Sautrela 384 aurrerapena (Mixel Itzaina)

Mixel ItzainaFernando Aire Etxart, Xalbador, dudarik gabe gure bertsolari behinenetako bat dugu, osoki berea zuen bertsoera baten sortzaile bakana. Haren soslai poetikoa nabarmendu izan da ez gutxitan, eta hala, bertsolariaz haratago, poetatzat jo izan dute askok. Horixe da Mixel Itzaina gai jartzaile eta bertsolaritzan adituaren iritzia, sobera urrun joan gabe. Liburu berria idatzi du Xalbadorren gainean: Xalbador (1920-1976). Bertsolariaren bizitza ez ezik haren bertsoak ontzeko modua aztertu du, zertan zen hain berezi, zeri ematen zion garrantzia gehien, eta abar. Tartean, jakina, 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian jasotako txistuez ere idatzi digu, non Itzaina bera epaimahaiko kide baitzen. Horrekin batera Xalbador zendu zen egunaz ere jardun da. Ugarik gogoan duten eguna izan zen hura, Urepelen egin zitzaion omenaldiaren egunean bertan hil baitzen Xalbador. Bertsolariari buruz ariko zaigu, bada, Itzaina, elkarrizketaren atalean.

Egokiera hori aprobetxatuz, bertsolaritza eta literaturaren arteko harremanez jardungo gara erreportajean. Gure zakutik berreskuratutako piezan, Uxue Alberdi eta Xabier Amuriza, biak ere bertsolari, biak ere idazle, mintzoko zaizkigu gaiaren inguruan: bertsolaritza literatura ote da? Hala ez izatera, zertan bereizten dira? Zeintzuk dira bakoitzaren ezaugarri nagusiak?

Saioaren amaiera aldera BeƱat Sarasolak Xalbadorren liburu ia mitikoa izango du hizpide hain zuzen ere, Odolaren mintzoa. Xalbadorrek lehen pertsonan idatzitako liburua da, alde batetik bere bizitzaren zertzelada batzuk ematen dituena, eta bestetik, bertso nabarmen ugari biltzen duena. Horietako zenbait, gainera, Xalbadorren beraren zenbait oharrez onduak dira.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.