Errezeta: Gazta enpanadatxo gozoak

enpanadatxoak

Atun  edota haragi enpanadatxoak ezagutzen dituzu. Apartekoak, ezta? Dozenaka jan zenitzake gelditu ere egin gabe. Baina oraingoan ez dizugu ohiko enpanadatxo gaziak egiten irakatsiko, gozoak baizik; gosari edo askarirako bikainak. Gazta enpanadatxoak; gazta krematsua, irasagarra, eta mentarekin; zer iruditzen? Gora enpanadatxoak!!

Osagaiak

  • Enpanadatxoak egiteko 20 ore-disko
  • Gazta beratz krematsua (15 koilarakada), baina loditasun pixka bat duena (betegarria sobera likidoa ez izateko), Filadelfia edo San Millan esaterako)
  • 2 koilarakada azukre
  • Irasagar-gozoki puska bat, xehe-xehe egina
  • Menta fresko xehatua, pixar bat
  • Arrautza, joa

Egiteko era

Katilu batean gazta, azukrea, irasagarra eta menta fresko xehatua bildu. Loditasun pixka bat duen orea sortu behar dugu; ez dadila inondik ere mehea izan. Hozkailuan edukiko dugu denbora puska batean, hoztu eta pausatu dadin.

Enpanadatxoak egiteko ore-diskoak mahai gainean luzatu eta barrenean koilarakada eder bat betegarri paratuko dugu. Ertza arrautza irabiatuarekin margotu eta gero enpanadatxoak itxi, ilargi erdiak balira bezala, sardexka baten hortzekin zapalduz eta itxiz. Ongi estalita, pausatzen utziko ditugu enpanadatxoak hozkailuan. Bi gauza egin ditzakegu. Koipe gutxixeago izan dezaten, arrautzaz margotu denak eta labean sartu 15 minutuz, 200 graduan, ongi gorritu arte, edo bestela ohiko metodoa baliatu: oliba olio asko jarri zartaginean, eta bero-bero dagoenean frijitu. Ez ahaztu ongi xukatzea.

Zerbitzatzerakoan, azukrea eta kanela-hautsa par-par bota gainetik. Ezin politago geldituko dira. Krema ingelesarekin ere jar litezke, jakina.

On egin!