Esan, ez esan
Esan, ez esan –
Gaurko argazkia pertsona anonimo batena da, gutariko edonor izan zitekeen. Argazki osoa hartzen duen aurpegiak aldi berean adierazten ditu harridura eta amorrua. Oineko azalpenak honela dio:
Esan ziguten Europar Batasunak txertoen hornikuntza bermatu zuela herritar guztiak azkar inmunizatzeko; eta pixka bat berpiztu egin zitzaigun europar harrotasuna, komunitateak bazituelakoan bere kideon osasuna eta ongizatea zaintzen duten agintariak.
Ez ziguten esan zer nolako kontratuak sinatu dituzten txertoen hornitzaileekin, eta sekretupean daude, baita europarlamentarientzat ere; beraz, hornikuntza kale egiten hasi denean herritarrok ez dakigu ea laborategiak behartu ditzakegun agindu zitzaiguna betetzera.
Esan ziguten txerto horiek herritarroi jartzeko logistika eta protokoloak finkatuta zeudela, eta dosiak iritsi ahala ezarritako hurrenkeran barreiatuko zela inmunitatea gure artean, eta berarekin lasaitasuna; eta pixka bat berpiztu egin zitzaigun aspaldian higatuta geneukan ilusioa.
Ez ziguten esan dosien hondarrekin arduradun askoren etika apurrak urtu egingo zirela, eta txertaketa lotsagarriak ikusiko genituela, protokolo guztiei iskin eginda.
Esan zigutena, ez zigutena eta gertatzen ari dena ez datoz bat, eta horrek beste birus bat hedatzen du: mesfidantzarena. Eta, kontuz, agintariengan konfiantza faltak birikak ez, baina demokrazia bera suntsi dezake.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko urtarrilaren 29koa]