Ertzaintzaren esku atxilotuta egon direnek salatu dituzten tratu txarrak

Askatu.org helbidean datoz Ondarroan atxilotutako lau lagunen testigantzak.

Ondarroan, Gizaburuagan, Mutrikun eta Deban atxilotutakoak zortzi egunez izan dituzte inkomunikatuta. Ostegunean atxilotutako beste biak sei egunez. Hau da horietako lauren testigantza. Iturria [Askatu.org]

Asier Badiola

“Atxiloketa unean eskuburdinak jarri eta bortizkeria handiz bultza egiten diote saihetsean kolpea hartzen duelarik. Horrek bi pitzadura eragiten dizkio saihetsetan. Komisarian mediku forentseak ikusten du eta bere aginduz ospitalera eramaten dute. Ospitalean esaten diote bi pitzadurez gain ziurrenik kartilagoa ere mugitua duela. Atxiloketa aldian har ditzan medikamentuak ematen dizkiete Ertzainei medikuek. Komisarian ez dizkiote ematen dagozkion medikamentuak. Alderantziz, saihetsetan kolpatzen dute, sekulako mina eragiten diotelarik. Komisarian berriz mediku forentseak ikusten duenean berriz ospitalera eramateko agintzen du. Etengabe abokaturik gabeko galdeketak egiten dizkiote. Jatekoa ematen diote (pasta), beraien artean el suero de la verdad deitzen diotelarik ematen diotenari. Ondoren paretan marrazki bizidun antzekoak ikusten ditu, sabaia eroriko dela iruditzen zaio eta hotza eta beroa tartekatzen sentitzen ditu. Etengabe mehatxatzen dute haurdun dagoen bere bikotearekin eta bai aurrez duten umearekin ere. Presio gogorrak jasaten ditu. Sekulako mina pasa duela dio, eta psikologikoki oso gogorra izan dela jasandakoa. Epailearen aurrean salatzen ditu jasandako tratu txarrak.”

Xeber Uribe

“Atxiloketako ia denbora guztia lepoa beheraka duela egotera behartzen dute, ondorioz kontraktura muskularra izaten duelarik. Ospitalera eramaten dute. Etengabe galdeketak egiten dizkiote abokaturik gabe, sekulako presioak eragiten dizkiote eta mehatxatu egiten dute bere senideekin. Argia piztuta du etengabe eta ez diote atseden hartzen uzten. Epailearen aurrean salatzen ditu jasandako tratu txarrak.”

Urtza Alkorta

“Atxiloketako ia denbora guztia lepoa beheraka duela egotera behartzen dute, ondorioz kontraktura muskularra izaten duelarik. Ospitalera eramaten dute. Ez diote uzten lorik egiten. Etengabe galdeketak egiten dizkiote abokaturik gabe, senideekin mehatxatuz. Uneoroko zaratak eta oihuak eragiten dizkiote, ez diotelarik atseden hartzen uzten. Guardia Zibilaren eskuetan utziko dutela mehatxu egiten diote. Epailearen aurrean salatzen ditu jasandako torturak.”

Zunbeltz Bedialauneta

“Kolpeak ematen dizkiote buruan eta belarrian eskua zabalduta. Belarri batean kolpatzen duten bitartean bestean sekulako zaratak eta oihuak botatzen dizkiote. Etengabe galdekatu dute abokaturik gabe. Mehatxu asko egiten dizkiete senideekin, bere bikotea atxilotu zutela, ez duela berriz ikusiko… Argia piztuta eduki diote etengabe, ez diote utzi lo egiten. Bere umearen argazkiak erakutsi dizkiote mehatxu egiten zioten bitartean. Epailearen aurrean salatu du jasandako tratua.”

Azken ordua: Rodolfo Aresek Ondarroako atxiloketaren ondoren beste bide batzuk ireki daitezkeela uste du, hauen deklarazioetan oinarrituta.

Ondarroan atxilotutakoek tortura psikologiko eta fisikoak salatu dituzte

Irudia | Ondarroan atxilotutakoek tortura psikologiko eta fisikoak salatu dituzte | Ezezaguna | LGPL

3 pentsamendu “Ertzaintzaren esku atxilotuta egon direnek salatu dituzten tratu txarrak”-ri buruz

  • Mikel Iturzaeta 2010-02-04 13:49

    Oso ona irudia. Hurrengorako “La matanza de Texas” filmeko fotogramaren bat erabil dezakezue. Motozerrarengatik diot…

  • Gari Garaialde 2010-02-04 16:06

    Ba neri erabat desegokia iruditzen zait irudi honen erabilpena, berri honi laguntzeko bederen.
    Ez da hori atxilotuek sufritu dutena. Ezin dugu imaginatu zer izan daitekeen. Eta herri hontan ez dugunez poliziek esleitzen duten tratuaren irudirik (Katalanek bai, yankiek ere bai, Txilekoak ere ikusiak dauzkat…) berri hau nola ilustratu pentsatu beharra dago. Atxilotuen irudiak baliogarriak izan daitezke, Ondarroako Ertzain etxearena agian balekoa, atxiloketenak balio dezakete (Ertzainek eskeinatakoak duda sortzen didate), agian beraiek salatu duten torturaren baten iustrazio, eskema edo infografiaren batek, baina inkisizio garaiko ilustrazio batek?
    Eta gainera “Ondarroan atxilotutakoek tortura psikologiko eta fisikoak salatu dituzte” dauka irudiak oin bezala. Barkatu baina neri mina eman dit.
    Agian irudirik gabe beharko luke berriak, eta gure buruak ohitu irudiruk izan ez arren, izenburu interesgarria dituzten berriak irakurtzera.

  • […] operazioan atxilotutako lau gaztek inkomunikazio aldian tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten. Hemen bertan irakurri ahal izan genituen euren […]