Eskuak garbitzearen garrantziaz (bideoa)
Eskuak garbitzearen garrantziaz (bideoa) –
Koronabirusari aurre egiteko neurrien artean, eskuak ondo eta sarri garbitzeko aholkuak eman eta eman ari direla-eta, Osakidetzako langile batzuek 2018an, Eskuen Higienearen Nazioarteko Egunaren testuinguruan (maiatzaren 5ean), egindako bideoa dakargu.
Ikasi nola egiten den!
Twitter bidez eta UNICEF erakundearen txio batean, Vietnameko Quang Dang bikotea ezagutu dugu, eskuak garbitzearen garrantziaz ohartarazteko dantzan; antza izugarri zabaldu den bideoan. Ez da lehenengoa ordea, orain bi urteko honetan ikusten denez.
Barakaldo-Sestao ESIan euskararen erabilera sustatzeko jarduera-multzo baten barruan sortu zen bideoa. Bertan, Oskorriren “Furra-Furra” kantuaren doinuan, erizain eta mediku talde batek -gehien-gehienak emakumeak- “garbi-garbitu eskuak, hartu ura eta xaboia igurtzi gustura” diote. San Eloy ospitalekoak direla adierazten da bideoan bertan, Gotzone irakaslearen, Laguntasuna dantza taldearen fanfarria zein Lagun Beti abesbatzaren laguntzarekin.
Bere garaian, ikus-entzunezkoa Osakidetza osoan zabaldu zen, oso harrera onarekin, eta zenbait ikastetxetan ere erabili zuten, ume eta nerabeei eskuak garbitzearen garrantzia ikustarazteko.
.
* ZUZEUren oharra: Sare sozialetan agudo biralizatu da bideoa, COVID-19ari aurre egiteko sortua zelakoan, eta horrelaxe argitaratu zuen gurean ere Bixio Irrisarrik hasiera batean. Oker zebilela-eta, zuzendu egin dugu, Osakidetzari jaramon eginez.
Eskuak garbitzearen garrantziaz (bideoa)