Herriko Batsasuna (2) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua)
Eskual Herriaren garapen ekonomikoaren estrategia (1969ko Beñat Laxaguen proiektua) –
Hitzaurrea (Beñat Laxaguena)
Liburuxka honen titulua, Euskal Herriko garapen ekonomikoaren estrategia, ez eiki da pretentsiorik gabea. Nahi izan dut teknika hutsaren arloa utzi kontzepzioarenari lotzeko. Ulertu behar dugu gure Euskal Herri zaharraren bizimodu-markoak ez duela gehiago deus betierekorik [1]. Eraldaketa hain da azkarra non kontra egiten entseiatu baino, ezin dugun berarekin moldatu baizik.
Lan honen egiteko esfortzuen balantzea egiten badut, erran nezake gure herritarren pentsamoldearen azterketa zaidala gehien gostatu. Seguraz ere, tradizio industrialik gabeko gure eskualdeak baditu bere barruan gure garaiko eraldaketa industriala egiteko behar diren ahalmenak. Baina soilik bere eragingarri psikologiko segeretuak ezagutu behar dira; eta horiek norabide onera eraginarazi behar ditugu [2]. Baina inor ez da sekula seguru borta onean jo izana.
Gaur egun euskal populuak sufritzen duen krisi ekonomikoa esplikatzeko, jende batzuei gustatzen zaie euskal populuaren alde ezkorrak deskribatu eta analizatzea. Pertsonalki, gauzak kontrako norabidera hartu ditut eta egiazko arazoak konpontzeko gure populuaren alde baikorrak hartu eta baliatu nahi izan ditut. Objektiboa izan nahi lukeen pesimismoan erori beharrean, hobe dugu baikorrak izaitea baina lanaren gainean pariatuz.
Liburuxka hau osotasun bat bezala hartzekoa da. Bertan aurkitzen den logika, teorialariei egokitzen zaien bezala, bear ere nahikoa errukigabea da; eta paragrafo batzuk han-hemenka presarekin irakurriko lituzkeenak seguraz ere jujamendu makurrak egiteko arriskua har lezake. Deskribaturiko proiektu hau berria da, baina oinarritik badator. Eta estonatuko gaitu populutik datorren guzia bezala [3]. Soluzio zaharrek karrika egin dutenean, goazen aitzina soluzio berriekin.
Dudarik gabe ideal batek bultzatu behar du batasundarra edo Herriko Batasuneko kidea. Nahi izan dut ideal hitz hori daukan irudipen absurdotik garbitu. Enetako idealista ez da ideia bat jarraituki segitzen duen norbait baizik. Eta ideia hori ez eiki datza baitezpada goldea izarrari lotzean.
Bakantza denboretan, deliberatuki bisitatu ditut ekonomikoki aitzinatuak diren herri batzuk, hala Europako herriak edo Errepublika sobietarra nola Estatu Batuak edo Japonia. Euskal Herriko arazo ekonomiko eta sozialek beti xifritu naute ni beste euskaldun asko [4]; interesatu naiz partikulazki enpresa baten edo herri tipi baten mailakoei. Badakit, gizakiak bere baitako onena eman dezala, izpiritu pioniero batek bultzatu behar duela. Berrikuntzak sortzen dituen taldea, talde pioniero bat alegia, mirakuluak egiteko gai da. Lehenetan izaiteko sentsazio horrek ematen die gizakiei, kirolariengan ikusten bezala, oraino hobeki egiteko irrika bizia. Ene aldetik instituzioak nahi izan ditut sortu, mundu guziaren begietan euskaldunak pioniero gisa agerraraziko lituzketenak.
Hainbat urtez urduri egon naiz, zeren instituzio berri horien premia sentitzen bainuen, baina ez bainituen definitzea lortzen ahal. Baina, 1968an oporrak Israelen pasa nituen, eta Kibbutzean pasatutako egonaldi batek arazoaren soluzioa ekarri zidan iluminazio batek bezala. Israelgo lurrak jada Jesus eman zigun, baina pentsatzen dut gaurko gizartean asko daukala guri erakasteko, guri euskaldunoi batez ere [5].
Ez dut kibbutzen sistema den bezala hartu. Izan ere, Juduaren eta euskaldunaren motibazio psikologikoek eiterik ez [6]. Erru larria litzateke hori kontuan ez hartzea.
Batzuek nahiagoko zuten euskaraz idatz dezadan, euskaldunentzat mintzatzen naizenez geroz. Baina nik nahi nuke publiko zabalago bat hunki, alegia, frantsesa bakarrik mintzatzen duten euskaldunak ere. Usu gertatzen da euskara galdu duten gazteak direla gure hizkuntzaren defendatzaile sutsuenak. Izan ere, haiek ohartzen dira zein mailataraino faltan sentitzen ahal ditugun ontasun kulturalak galdu ditugunean.
Hemen eskertu nahi nituzke ene adiskide guziak, beren oharren, sustapenen eta esku hartzeren bidez laguntza biziki preziagarria ekarri dizkidatenak. Obra hau zabaltzeko haiek sorturiko ingurumen egokia beharrezkoa zen.
…
[1] Profetagoa ezin zen gehiago izan.
[2] Azken bi esaldi hauetan iduritzen zait Simone Weil entzuten dudala hitz egiten. Alta berak erran dit ez zuela irakurri.
[3] Gaur adi genezakeen objekzioa da Kibutza ez dela gure tradizioan. Laxague ez zen horretan geratzen.
[4] Ez zuten konprenitu Frantzia gure problemaz arduratuko zela?
[5] Denbora hartan, problema politikoak ez zuen ezkutatzen kibutzaren eredu ekonomikoaren interesa.
[5] Alta han kibutzek, errola ekonomikoaz gain, errola handia ukan zuen hebreera intentsiboki praktikatu eta berpizteko. Nahiz Beñatek berak ezeztatu didan, nago ian, 1969 inguru hartan ez genuen oraindik gutiesten euskararentzako arriskua.
Herriko Batasuna (3/X) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua)
Eskual Herriaren garapen ekonomikoaren estrategia (2/X) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua)