Itxurakeria PSN-ren praxi politikoan

Itxurakeria PSN-ren praxi politikoan –

STEILAS sindikatuak urteak ditu Haur Hezkuntzako Lehenengo Zikloaren duintasuna lehenesten bere aldarrikapenetan.

Ezinbestekoa da ziklo honen aitortza Hezkuntza Departamentuak ematea, ziklo honetako ikastetxe guztiak bere baitan hartuta, kudeaketa publiko eta bakarra ahalbidetuz. Horrela bermatuko litzateke Haur Hezkuntzako bi zikloetan unibertsaltasuna eskubidea (eta beraz, doakotasuna). Gainera, Nafarroako berezko bi hizkuntzetan ikasteko eskubidea ere modu honetan bermatuko litzateke, eskaintza-eskaeraren gainean eraikitako diskurtsoaren erabilera politikoa gaindituz.

Baina, bestelakoa da errealitatea: Carlos Gimenok, udalei beraien Haur Eskolen eredu linguistikoaren justifikazioa eskatu die urtarrilaren 29rako. Justifikazio horretarako ez du irizpiderik ezarri; hori gabe, euskarazko plazen murrizketaren aurrean aurpegi garbiketa egiten du Hezkuntza Departamentuak gizartearen aurrean, eta aldi berean, Enrique Mayari, bere euskarafobia legala egiteko alfonbra gorria jarri dio.

Beste aldetik, esan behar da, Mayak egin duen hizkuntza proposamena, ikuspuntu pedagogikotik ikasketarako kaltegarria dela. Iruñeko alkatearen proposamena ez da partekatu eskoletako profesionalekin eta ez du sen onaren arrasto txikienik ere. Izan ere, edonork (Mayak izan ezik), jakin badaki inork ez duela hizkuntza berria ondo ikasiko maila nahikoa ez duten profesionalek transmititzen badute, ingelesarekin gertatzen den bezala, B1aren eskakizuna eginda.

Itxurakeria PSN-ren praxi politikoanHaur Eskolak Euskaraz plataformak adierazi duen bezala, euskara ikasteko tresna pedagogiko bakarra murgiltze eredua da. Egoera hau desblokeatzeko asmoz gutxiengo proposamen publikoa egin zuen: Iruñeko mapa lau eremutan banatu, eta bakoitzean euskarazko murgiltze eredua duen haur eskola bat ezarri zuen.

PSNk errentagarritasun politikoa lehenesten du 0-3 zikloaren hezkuntza eta hizkuntza politikari dagokienez, eta horrela adierazi du bere ibilbidean, bai eta egun bizi ditugun 0-3aren kudeaketa komun eta publiko baterako momentu erabakigarrietan ere. Hau ez da berria, eta ezin gara PSN alderdi politikoarekin fidatu: PSNk ez du borondate politikorik ziklo honen duintasunean aurrerapausoak emateko, eta horrekin haurtzaroaren eskubideak bermatzeko ere. Praxi politiko maltzur honi ezezko borobila emateko, STEILAS sindikatuak ostiralean Haur Eskolak Euskaraz plataformak deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu zien Iruñeko euskaltzale guztiei, 0-3an gure lurraldeko eredu linguistikoen defentsaren alde.

Itxurakeria PSN-ren praxi politikoan