Eskuarekin gola: EH Bildu 1- EAJ 0

Eskuarekin gola: EH Bildu 1- EAJ 0 –

Eskuarekin gola: EH Bildu 1- EAJ 0

Eskertzekoa da polemika. Europako hauteskunde ezin aspergarriagoetan ika-mika piztu du EH Bilduk. Bazen ordua! Izan ere, gainontzeko alderdiei gola sartu die, Athletic eta Realaren arrakasta europarraren trenera igoz. Derbi (aspergarri) baten egunean afixa deigarriak bota dituzte, kanpainaren baitan: “Athletic eta Reala Europara, EH Bildu ere bai!”

Futbol taldeen sentimenduak masa artaldeak mugitzen dituela jakinik, bizkaitar eta gipuzkoarren bozkariora batu da EH Bildu. Gizarte osoaren ikurrak bere egin ditu onura partikularrerako. Marketing azkarra, edo nolabait, kale borrokaren beste erpin bat.

Futbola fede da, eta kirola botoak eskuratzeko aldarrikatzea elizkizun mota bat. EH Bilduren golaren ondotik etorri da arbitroaren txartel gorria. Epaile lan ekidistantea: EAJ. Baloia eskuarekin sartu duela Josu Juaristik, Maradona bailitzan.

Bildutarrak zelaitik botatzeko eskatu bitartean aitortu dute jeltzaleek haiek txartel horia merezi dutela. Mitinean aipatu baitute kontua, baina ez EH Bilduk bezain modu zakarrean, afixa eta guzti.

Txartel festak zaleak berotuko ditu, baina berehala pasako zaie. Emaitza edozein izanda ere sailkapenak berdin segiko du-eta. Eta, ausartuko naiz, iragarpen politiko-futbolistikoetan: 1-1.

Ze irensgarria den simil futbolistikoa. Ñam-ñam.

Eskuarekin gola: EH Bildu 1- EAJ 0
Athletic, bildu, Europa, futbola, hauteskundeak, Reala

2 pentsamendu “Eskuarekin gola: EH Bildu 1- EAJ 0”-ri buruz

  • Bufff futbola erabili behar izatea afixa politikoa egiteko. Gaizki gaizki EHBildu… Proposamen zehatz gehiago eta populismo gutxiago.

  • Gero Espainiako bizilagunak kritikatuko ditugu Francoren garaitik “pan y futbol” modu lotsagabean erabili izan dutelako.
    Guk hain desberdinak garenez gero, zer asmatu behar dugu: “taloa eta futbola” akaso ?
    Hezurmuineraino asimilatuta gaude eta ez dugu konturatu nahi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude