Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertutakoak omenduko ditu Berako herriak astean zehar

Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertutakoak omenduko ditu Berako herriak astean zehar

Berako Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako, Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertutakoak gogora ekartzeko. Bera izan zen Nafarroa guztian fusilamendu gehien egin zen herria. Gipuzkoako preso anitz ekarri zituzten Berako harrobira fusilatzera, eta herriko hilerrian lurperatu zituzten. Datu ofizial argirik ez badago ere, zenbait iturrik 200 hildakotik goiti zenbatu dituzte.

Memoria hori gogora ekartzeko asmoarekin, Berako Udalaren ekimenez, joan zen azaroa eta abenduan Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Berako hilerriko hobi komuna ireki zuten. 80. hamarkadan hilerrian izandako eraldaketen ondorioz, 7 gorpuzkin baino ez zituzten atera argitara, baina agerian gelditu zen Gerrako hobi komuna zegoela bertan. Andu Lertxundik gertaera hori ekarri zuen gogora joan zen astean Berrian.

Hauxe aste honetarako antolatutako programa:

– Ortzeguna 28, 19:30ean, Beralandetan: Jimi Jimenezen (Aranzadi) hitzaldia: “Exhumando fosas, recuperando dignidades” (gaztelaniaz).

– Larunbata 2, 19:30ean, kultur etxean: “Los caminos de la memoria” dokumentala (gaztelaniaz)

– Igandea 3, 11:00etan lore eskaintza eta hilarria agerian jartzea, hilerrian. 12:00etan omenaldia Herriko Etxeko plazan. 14:00etan bazkaria Zalain jatetxean.

Udalak zor historikoa kitatu nahi du ekitaldi honekin. Hamar beratar identifikatu dituzte fusilatu eta desagertutakoen artean. Fusilatuak izan ziren: Francisco Arozamena Irazoki, Lucio Aldai Longarai, Faustino Martinez Urteaga, Cesareo Seminario Iraizoz, Juan Etxenike Matxiarena eta Ecequiel Gomez Rodrigo. Desagertuak: Santiago Anadon Cambero, Ramon Balza Loperena, Enrique Berasain Sorondo eta Jose Larraburu Maritxalar. Senide guztiak behar bezala identifikatzeko izan dituen zailtasunak kontuan hartuta, familiarren bat erail zuten edo desagerturik duen edonor igandean Berara gonbidatua dela jakinarazi du. Herritarren parte hartzea eskatu nahi du Udalak, Berako herriaren beroa senti dezaten biktima guztiek.

Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertutakoak omenduko ditu Berako herriak astean zehar

Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertutakoak omenduko ditu Berako herriak astean zehar

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.

3 pentsamendu “Espainiako Gerran fusilatutakoak eta desagertutakoak omenduko ditu Berako herriak astean zehar”-ri buruz