Errespetu faltak
Errespetu faltak –
Garai berriak etorri omen dira geure herrira. Ekonomikoak, zein politikoak. Horren ondorioz, bestelako gizartea suertatu zaigu; non batzuek askeago eta gehienak estuago bizi garen. Nork esango zigun ETAren jarduera armatuaren amaierak ez zuela hainbeste desiratu genituen bakea eta elkarbizitza ekarriko. Estutzen gintuzten ETAren mehatxuen ordez; murrizketak ekarri dizkigu garai berriak. Egun ez dute itotzen, larriki estutu bai, ordea.
Dena den, harritu nauen kontua aipatu nahi nuke. Ez dakit nire perzeptzioa den, baina azkenean, gero eta jende gehiagok eramaten du ETAren pegatina solapan. Jairik jai, “erakundearen” sugea eta aizkora harro eramaten dituzten euskaldunak ikusten ditut. Ez naiz hasiko kontu etiko-politikoekin, ezta ETAk zenbat euskaldun hil duen zenbatzen. Aitzitik, errespetuaz ariko naitzaizue; errespetu faltaz, hain justu.
Aitor dezadan, ez dakizkidala fenomeno honen arrazoiak. Baliteke euskaldun hauek militanteekin enpatiaz jokatzea edo “abangoardiaren” mitoan sinestea. Imajinatzen dut norberak bere zioak izango dituela, elkartasuna, miresmena edo, xinpleago esanda, kartzelan dagoen lagun batekin akordatzea. Halere, ezin dut ulertu zergatik euskaldun hauek ez duten pentsatzen besteengan eragin dezakeen sentimenduaz. Pertsonalki, ez dit graziarik egiten horrelakoak ikusteak. Errespetatzen ditut, baina ez ditut gustuko.
Ez da gaurko kontua. Guztiok badakigu “gatazka” deritzon horrek zenbat min sortu duen. Hori dela-eta, ez dut uste “garai berri” hauetan ETAren solaparekin kaletik joatea zauriak ixteko bide egokiena denik. Zer egingo genuke beste batek bandera frankista aterako balu? Ez ginateke minduta sentituko? Ba ETA-ko bandera daramanak ere euskaldun asko mintzeko arriskua dauka. Nahiz eta ETAk eta frankismoak iturri eta helburu ezberdinak izan; zauri asko zabaldu dituzte Euskal Herrietan. Itxi gabeak, gehienak.
Garai berrian edo ezberdinean bizi gara geure herrian. Antza denez, “jarduera armatua” iraganeko kontua da. Etorkizuna “geurea” da, hortaz. Aldi berean, Euskal Herrietan zer gertatu den “argitzeko” garaian gaude; geroa eraiki baina iragana ez ahazteko unea. Beraz, ez dut uste iraganeko mamu beltzak aireratzea elkarbizitza sustatzeko bide egokiena denik, areago, hainbeste min eragin duen erakundea goraipatzea. Nor berak bere iritzia izango du, baina niri bestekiko errespetu falta ikaragarria iruditzen zait ETAren solapa bularran eramatea.