Euskal Herriko karniboroen egoera, Elhuyar aldizkariaren azaroko zenbakian

Elhuyar aldizkariaren azaroko zenbakian, Euskal Herriko karniboroen egoera ezagutuko dugu, Ihobeko Klima Aldaketa eta Bioaniztasuna saileko buru den Jabi Zabala biologoaren laguntzarekin. Euskal Herriko karniboroak ez dira lehoiak eta tigreak bezain ikusgarriak akaso; haiek bezain handiak ez. Baina hemen ere badira karniboroak, Carnivora ordenako ugaztunak, alegia; eta ez gutxi, dozena bat, hain zuzen ere. Eta litekeena da hurrengo urteetan hamahirugarren bat ere izatea. Gai hau da azaroko Elhuyar aldizkariko gai nagusia, eta honi buruzko informazio osoa kaleratu berri den aldizkarian aurkituko dute irakurleek.

Beste artikulu hauek ere landu dira Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren azaroko zenbakian. Elkarrizketa: Simon Singh, zientzia-idazlea. Hainbat zientzia-dibulgazioko liburu ezagunen egilea da, eta kultura zientifikoaren aldeko borrokaren ikono bat. Hark idatziko Kodeen liburua euskaraz argitaratu berri du Elhuyar Fundazioak. Barbie baten gorputzean harrapatuta. Henrik Ehrsson ikertzailearen esperimentuetan parte hartzen baduzu, zeure burua Barbie baten barruan edo beste nonbait dagoela sentitzeko aukera izan dezakezu. Esperientzia horien helburua: ulertzea zergatik eta nola sentitzen dugun gure gorputza gurea dela. Digitalizazioaren ajeak. Edukia formatu digitalean izatea oso erosoa da ikuspegi askotatik: toki gutxiago okupatzen du, ez da degradatzen. Baina digitalizazioak ere baditu bere alde ilunak… (Igor Leturiaren gogoeta). George Murray Levicken pinguino perbertitu eta krudelak. Scott kapitainak gidatu zuen 1910eko Antartikako Espedizio Britainiarreko zirujau eta medikua izan zen Levick, eta gertutik ezagutu zituen Adélie pinguinoak. Haien portaerak erabat asaldatu zuten.

Txokolatezko muinoak. Filipinetako Bohol probintziako ikurrak dira. Txokolate-koloreko mila eta berrehundik gora muino, bata bestearen ondoan, 50 km2-ko eremuan. Gai librean atalean: Itsas hondoa ikusgai. Euskal kostaldeko itsas hondoa argira ekarri du AZTI-Tecnalian Ibon Galparsorok garatutako doktore-tesiak. Azkenik, Analisia atalean: Zientzia, publizitatea eta elikadura. José Manuel López Nicolás, Murtziako Unibertsitateko biokimikaria eta Scientia blogaren egilea.

Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta Elhuyarren webgunean.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.