Estatua bat
Estatua bat –
Pertsona bat zutik eta geldirik, Nafarroako edozein kaletan. Estatua bat izan zitekeen, baina bapatean zigarro bat atera du patrikatik. Maskara kendu, zigarroa ezpainetan jarri, sua eman eta erretzen hasi da. Ez du plazer handirik adierazten, ez da egunean lau zigarro eder erretzen dituen horietakoa. Zupada azkar batzuk eman, zigarro-mutxikina lurrean zapaldu, eta pauso biziz jarraitu du bidea.
Egoeraren parabola? Izututa gaude eta aginduak bete egiten ditugu, oso ulergarriak ez badira ere. Kale erdian geldirik eta bakarka plantatu gaitezke zigarroa erretzen, gauzarik naturalena bailitzan, ibilian erretzeko debekuaren arrazoiak zorrotz eskatu ordez.
Pandemia hau pasatuko da, eta birusa bihurtuko da erasan gaitzakeen enegarrena. Gehienok hartuko dugu txertoa, inmunitate maila jakin bat lortu arte, eta tasatuko dugu aldiro heriotzetan eman beharreko ordaina. Hori etorriko da, bai, baina ez gara lehengoak izango. Aginduak obeditzera ohitzen ari gara, baita oso ulergarriak ez direnean ere. Eta horrek infantilizatu egiten gaitu, otzandu, kalean bakarka eta geldirik erretzen duten estatua beldurtiak bihurtzeraino.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko urtarrilaren 14ekoa]