Espetxe-transferentziak: pertsonak zaintzeko bide bat
Espetxe-transferentziak: pertsonak zaintzeko bide bat –
Lehenik eta behin nortzuk garen aurkeztu nahi dugu. ESEN (Espetxe Sarea Euskadi-Nafarroa) Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan kartzela arloan lan egiten duten gizarte-erakundeen sare bat da, eta 2014ko ekainean aurkeztu zen jendaurrean, Euskadiko espetxe-errealitatea aztertzeko jardunaldi bat antolatuaz Bilbon. Euskadi eta Nafarroako espetxe-arloko gizarte-erakundeen arteko antolaketa eta lankidetza 2010. urtean hasi zen. Urte horretan, presoentzako harrera-baliabideak kudeatzen zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat elkarte eta erakunde bildu ginen gure arteko lankidetza-puntuak aurkitzeko eta arazo komunak definitzeko, espetxe zigorra betetzen zuten pertsonei arreta hobea emateko.
2013an Madrilen sortutako Espetxe Inguruneko Erakundeen Estatuko Sarean (ROSEP) sartuta dago ESEN eta gure lan-helburuak honako hauek dira: espetxe-errealitatea agenda politikoan eta gizartekoan sartzea, pertsona eskubide-subjektu gisa eta birgizarteratzeko dituen aukeretan zentratutako zigor-tratamendua eta espetxe-tratamendua sustatzea, askatasunik gabe dauden pertsonen beharrei erantzuteko gizarte-politikak aztertzea eta horietan eragitea, eta kolektibo honen errealitateari eta guztion erantzunkidetasunari buruz gizartea sentsibilizatzea.
Gaur egun, hogei bat gizarte-erakundek osatzen dugu ESEN: Adap, Adsis-Bestalde, Arrats, Berriztu, Bidesari, Arabako Hiesaren Kontrako Komite Hiritarra, Euskadiko Gurutze Gorria, Etorkintza Elkargoa, Erain, Gizakia Fundazioa, Goiztiri, Loiola Etxea, Osabideak, Sare Laguntza GIB/HIES, Salhaketa, Erroak-Sartu Elkartea, Susterra, Zubiko eta Zubietxe.
Duela hogeita hamar urte, 1990eko abenduan, Nazio Batuen Erakundeak ‘Askatasun gabeziaren ordezko neurriei buruzko gutxieneko arauak’ izeneko ebazpena onartu zuen, Tokioko arauak bezala ezagutzen dena. Adierazten dute uste osoa dutela espetxeratzearen ordezko neurriak eta neurri alternatiboak bide eraginkorrak izan daitezkeela delituak egin dituzten pertsonei arreta emateko, eta komunitateak parte-hartze handiagoa izan behar duela zigor-arloko justiziaren kudeaketan eta delitugileei aplikatu beharreko araubidean. Baieztapen hau egiten da: askatasuna kentzen ez duten neurriak sustatzea guztiz onuragarria dela pertsona hauentzat eta gizartearentzat. Hogei urte geroago, 2010eko abenduan, NBEk presoak tratatzeko Bangkokeko Arauak eta emakume delitugileei askatasuna ez kentzeko neurriak onartu zituen, askatasunik gabeko emakumeak hainbat arrazoirengatik bereziki zaurgarriak direla kontuan izanda. Arau horiek estatuak motibatu nahi dituzte espetxeratzearen ordezko neurriak ezar ditzaten, sistema horiek finantzatzeari lehentasuna eman diezaieten eta sistema horiek aplikatzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatu ditzaten.
Datorren urteko martxorako iragarri da Euskadira espetxe-transferentziak ekartzea. ESENetik pentsatzen dugu lehentasunezkoa dela gizartearen eta erakundeen parte hartzearekin osatutako mahai bat sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan askatasunik gabe dauden pertsonen arreta antolatzeko eta planifikatzeko balioko duena. Planak eta antolaketa prest izateko transferentziak bere gain hartzen direnerako.
Prozesu horrek lau oinarri sendo izan behar ditu: komunitateko gizarte, hezkuntza eta osasun-zerbitzuen sostengu irmoa bateratzea; adostasun sozial zabala sustatzea; behar adina aurrekontu izatea eta askatasunaz gabetzeko zigorren aplikazioan helburu humanizatzailea defendatzea. Ildo horretan, gogorarazi behar dugu gizarte-zerbitzuen arloko euskal legeriak (Gizarte Zerbitzuen Legeak eta Prestazio eta Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuak) ez duela presoen kolektiboa aipatzen, eta horrek zailtasun handiak sortzen dituela arreta komunitarioa emateko. Bereziki kontuan hartu beharko lirateke presoek dituzten ahultasun eta premiak, eta haien arreta kontuan hartuko duen lege-esparru bat eduki beharko litzateke.
Espetxe-zigorra betetzen duten pertsonen % 40k ingurune irekian eta baldintzapeko askatasunean banakako ibilbideak egitea defendatzen dugu. Ideia hori berresten dugu, espetxean dauden pertsonen gizarteratzea lortzeko eta berrerortzeak murrizteko formularik eraginkorrena delako. Horretarako, komunitatean egoitza-plazak eta arretarako plazak sortu eta hornitu behar dira, familia laguntzarik ez duten edo programa espezializatu bat (hezkuntza, psikologia edo osasun arloan, jokabideak kontrolatzeko edo prestakuntzarako) behar duten presoak hartzeko. Gizarteratze Zentroak edo Mendeko Unitateak bultzatu beharko lirateke presoei arreta emateko erreferentziazko zentro gisa, hau da, ingurune irekian garatuko liratekeen espetxeratzearen ordezko sistema eta mekanismoetan inbertitu behar da.
Artikulu honen izenburua gogoratuz, transferentzien kontzeptua zaintzarekin (pertsonena eta komunitatearena) lotzen dugu. Zaintzeak esan nahi du arduratsuak izatea, arreta izatea eta gogoa jartzea ekintza bat gauzatzean, asistentzia lana eta hausnarketa ere. Erakundeek eta gizarteak prest edukiko gaituzte beti bide honetan: transferentziak egiteko orduan espetxeratutako pertsonek dituzten behar ugariak kontutan hartzea nahi dugu, komunitatetik bertatik, delituen biktimen arretan, delituaren prebentzioan, askatasunaz gabetzeko zigorraren ordezko aukerak sustatzean (erregimen irekiarekin, baldintzapeko askatasunarekin, bitartekaritzarekin, ordezkapen-neurriekin, komunitatearen aldeko lanekin, etab.) eta hezkuntza, osasun, prestakuntza edo laguntza-baliabideak garatzen. Ez da seguruagoa askatasun gabezian pertsona gehiago dituen gizartea. Seguruagoa da gizarteratze-prozesu errealak eta komunitarioak bideratzen ditugunean. Espetxera sartzeko mekanismoak eta prozesuak ezarrita eta zehaztuta dauzkagu, baina askatasuna berreskuratzeko orduan ibilbide egokiei buruz ez dugu eztabaidatu eta adostu, eta ez dira baliabide nahikorik ezarri.