Euskal emakume idazlea: Eragile eta sortzaile (2)

Euskal emakume idazlea: Eragile eta sortzaile (2) –

Duela gutxi, aste honetan berean, adiskide edo adinez bestela den kide batek erran dit ez dakidala enpatizatzen, ez baitut besteen mina sentitzeko ahalegina egiten. Ez dakit egia den, ene bizitza osoa besteek zer senti edo pentsa zeuden ibili naizelako neure burua bigarren plano batera jaitsiz, baina agian oker nago, ez dakit. Zer pentsa eman dit.

Pasa den aste hondarrean Bergarako UNEDeko idazle eskolako “Euskal emakume idazlea: eragile eta sortzaile” monografikoa bukatu zen, eta larunbatean berean Sor Juana Ines de la Cruz idazlearen bizitzan oinarritutako euskal musikal bat ikusi nuen Donostian: “Ni, munduko txarrena”, guztiaren gainetik emakume baten historia, eta nireaz hausnarrarazi ere ninduena.

Bihar emakumearen nazioarteko eguna da, eta ene gorputzak ez dit eskatzen kalera ateratzea ez borrokara ez festara. Tristura handia sentitzen dut ene bihotzean, ni neure penean itotzen naizela sentitzen naizelako, eta bien bitartean zenbat emakume bortxatu, kolpatu edo eraildako dauden pentsatzea. Tristura sentitzen dut, antza beharbada enpatizatzen ez dakidalako, ene emakume-bihotza zauriturik dagoelako oraindik, itxaropenak eta ametsak zapuzturik ditudalako, egoista neure buruarengan soilik pentsatzen omen dudalako. Baina nik soilik zoriontsu izan nahi nuen, behinola Montevideon bezala, erabat eta bilateralki zoriontsu. Gizon eta emakume bat eginik.

Horregatik idazten dudala uste dut, ene sufrimendua eta pena ulertzeko, eta horrekin mundua ulertuko dudalakoan, munduko injustizia eta sufrimendu oro ulertuko dudalakoan. Horregatik idatzi zituen bere olerkiak Sor Juana Ines de la Cruz-ek XVII. Mendean, horregatik idatzi zuten Bizenta Mogelek, Virginia Woolfek, Lou Andreas Salomek eta Hannah Arendt-ek ere bai.

Emakumetasunaz gain, euskaldunok euskara dugu arrazoi nagusi idazteko, gure tresna den hizkuntza zergatik iraun duen orain arte jakiteko eta ulertzeko beharra dugulako. Hannah Arendt XX.mendeko filosofo handiak ere mundua ulertu nahi zuen eta horregatik idatzi zuen.

Euskal literaturaren sistemak ere marko teoriko bat behar duela ondorioztatu genuen idazle eskolako monografikoaren ondoren, euskal literaturan marko teoriko orokor bat abiapuntu litzateke kontzientzia pizteko, bazterrekoak garela jabetzeko eta bazterretik egiten dela iraultza ikusteko. Euskal literaturak ere badu bere kanon literarioa eta erdigune kontserbadorea, baina bazterrekotik dator berrikuntza eta iraultza. Bizitzaren tentsioa behar da eragiteko, onargarri ez den hori idaztea ez da hain erraza, eta gaur egun “erraza” da literatura ona egitea, baina sortzaileok eredu kanonikoetatik askatu behar dugu, eredugarri izateko. Eredu bat garrantzitsua da puskatzeko, liburu kanonikoek laguntzen baitigute pentsatzen eta idazten segitzera.

Euskal emakume idazlea: Eragile eta sortzaile (1)Betidanik idatzi izan dut, eta nire poemak eta idatziak gaztetatik bidali ditut literatur lehiaketa eta beketara, baina epaimahaiek inoiz ez naute hautatu. Beti pentsatu izan dut poeta sentimental txar bat nintzela, bihotz triste honen sentipenek zirriborratzen zituelako paper zuri pila; baina orain badakit poeta sentimentala baino, benetako sentimenduz idazten duen poeta bat besterik ez naizela, emetasunetik eta euskaratik erein nahian hazia. Auxtin Zamorak lehen aldiz ene hitzak 2001ean HATSAREN POESIA liburuan argitaratu zituelarik, balioetsia sentitu nintzen, eta idazten segitzera animatu.

Euskal literaturan ez dugula kanonik erran zuen Idazle eskolako zuzendari Tere Irastortzak, lotsa eta zentsura dugulako; euskal literaturaren historian emakume idazle eta eragile asko egon dira, baina isilean eta auto-zentsuraturik: Minaberri, Lurdes Iriondo, Euxebi Osa, Sasiola, Azkueren arreba…).

Iragan larunbateko “Euskal emakume idazlea eta eragilea” solasaldien amaieran zenbait proposamen atera ziren eta elkarlanean segitzeko gogoa zenbait egitasmotan, hala nola: sistema bat sortzea (weborri bat) euskal emakume guztion lanak, kritikak eta irakurketak jarriko direnak, argitalpen guztietan egileen izen osoak ager daitezela, izen eta abizenekin, gizonezkoekin nahas ez gaitzaten, idazle-egonaldiak, Bibliobus morea gida literario batekin, euskal emakume idazleen liburutegi eta gordailua, izkribuen gordailua, Auspoa eta Sendoa bezalako bildumen lana goraipatzea…

… eta batez ere idazten eta sortzen segitzea, sortzen dugunean gauza asko ateratzen baitira ez dakizkigunak, harritzen gaituztenak, eta hori da literatura, harriduraz sortzea. Idaztea norbera ezagutzea den bezala. Sormena irakurriz ateratzen da, eta irakurtzea arreta eskaintzea da gauza bati. Emakumeak izan arren, unibertsalak gara. Ez dagoen mundu bat, neurea, azaldu beharragatik idazten dut, denok baitugu zer esana.

Irakurriz sustatu, eta ezagutuz birgaitu. Hori egin behar dugula ondorioztatu genuen Bergaran. Sistema non sortzen da? Nola? Sortzaileak igerian dakigu orain idazle, gero irakurle, ondoren zaintzaile. IZATEA da sortzea.

Ainara Maia Urroz

Euskal emakume idazlea: Eragile eta sortzaile (2)

Ainara Maia Urrotz (Irun, Gipuzkoa, 1976ko ekainaren 6a) euskal idazle eta itzultzailea da. Euskal filologian lizentziaduna da 2002tik. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa ikasketetan masterduna da 2004tik, eta badu idazkuntzari lotutako graduondoko bat (UNED). 2008tik 2014ra Brnoko Masaryk Unibertsitatean aritu zen euskara irakurle lanetan. Harrezkero, trebakuntza, irakasle eta euskara teknikari lana txandakatu ditu. 2015ean Irungo Udal Euskaltegian ordezko euskara-irakasle; 2016an euskara-irakasle Nafarroako Hezkuntza Sarean (DBH). 2016tik 2018ra bitartean euskara teknikari Osakidetzako Debabarrena ESIn, Mendaroko ospitalean. 2019an euskara-irakasle EAEko Hezkuntza sarean. 2020tik eta gaur egun, euskalduntze-teknikari HABEn, Donostian.