Esertzea

Esertzea –

Esertzea
Irudia: Aiurri

Arrazoi askorengatik eta leku askotan eser gaitezke. Hitzaldi bat entzuteko, antzerki bat ikusteko, kafe bat hartzeko, garraio publikoan bidaiatzeko, Tolosako inauterietan karrozetan trago bat hartzeko, begian tiro bat jaso ondoren anbulantzian ospitalera urgentziaz joateko, edota 16 urteko gazteari begian ebakuntza egin bitartean, itxaron geletan egoten diren aulki deseroso horietan urduritasuna baretzeko.

Inauterietan nerabez lepo dagoen kale batean foam jaurtigaiekin kargatuko bagenu eta karga horietan 16 urteko gazte bati begian atzeraezinak diren kalteak eragingo bagenizkio, epaiketan, akusatuen eserlekuan eseri beharko ginateke. Ertzaina bazara, lasai, hori ezinezkoa da eta.

Esertzea izan daiteke nekearen ondorio, deskantsatzeko esertzea alegia. Edo protesta gisan ere eser gaitezke, norbaiti edo zerbaiti planto egiten diogula adierazteko, adibidez. Hain zuzen ere, azken bi hauek dira larunbatean Tolosako Soldadu kalean lurrean esertzera eramango gaituzten arrazoiak. Nekatuta gaudelako urteak joan eta urteak etorri Ertzaintzaren esku-hartzeetan ikusten ditugun jokabide biolentoez, baita biolentzia polizial horri jaurlaritzak eskaintzen dion inpunitateaz. Nekatuta.

Hori guztia salatzeko eta azken egunetan Tolosan, Bilbon, Gasteizen edo Donostian biolentzia polizialaren biktima izan direnei gure maitasuna eta elkartasuna adierazteko eseriko gara. Beraz, euskal jendartea deitu nahi dugu gurekin batera martxoaren 16an, bihar, eguerdiko 12.00etan, Tolosako Soldadu kalea bete eta lurrean esertzera, indarkeria polizialari planto egin eta #badagaraiagauzakaldatzeko esateko.

BeƱat Uribe-etxeberria eta Oihana Alkain, Xuhar Herri Plataforma

Esertzea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude