Estibalizko santutegiaren aurkako atentatua
- 2019-01-30 09:00
- Jon Martinez Larrea
Estibalizko santutegiaren aurkako atentatua –
1975ean Franco eta bere erregimena hilzorian zeuden arren, ez zuten arazorik errepresioa areagotzeko; hala, salbuespen egoera ezarri zen Bizkaian eta Gipuzkoan, nola, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militante exekutatuak izan ziren. Testuinguru horretan, talde parapolizialen bortizkeria agertu zen; bere eragina nabarmenagoa izan zen Bizkaian, Gipuzkoan edo Lapurdin, baina Araban ere eraso batzuk egon ziren.
Jose Angel Etxaniz historialariak talde parapolizialen agerpena Estatu Frankistaren egiturekin lotzen ditu, SECED eta berarekin lotuta zegoen Grupo de Operaciones del Servicio Secreto de Información de la Guardia Civil (GOSSI), hain zuzen ere. Bere ustez: “Sus acciones se dirigieron sistemáticamente contra adversarios políticos y sectores de la población. Su final no era el asesinato, pero tampoco fue excluido.” Era berean, nabarmentzen duenez: “Los efectivos del terrorismo “incontrolado” fueron siempre funcionarios, miembros de las llamadas fuerzas de orden público, concretamente del GOSSI de la Guardia Civil.” (ETXANIZ, José Angel, El último estado de excepción (Primavera-Verano de 1975), Aldaba, 133)
Araban lehenengo erasoa Estibalizko santutegiaren aurkakoa izan zen maiatzean. Monasterioko monjeak aspalditik zeuden susmopean. Agintarientzat, euskaltzaletasuna eta antifrankismoaren bilgune zen, esaterako, 1969an Udaberri izeneko planean monasterioaren eragina azpimarratzen zen Araban.
Izan ere, urte bat lehenago, Olabide ikastolako gurasoek hainbat bilera egin zuten bertan euskara Araban zabaltzeko asmoz, Ixidor Baztarrika prioreren laguntzarekin. Hauek bertan behera geratu ziren, Gontzal Fotaneda, ETAko kidea, atxilotuak izan zenean. Bilera horietan parte hartu omen zuten, eta parte hartzailea guztiak pasatu behar ziren komisariatik. Hurrengo urteetan hainbat agiri ofizialetan monasterioren jardueren kontrola proposatzen zen.
Atentatua maiatzaren 24ko gauean gertatu zen. Goizeko 3retan koktel molotov bat bota zuten monasterioko dendaren aurka, sute bat eragin zuen, baina berehala itzali zuten. Azpimarragarria da informazio zerbitzuen txostenean ez zegoelako apenas informaziorik susmagarriei buruz, kotxe batean ihes egin zutela besterik ez zen aipatzen, aitzitik, monasterioko monjeei buruzko informazio ugari agertzen zen.
Beraien ideologia abertzalea azpimarratzeaz gain, prioreak Jesus Maria Markiegi Motriko ETAko kidearen hiletan parte hartu zuela gogoratzen zen. Txostenean agertu ez arren, Estibalizen bertan Markiegiren aldeko meza programatuta zegoen 25erako, eta atentatuak ezin zuen ekidin, jende andana bildu baitzen.
Markiegi arrasatearra zen jaiotzez, baina Gasteizen ikasi zuen, Jesus Obreron, hain zuzen ere. Garai horretan ezagun bihurtu zen antifrankismoaren munduan, ikasle grebak sustatu zituelako, hori zela eta, bere heriotza oso sentitua izan zen Arabako hiriburuan. Guardia Zibilak Motriko hil zuen Gernikan maiatzaren 14an; babestuta zegoen etxea inguratu zuten, baina Markiegi zaurituta izanda ere, ihes egitea lortu zuen. Etxeko jabeak, Iñaki Garai eta Blanca Salegi, aldiz, exekutatuak izan ziren bertan. Azkenean, ordu batzuen ostean Guardia Zibilak Markiegi harrapatu eta hil zuen mendian.
Atentatuaren ostean panfleto anonimo bat zabaldu zen Gasteizen, horretan ultraeskuindarren egiletza ezeztatzeaz aparte, errua botatzen zioten ETAri edo santutegiko fraideei: “¿Lo habrán puesto los frailes para tener un motivo en que justificar, si es posible, enconadas homilias antirrégimen y anti todo que llenen de confusión al Pueblo de Dios?”. Finean, atentatuaren onuradunak terrorismoa eta nazioarteko marxismoa omen ziren. Hilabete horietan horrelako panfletoak ugaritu ziren Gasteizko kaleetan, bere xedea zen oposizioa iraintzea eta gizartea nahastea.
Azpimarragarria da bere burua katolikotzat hartzen zuen erregimen batek ez zuen eragozpenik elizako eraikinak erasotzeko. Elizaren sektore bat diktaduraren aurka lerrokatu zen, batez ere, Euskal Herrian, eta horrek bere eragina eduki zuen Araban. Bestalde, manifestazioak egiteko zailtasunen aurrean, maiz mezak diktaduraren aurkako bilgune bihurtu ziren. Atentatuarekin Markiegiren aldeko meza ekiditeaz gain, elizaren sektore antifrankista beldurtu eta gizartea nahastu nahi zuten.