Espektakulua, jendartearen amesgaiztoa

telebasura

ZuZeuko plazan izan dugu eztabaida egunotan, eta Leire Palacios (@anniesdelmono) kazetariak ere aipatu du gaur bertan bere eguneroko zirtoan. Zer esan EiTBren norabideaz?Zer nolako EiTB dugu helburu? Eta Asun Osinaldek iruzkinetan aipatutako datuak aintzat hartuz: Zergatik ez ditu amantonik ere ikusten hainbeste laudatzen ditugun saioak? Badu mamia eztabaidak.

‘Mujeres y hombres’ ereduaz ari denean Nakor Gonzalezek hainbat saio aipatzen ditu; tartean, Palacios berak aztertzen duen Gu ta gutarrak edo El Conquistador. Bat nator berarekin helburuen inguruan dagoen distortsioarekin eta auzolotsa eragiten didate saiook eta transmititzen dituzten balioek. Baina saldu saltzen dute, eta horren erakusle dira Berlusconiren telebistak Euskal Herrian lortzen dituen audientzia datu onak. Krisi garaiotan ondo etorriko zaigu Guy Debordek ‘La Société du spectacle’ lanean galdetzen zuena gogora ekartzea: ¿Nola egin txiroek lan egin dezaten, esperantza oro desagertu eta indar guztia joan denean? (…) Espektakulua jendartearen amesgaiztoa da. Merkantzia ilusioa erreala da, eta espektakulua bere manifestazio orokorra. Halaxe dio situazionismoaren aitak. Garaiak ezberdinak dira, baina badute antzekotasunik, ala? Working poor fenomenoa ezagun dugu behintzat.

EiTBk Telecinco eta enparauekin lehiatzea erabaki du, beren ‘arrakastaren’ arrazoia izan den telezaborra imitatuz. Espektakuluaren joko efektibista hautatu dute, baina, Palaciosek dioen bezala: Azpimarra, Sautrela eta antzeko saioak mantenduz, era berean. Kate pribatuekin lehiatu nahi da, kate publiko batean ohikoak diren bestelako taxuzko saio batzuk mantenduz. Eta azkenean ez bata ez bestea. Deus ez da lortzen, telebista itzaltzeko gogoa baino.

Espektakulua, jendartearen amesgaiztoa

Ekaitza bainuontzi batean