Play Station 4 vs. ZX Spectrum +

http://alteretaego.wordpress.com

26_ez oparitu honelako bat

Alter dixit.

Bazterrean utzi ditugun jostailuak dira iragan denboraren isla esanguratsuena. Eboluzioa adieraziko dute batzuentzat, malenkonia beste batzuentzat. Baina bueltan etorriko ez den atzo baten metafora dira denontzat, baita aurrez aipatutako horientzat ere.

Zeinen esker txarrekoa den hormako egutegitik kentzen dugun orrietako bakoitza. Filmekin ere gertatzen da: gaizki adintzen direla kasurik gehienetan, klasiko atenporalen sailean sar genitzakeen zenbait harribitxi salbu.

Joan zen astean egin zuten Play Station 4 kontsolaren aurkezpen mundiala. Bakoitzak ikusiko du gure aisia betetzeko tresna batek 350 euro balio dituen ala ez. Dena den, eta orain garena aurrez izan ginena izan ginelako garela badakigunez, amaren etxeko ganbarako txoko ezkuturen batean gordeta egongo den tramankulu bat ekarri nahi nuke gogora, behar bada, argazkiko panpina zaharren bilduma horren azpian edo egongo dena: nire umetako ZX Spectrum +.

Gure gizarteak ez du atzera begiratzeko astirik hartzen. Edo ez diogu uzten, nahiago duzuen bezala. Behin aipatu bezala, oraina ez da existitzen gaur egun: dena da iragana edo geroa. Adibide bat jartzeagatik: Play Station 4 joan zen aste hasieran etortzear zegoen nobedadea zen; aste bukaeran, jada, etorrita zegoen. Eta kontsola hori egin duten tipoek, aurkeztu zen egun berbererako, 5a nahiko aurreratua izango dute.

Gaur egun, dena iraungitzen da nobedadea den momentuan. Laneko nagusiak eskatu berri digun ez dakit zeren inguruko txosten garrantzitsu hori ere atzorako behar du. Eta txarrena da ohitu egin garela gauzak horrela izatera. Ohitu egin gara gure kontroletik kanpo geratzen den abiadura horretara. Oraina lehena da, gaurra atzoa.

Horregatik etorriko zitzaidan umetako Spectruma gogora, abiadura handiko tren horretatik salto egin nahian, atzera begiratzeko atrebentzia izan dudalako. Nerabezaroa Erika Eleniak edo Pamela Anderson miretsiz eman ez duzuenok agian behar adina informazio ez duzuelakoan, hona hemen hizpide dudanaren inguruko zenbait datu: 7,5 Mhz-eko mikroprozesadorea, 48 kB-eko RAM memoria, 15 koloretako paleta, kanal bakarreko soinua eta, bitxiena, audio-kasetea programak eta datuak elkartrukatzeko sistema bezala… 30 urtetik beherakoek sinistu ere ez dute egingo kontatzen ari naizena. Bada, jakizue, izugarria zela!

Arratsalde euritsuetan lapurtzen nion amari sukaldeko radiokasetea. Telebistarako konexioak atondu (eurokonektorea zer zen ere ez genekien oraindik), lagun artean pirateatzen genituen modako bideojokoren baten zinta sartu eta hura zen gozamena. Spy Hunter, Batman, Match Point, Pssst, Chequered Flag, Kung-Fu… Baina, bereziki, Green Beret eta Daley Thompon´s Decathlon.

Gainera, jokatzea bera baino askoz irrikagarriagoa zen jokoa kargatu bitarteko bospasei minutuetan sortzen zitzaizun ezinegona, pantailan sarrerako irudiak agertzen ziren arte irauten zuena.

Orduan bai etortzear zegoena irrikaz itxoiten genuela… Zoritxarrez, orain, dena azkarregi doa. Trenetik jaisteko tarteren bat aurkitzekotan, bisitatu honako esteka hau: http://www.zxspectrum.net.

Ego dixi.