Eskerrik asko, EiTB

Eskerrik asko, EITB

Asko dira, ezin konta ahala arrazoi dauzkagu EITBri eskerrak emateko, baina guztiak beste baterako utzita, eta ezinbestean, Kataluniako gaia bere bakarrean hartuta arituko gara oraingo honetan. Ez dira gutxi, baina, gai honek soilik eman dizkigun eskerrak emateko arrazoi sorta aletzea, eta horien laburpentxoa egiten saiatuko gara. Ekin diezaiogun bada lanari:

Eskerrik asko, EiTB-Eskerrik asko, EITB, egunotan Kataluniari zegokion tarte eskasaren bi heren pasa Madriletik emateagatik. Ni, zuena ikusita, duda-mudan ibili naiz Kataluniako presidente Puigdemont ez baina Rajoy ez ote zen, garbi gelditzen baitzen betiere, Kataluniaren etorkizuna Espainian erabakitzen dela.

-Eskerrik asko tarte eskas horretan, Rajoyfiskalsantamariaren argumentario guztia hain garbi adierazteagatik eta auzitegi konstituzionala hartzen duen arkitektura ezin ikusgarriagoa hainbestetan erakusteagatik. Guztiz logikoa dena beste aldetik haien argumentario guztia helegite batean laburbiltzen denean. Urkulluk ere beti esan izan du: Gu beti legediaren barruan.

-Eskerrik asko, Kataluniak beste legedia zilegitasun osoz eraiki duenean hain garbi adierazteagatik Urkulluk aipatzen zuen legedia Espainiakoa zela, eta honek bere legedia erabiliz Kataluniako legediaren kontra gerra zikina eta tanke mediatiko-judizial guztiak kalera atera dituenean, gure lehendakari zintzoa zeukan laguntzaile leial eta heriotzaraino fidel: “gu beti (Espainiako) legediaren barruan”. Orain badakigu (lehen ere bai) ze demokrazia defenditzen ari zen gure lehendakari jauna demokrazia aipatzen zuen bakoitzean: Espainiako batasunari eusteko ustelkerian, gansterimoan eta boterekerian oinarritutako sistema postfrankista guztiz dekadentea. Hots, barkatu! zurekin ari nintzen, EITB, eta ez PNVrekin. Barkaidazu, EITB, ene dorpezia, baina hain da zaila batzuetan gauza batzuk bereiztea!

-Eskerrik asko EITB, Madrileko logika (helegitea, mehatxua, gerra zikina) hain ondo helarazi eta politikan aritzeko haren gaitasun falta harrigarria hain ondo ezkutatu beste inork baino hobeto egiteagatik; eta halaxe hain garbi uzteagatik komunikabide publiko baten eginkizun gorena boterearen aginduak zintzo betetzea besterik ez dela, ez baitira alperrik Madrilekin sinatutako akordioak sinatu. Orain badakigu (lehen ere bai) akordio horien bitartez ze sistema klase defenditzen ari den: Gobernuak eskatu, auzitegiak agindu, guardia zibilak ekin eta komunikabideek guztia zuritu.

-Eskerrik asko, Madrileko tentsioa, urduritasuna eta larderia hain ondo islatzeagatik eta Katalunian den poza, ilusioa eta etorkizuna eraikitzeko gogoa hain ondo ezkutatzeagatik.

-Eskerrik asko Madriletik ehundutako izuaren estrategia beste inork baino hobeto zabaltzeagatik, eta ahazteagatik katalanei honezkero Espainiako prentsa, zeinetan guztiz partaide kalifikatua zaren, zipitzik ere ez zaiela axola. Ni, nire aldetik, erabakia hartuta nago: Hemendik aurrera elpais, elmundo eta eltelecinco ikusi behar dut. Hobe originala kopia txarra baino.

-Eskerrik asko Katalunian aprobatu berri diren legeen mamia ia ezkutatu eta Espainiako gobernuaren helegiteak hain zehatz, maratz eta zorrotz azaltzeagatik. Izan ere denok baitakigu giza adimenerako ere askoz maila altuagoko ariketa baita Espainiako gobernuaren arrazoibide bikainak ulertzen saiatzea, katalanen demokraziaren kontrako eraso bortitza eta eldarniozkoa baino.

-Eskerrik asko, besteak beste, Espainiak Kataluniako hautetsiei egindako mehatxuei ohartarazpena deitzeagatik.

-Eskerrik asko gure abertzaleen jarrera -batzuen erabateko errespetua eta besteen erabateko elkartasuna- azalezina hain ondo azaltzeagatik.

Eskerrik asko, EiTB-Eskerrik asko, Urkulluren aurreko haren hitzak: “gu beti Kataluniarekin” hain modu bikainean gauzatzeagatik, alegia: Gu beti kataluniari -eta Euskal Herriari-giltzarrapoa jarriko dion Espainiarekin. Hor dira, Eusko jaurlaritza eta Urkulluren eredua eta haien akordiorako jarrera ezin zabalagoaren inguruan Rajoyk egindako goraipamenak. Eskerrik asko EITB, zuk honetan egin duzun heziketa lana ezinbestekoa izan baita.

-Eskerrik asko, hain garbi uzteagatik, abertzaleek dioten bezala, gure egoera eta bideak oso direla bestelakoak. Eta haiek arrazoi, izan ere, jakin nahi ez badugu ere, Katalunia hizkuntzak eraman du dagoen tokian egotera, herri izatera; guk espainolari gero eta indar handiagoz helduta, nahikoa lan herri izaten hasteko. Honetan ere, zu izan baitzara, indar abertzale guztiekin batera, bide erakusle gorenetako bat. Guk geure bidea, erran nahi baita, nosotros nuestro camino.

.

Ohartxoa: Hemen esaten den guztia EITB erakundeaz  esaten da, batere dudatan jarri gabe bertako langile askoren zintzotasuna eta profesionaltasuna.
Eskerrik asko, EiTB

2 pentsamendu “Eskerrik asko, EiTB”-ri buruz

  • Harrigarria hain itsututa egotea…ondo dago PNVren kontrakoa izatea eta Urkullu Lehendakaria kritikatzea baina gorroto hori azaltzeko ETB-k Catalunyaren gaiari egindako jarraipena aitzakitzat hartzea astakeria da. Hor aipatzen dituzun guztiak ez dira horrela izan ez telebistan ezta irratian ere.

    • Aupa Tentela:
      Ez, ez da gorrotoa hau idaztera eraman nauena, amorru bizia bai, igual, egunotan – edo urteotan- Katalunia dela eta ikusi eta entzun ditugunak sortutakoa.
      Ez da egia, ezta ere, EITB erabili dudanik PNVren kontra egiteko. PNV berrogei urte agintean daraman alderdia da, eta ez gara orain frogatzen hasiko berrogei urteotan denon artean ordaintzen den medio publiko baten erabilera guztiz doilorra egin duela PNVk. Hor kritikatzen dena EITB erakunde publiko moduan da, hain justu ere PNVren larderiaren eta agintekeriaren isla eta zuritzeko makina izan delako beti. Horregatik da zaila biak bereiztea. Estimu handian daukat horko profesional asko eta agian horixe da arazoa: profesional horiek kate motzean lotuta daudela eta ez daukatela inolako erabakimenik hor barruan.
      Egunotan Katalunia dela eta, medio publiko baten erabilera maltzurraren beste kapitulu bat besterik ez dugu izan, berez, baina gauden egoeran egonda, niri behintzat guztiz mingarria egin zaidana, hor aipatzen ditudanak direla kausa. Zuk ezetz diozu eta oso errespetagarria iruditzen zait, baina ez duzu arrazoirik ematen.
      Egungo egoera honetan, PNV da erabat jokoz kanpo gelditu dena: Madrilekin egin berri dituen paktuak nola azaldu etzekiela etorri zaio Kataluniatik etor zekiokeen albisterik txarrena eta honen aurrean hartu duen jarrera guztiz patetikoa izanda. EITB zurikeria eta patetismo hori islatzea tokatzen zitzaion eta halaxe egin du. Bestetik, esaten dena bezain inportantea isiltzen dena dela esango nuke eta urriaren 2tik aurrera zer egiteko intentzioa duten ezkutatzea jendearekiko errespetu falta izateaz gain azpikeria maltzurra iruditzen zait. Hori ere, EITBk azaldu beharko du, baina berandu dabiltza.
      Izan ondo!