Espainolei falta zaizkien esplikazioak
Egia esan, ez dut uste Kataluniak datozen urteetan independentzia lortuko duenik. Egia esan, uste dut guk dugun “Kontzertu Ekonomikoa”ren antzeko zerbait eskuratu nahi duela Mas-ek. Baliteke erratzea eta Kataluniak independentzia lortzea, baina harrituko nintzateke, benetan. Harridura hori onera izango litzateke, gainera. Nire ustez, Katalunia eta Euskadi- Euskal Herria (deitu nahi bezala) estatu bilakatu behar dira. Ez diot hau abertzalea naizelako soilik, Espainiako jendarteari begira ere, mesede bat egingo geniekeelakoan nago.
Katalunia eta Euskadi-Euskal Herria barik, estatua armonizatzeko dituzten arazoak akabotzat emango lirateke Espainan. Izan ere, katalanuniarrak eta gu salbu; Estatua osatzen duten beste “erkidegoek” ez dute autogobernuan sakontzeko aspirazio handirik. Galizia eta Andaluzia agian, Madril eta Gaztela Leon ez dut pentsatzen, ordea. Gainera, ez dute Espainiatik alde egin nahi; Espainiako zaindarientzako lasaigarri. Hori dela-eta, Katalunia eta Hegoaldea barik, PP-PSOE-UPyD-k amestutako “Madril = Espaina” guztion mesedetan gauzagarri litzateke. Patxada handiagoz, gainera.
Hala eta guztiz ere, soluzio razional honek hainbat buruhauste sortuko lituzke Espainiako defendatzaile sutsuen baitan. 13 TV, Intereconomía eta enparauek etsai berriak aurkitu beharko lituzkete. Ez hori bakarrik, eredu berriak ere antzematen ahalegindu beharko lirateke. Ez dezagun ahaztu “euskaldun ona/txarra” edota “katalan ona/txarra”-ren dikotomia oso erabilgarria izan zaiela Espainako batasuna defenditzen duten komunikabideei. Esaterako, ez da berdina Edurne Uriarte edo Juan José Ibarretxe izatea, ezta Albert Boadella edo Carod Rovira ere. Uriarte eta Boadella eredugarriak dira; Ibarretxe eta Rovira gorrotogarriak, ordea.
Hortik datorkio arazoa Espainako nazionalismoari: uneko egitura politiko esplikatzeko diskurtso irrazionala eratu dute, horrek dakartzan gabezia demokratikoekin. Azken finean, inork ez du azaldu nahi zergatik daukan Espainiak egun daukan egitura. Konstituzioara jotzea izaten da erabiltzen den argudio soila, besterik ez. Bueno, batzutan “nazionalismoaren zekenkeria” aipatzen da. Ematen du autonomia eskatzea kapritxo bat dela. Ematen du, gainera, estatu zentralari hertsiki lotuta egon behar garela denok; naturala bailitzan; herri borondatea Giza Eskubideen kodean gehigarria bailitzan.
Izana izan, esplikazio falta horrek Espainiari besterik ez dio kalterik egiten. Izan ere, euskaldunok eta kataluniarrak gutxi gora behera badakigu zer gertatzen den geure herrietan; zeintzuk diren gatazka politikoen sustrai eta erroak, alegia. Espainolak ez daki, ordea. Eta penagarria da, oso. Are penagarriagoa da ezjakintasun hori sustatzea, kasu honetan gertatu bezala. Errazago izan zaio Espainako nazionalismoari aldarrikapen denak errefusatzea; errefusatze horiek explikatzea baino. Hori dela-eta, PSOEk eredu federala edo PSCren jarrera azaltzea zail dauka.
Argi dago Espainia eta Konstituzioa goraipatzeko argudio irrazionalak erabilgarria izan direla, eta nik euskal eta katalan gatazkak behar bezala ez esplikatzeko hiru hipotesi somatu ditut: 1-PP eta PSOEk ez dute Euskadi- Euskal Herrian eta Katalunian gertatzen dena ulertzen; 2- Espainolak tontoak direla pentsatzen dutela; 3-Espainolek geure aldarrikapenak konprenitzeari beldur izaten diotela. Lehena ez dut sinisten. Hor dugu PSC-ren jokaera; erabakitze eskubidea defendatuz; baita UPN-k eta EAEko PP-k Foru Aldundiekiko jarrera. Baliteke bigarrena; Zapatero krisiarekin edo-ta Aznar M-11an gertatuakorekin ez dugu oso urrun. Espainolak tontoak zirela uste zuten, baina espainol gutxik sinistu zien.
Hori dela-eta; nik uste hirugarren hipotesia dela ardatza. Demagun, Espainiako herria hemengo eta Kataluniako aldarrikapenak ulertzen eta errespetatzen hasten dela. Demagun, beraz, Espainako erregimena unean- uneko egitura dela, hortaz, aldakorra ere izan litekeela konprenitzen duela. Demagun, burutzeko, Konstituzioa eta Monarkia, esaterako, ez direla “higiezinak” barneratzen duela. Imajina dezakezue zelango astintzea izango litzatekeen PSOE eta PPko diskurtsoentzat? Ez diot “Espainaren amaiera” ekarriko lukeenik; baina Espaina ulertzeko modu arrazionalagoa eta horren ondorioz, erlatibizatzeko maila ere ezberdina izango litzatekeelakoan nago.
Hala eta guztiz ere, hauxe dena ameskeria da. Hasteko, ez dut pentsatzen nire argudioa oso zuzena denik, “teoriak” zulatuta baitaude, segitzeko, ez dut uste Espainan ariketa pedagogiko hori gertatuko denik. Espainako futbol selekzioak hainbeste kopa irabaziz gero, jokalari denak agian ez direla espainol sentintzen azaltzea ez da oso komenigarria Estatuaren biziraupenaren izenean;izan ere, krisi honek Espainari eman dion irtenbide bakarra, ia mito bihurtu dena; deseuztatuko litzateke. Amaitzeko, ez naiz seguru zergatik nahi duten espainiarrek Katalunia eta Euskadi-Euskal Herria estatu barruan izatea. Ez dakit harrotasun edo diru kontua den.
Enpin, amestea debaldea da eta nik amesten jarraitu nahi dut. Pentsatu nahi dut, beraz, Espainako herriak ulertuko gaituela noizbait. Pentsatu nahi dut, Europako Batasunera sartzeko ere ez digutela inolako oztoporik jarriko eta pentsatu nahi dut oso harreman ona izango dugula bai Iparraldeko bai Hegoaldeko auzolagunekin. Horretarako, pedagogia itzela egin behar dugula uste dut. Azaldu beharko genuke, beraz, zergatik nahi dugun estatu bihurtu eta ekarriko lituzkeen etekinak. Barruan, zein, kanpoan.
Batzuk esango dute ametsetan ari naizela. Baliteke hala izatea. Baina nork esango zuen, orain dela 15 edo 50 urte, gauden egoeran egongo ginela?
“Amaitzeko, ez naiz seguru zergatik nahi duten espainiarrek Katalunia eta Euskadi-Euskal Herria estatu barruan izatea. Ez dakit harrotasun edo diru kontua den.”
Ametsak egiteari uzten diozunean, has zaitezke galdera batzuri erantzun bilatzen. Aurkitzen dituzunean ,artikuluak idazteari ekin. Animo.