Espainiako Etxebizitza Legearen ingurukoek EAJ eta PSEren arteko desadostasuna azaleratu dute
Espainiako Etxebizitza Legearen ingurukoek EAJ eta PSEren arteko desadostasuna azaleratu dute –
Jon Tornerrek Argia aldizkarian.
Espainiako Etxebizitza Legearen aurkako helegitea aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, EAEren eskumenak “urratu” dituelakoan. PSE-EEko sailburuak erabakiaren kontra agertu dira.
Espainiako Etxebizitza Legea apirilaren 27an onartu zuen Diputatuen Kongresuak, PSOE, Unidas Podemos, EH Bildu eta ERCren aldeko botoekin. EAJk aurka bozkatu zuen, eskumen urraketa argudiatuta.
.
Helegitea, zazpi artikuluren aurka
Etxebizitza Legearen zazpi artikuluren eta hainbat xedapenen aurka aurkeztuko du helegitea Jaurlaritzak, aipatu moduan, PSE-EEko hiru kideen babesik gabe. Iñaki Arriola Etxebizitza sailburua bera erabakiaren aurka agertu da.
Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoak egindako txosten teknikoaren arabera, “Estatuak Euskadiren etxebizitza-arloko eskumenak urratzen dituela uste da”. Alegia, “Lege berriak euskal legerian arautu ez diren baina Euskadiren eskumenekoak diren gai zehatzak arautzen ditu”. Bere hitzetan, “etxebizitzaren arloan geure politikak garatu ahal izateko espazio bat hartzen du, eta, aldi berean, aplikatu beharreko araudiaren gaineko segurtasun juridikorik eza sortzen du”. Dena den, helegitearen bidea irekita dagoen arren, “elkarrizketa eta akordioa bilatzearen alde” agertu da Zupiria.
Nahiz eta PSEko hiru sailburuek adierazi duten ez daudela ados Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin, Zupiriak adierazi du ez dagoela “inolako urradurarik” gobernua osatzun duten bi alderdien artean, koalizio gobernua eratzeko sinatu zuten akordiora “lotuta” daudelako EAJ eta PSE.
Alderdi sozialistak oharra plazaratu du, non nabarmendu duen Etxebizitza Legea “Euskadin aplikatzearen alde” egin duela, “EAEko legediaren esparruan garatzen dituen politikak indartzeko eta osatzeko”.
“Gure ustez, Estatuko Legeak, beste aurreikuspen batzuen artean, EAEko Legeak aintzat hartu ezin dituen etxebizitzaren prezioak arautzeko mekanismoak sartzen ditu, PSE-EEko eta EAJko ordezkariek Legebiltzarreko eztabaidetan behin baino gehiagotan adierazi duten bezala”, azaldu dute sozialistek. “Beraz, esan bezala, autonomia-erkidegoei ahalmena ematen dien araua da, ez du inposatzen, eta errespetatu egiten ditu haien eskumenak”.
PSEk gaineratu du EAEko udal batzuek, Donostiakoak tartean, prozedura hasi dutela Etxebizitza Sailari eskatzeko, Espainiako Etxebizitza Legea aplikatuta, “tenkatutako eremuak” izenda ditzala, eremu horietan neurriak har daitezen, alokairuen muga aplikatzea besteak beste. “Etxebizitza Saila prest agertu da hasiera-hasieratik adierazpen hori beti udalekin adostuta egiteko. Beraz, udalek berek egindako eskaria da”.
PPk, bestalde, jeltzaleek aurkeztutako helegiteaz adierazi du “erabaki egokia” dela. “[Etxebizitzaren Legeak] jabeen aurka eta okupazioaren alde egiten du, esan du PPren EAEko presidente Carlos Iturgaizek: “Aberrazio bat da, Soilik baietz da baietz eta Memoria Demokratikoaren legeak bezala”.
Espainiako Etxebizitza Legearen ingurukoek EAJ eta PSEren arteko desadostasuna azaleratu dute