Espazioa eta unea berreskuratzea

Espazioa eta unea berreskuratzea –

Palestinako genozidioak berriro astindu du bizi garen mundua. Sistema kapitalistak aberastasuna metatzeko proiektuan “baztergarritzat” jotzen dituen herri menderatuen eta desjabetuen errealitate gordina erakusten digu. Alabaina, errealitate gogor horrek herri baten biziraupenaren aurrean ere jartzen gaitu; izan ere, nazioarteko botereek babestutako estatu batek hainbat hamarkadatan eragin duen jazarpenaren eta zigorraren ondoren, herri horrek borrokarako bokazioari eta duintasun kolektiboari eusten jakin du.

Espazioa eta unea berreskuratzea
Arg: Myriams-Fotos

Herriek -dio psikologia sozialak- mehatxuen aurka borrokatzea erabakitzen dute, kide bakoitzaren identitatea besteenetik banaezina dela sentitzen dutenean. Identitatearen batasun hori indibidualismoaren eta gainerakoen sufrimenduaren aurreko axolagabekeriaren alderantzizko bidea da, eta badirudi gaur egun mendebaldeko gizarteetan gehien errotuta dagoen balioa dela.

Iraganari begiratuz gero, Euskal Herriak mendetan zehar nortasun propioa duen komunitate gisa bere burua berresten jakin du. Horrela, bere funtsezko identitate-elementuetako batek, euskarak, bizirik iraun du, hori transmititzea eta bere izatearen zati gisa defendatzea erabaki zuten gizon-emakumeen belaunaldien erabakitasunari esker.

Baina ez da euskara bakarrik izan herri gisa batu gaituena. Hainbat hamarkadatan, modu kolektiboan erantzun diegu errepresio-egoerei, lan-eskubideen aurkako erasoei edo jendarte-premiei, bidegabekeriari eta inposaketari. Ez gara herri etxekotua izan, ezta pasiboa ere, eta segur aski sentipen horrek eraiki du gure nortasuna.

Baina, era berean, onartu behar da egungo egoera, gutxienez, kezkagarria dela. Jendarte-mugimenduek, milaka herritarren ekintza- eta aktibismo-sare historikoak izan direnek, behe orduak bizi dituzte. Hala ere, ukaezina da, indar gehiago edo gutxiagorekin, bai mugimendu feministak, langile eta gazte mugimenduak, pentsionistenak, mugimendu ekologistak, euskalgintzak… badutela oraindik sistema kapitalistaren erasoen aurka mobilizatu eta erantzunak artikulatzeko gaitasunik; kontsumismoak eta asimilazio kulturalak joera gisa geldiezinak diruditen bitartean.

Gezurra badirudi ere, erakundeetan sistemaren “akatsak” zuzentzeko arduradun bakarrak politikariak direnaren ideia sendotuz joan da gure artean. Aldi berean, alderdi politikoek uko egin diote beren oinarri militanteak antolatzeari, eztabaidatzeari eta protagonismoa emateari. Eta sare sozialek eta komunikabideek kontrastea, erabaki kolektiboak eta espazio publikoak ordezkatu dituzte. Ondorioz, gure kaleek eta plazek protagonismoa galdu dute, eta gutxieneko jarduera bat hauteskunde-kanpainetan baino ez dute erakusten, non “spindoctor” itxurako hizlariek beren diskurtso prefabrikatuak aldarrikatzen dituzten dagoeneko konbentzituta dagoen publikoaren aurrean. Jarduera horren helburu bakarra boto-emaileen kuota handitzea da, lorpen horrek berez independentziara, feminismora eta sozialismora gehiago hurbilduko bagintu bezala. Ildo horretan, politika bideo-politika bihurtu da, eta herritarren parte-hartzea eszenifikaziotik gertuago dago borroka sozialetik baino. Ez gara benetako botere-alternatiba bat eraikitzen ari, boterean txandakatze hutsa izatearekin konformatzen gara.

Testuinguru horretan, herri-mugimenduak historikoki bete izan duen papera galdu du, ez protagonista ez bigarren mailakoa. Ezta hurrik eman ere, zeregin propio eta auto-zentratua. Hala ere,gure jendarteak inoiz baino gehiago behar ditu errealitatean txertatutako haren proposamenak, subjektu sozial protagonistak behar ditu autodefentsa posible dela frogatzeko, botereekin elkarrizketa soziala behar du, argi uzteko nortasun propioa eta borrokarako gaitasuna dituen herri bat izaten jarraitzen dugula, bai, jende askoren iruditerian iraganeko elementu gisa agertzen den ezaugarri hori.

Izan ere, mundurik onenean bizi garela, mugarik gabe hazten jarraitu ahal izango dugula, kapitalismoak “europarrak” izateagatik errespetatzen gaituela eta Euskal Herriak historian zehar bere biziraupena lortu duela sinetsarazi nahi bazaigu ere, errealitatea, prekarietatearen eta gure nortasunaren desjabetzerako erresistentziaren aldetik ikusita, nor garen eta borrokan jarraitzeko zer izan nahi dugun jakin behar dugula da.

Nola berreskuratu orduan espazioa eta nola bilatu geure burua iraultzeko unea, eta nola sentitu berriro bere nortasunak eta balioek elkartutako herri gisa? Agian tresna berriak behar ditugu, daudenak ordezkatuko ez dituztenak, espazioa monopolizatzea bilatuko ez dutenak eta alferrikako lehian sartuko ez direnak. Agian, tresna berriak beharko dira hustutako espazio sozialetan bizitza emateko, bideo-politikaren ikusle gisa pairatzen dugun errealitate bizigabea aldatzeko benetan balioko dutenak.

Agian, gure helburuak, herri gisa, gizakien benetako lehentasunetan oinarritu behar ditugu: gure herrian eta gure erabakiekin bizi ahal izatea, geure baliabideetatik bizi ahal izatea, beste lurralde batzuk ustiatu gabe eta gurea errespetatuz, gure hizkuntza eta kulturarekin, lan eta etxebizitza duinekin, eskola eta osasun-zaintza publiko eta humanizatuekin, behar gaituzten munduko gainerako herri eta pertsonei irekita…

Desira-zerrenda bat izan daiteke, kontsumo-maila altua duten klase ertainen fikziotik urrun dagoena: turista dirudun piloa duten bizitegi-eremuak, laborerik gabeko lurrak eta pobrezia gogaikarria ikusezin bihurtzeko hiri segregatuak… Baina espazioa eta elkarrekin planto egiteko unea ezin dira zain egon, eta Pirinioen bi aldeetan bere ingurua zaintzen duen herri aske eta solidario baten aspaldiko ametsa gure atzetik datozenei utz diezaiekegun ondarerik onena izango delako.

 

Izenpetzaileak

Mati Iturralde

Julen Larrinaga

Iker Mendibe

Joseba Alvarez

Espazioa eta unea berreskuratzea Espazioa eta unea berreskuratzea Espazioa eta unea berreskuratzea

Medikua

2 pentsamendu “Espazioa eta unea berreskuratzea”-ri buruz

  • Bitartean, Zuhaitz Gurrutxagak “SUBCAMPEON’ bere liburu berria gazteleraz idazten du. Euskal erreferenteek ere kale egiten digutenean, inoiz baino argiago, estatu propio baten beharra daukagu.

  • Bazen garaia norbaitek asimilazioari buruz hitz egiteko! Erreferentzia berri bat behar dugu! Alderdi instituzionalek euskaldunak erabili eta bertan jarrai. Euskaldunok, aldiz, desagertzeko arriskuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude