun kontuan, bestela oker ibiliko gara.

Behin Filosofiako irakasle batek Posmodernitatearen aroak zekarren arazo nagusia psikologikoa izango zela erran zigun. Hainbat urte pasatuz gero, bete-betean asmatu zuelakoan nago. Nire aburuz, “Jainko” (goikoa zein lurrakoak) eta lanik gabe aurreko belaunaldietatik jasotako errefentziak galdu ditugu. Geure gurasoek bizi izan zuten mundua bestelakoa izan zen; 23-27 urteekin lanean; bikotearekin eta etxe bila ziharduten gehienek. Nahiz eta krisi ekonomikoak pairatu, norengana jo bazekiten. Ideologia edo “hiri-tribu” batean edo bestean oinarritu zituzten kexak eta itxaropenak. Dena den, atzera begiratzea erosoa dela aitortzen dut. Nork bere “zorigaitza” areagotzeko tresna izan liteke. Irudikeri hutsa. 

(Jarraituko du…) 

 

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.