Errepublika izateko premia
Errepublika izateko premia –
Guretzat errepublika alternatiba bat da ezagutu izan ditugun nazio-estatuen aldean: herri gisa nola eratu nahi duten eta nazioen artean zein leku izan nahi duten definitzeko prest dauden emakume eta gizonek osatutako komunitatea. Harrera ematen duen gizartea eta erakunde inklusiboak dira gure helmuga, herri antolakundearen beldurrik izango ez dutenak. Eta burujabetzaren aldeko apustu irmoa egiten dugu; izan ere, neoliberalismoari aurre egiteko ezinbestekoa da. Guztiz baztertzen dugu neoliberalismoak estatuekin dituen botere harremanak, baita herrien etorkizuna baldintzatzen duten bere sare ekonomiko eta finantzarioak ere.
Litekeena da baten bat harrituta geratzea erabaki honekin. Izan ere, gure sindikatuak 1979an prozesu autonomikoaren alde egin baitzuen. Orduko erabakiarekin diktadura amaieran bi aukera baliatu nahi ziren: Batetik, marko estatutarioak gure nazioaren etorkizunerako oinarrizko kontuak garatzeko bidea irekiko zuela uste genuen, mailaka eta modu posibilistan, instituzioei, hizkuntzari edota kulturari zegokionez. Gogoratu beharra dago marko hura onartu genuela bere argi-ilunekin kritiko izanda: gizarte- eta lan-eremuan gabeziak bazituela ukatu gabe, baita lurralde zatiketa zehatza inposatzen zuela jakinda ere. Bestetik, espero genuen Estatuarentzat ere parada ona izango zela, prozesu autonomikoari esker Espainian finkatu zitekeelako beste kultura politiko bat, nazio aniztasuna onartzeko prest izango zena, antzinatik huts egin baitu honetan.
Jakina da orduan unibertso abertzale osoak ez zuela bide horretatik jo. Guk ez dugu arbuiatu hartutako erabaki hura, baina egindako ibilbidearen irakurketa kritikoa egiteko unea dugu.
Lehenik, marko autonomikoak oinarrizko arloak garatzeko aukera eman zigula uste dugu, nahiz eta aspaldi honetan estatuko gobernuak marko hori higatzen ari diren, 1979ko ituna erabat desitxuratzeraino. Horregatik esan genuen 1997an marko estatutarioaren amaiera zela.
Bigarrenik, Estatuan nazio aniztasunaren onarpenari buruz zinez uste dugu iraganean baino okerrago gaudela. Marko juridikoa aldatzeko saioak izan direnean (Legebiltzarraren estatutu politiko berrirako proposamena, Kataluniako Estatut-a), Estatuko alderdi eta aparatu nagusien erantzuna oso gogorra izan da: ukapena behin eta berriz, mugarik gabeko errepresioa (Katalunian erregeak berak xaxatua). Gaur, gainera, eskuin muturra diskurtso uniformatzaileak elikatzen du. Espainiako sistema politikoa gaur askoz ere zurrunago eta oldarkorragoa da estatuan dauden aldarri nazionalekiko.
Hirugarrenik, hau gertatzen ari da mundu mailako joera faxista-kapitalista baten baitan, beti ere ezaugarri bera agertzen duena: eskuindarrek uko egiten diete oinarrizko arau demokratikoei politika progresista saio orori aurre egiteko. Espainiako kasuan horren emaitza dira marko autonomikoak (baita Ekonomia-Hitzarmena eta -Ituna ere) suntsitzeko praktika eta proposamenak; erakunde independentistak, independentista izate hutsagatik, legez kanpo jartzeko mehatxuak; botere judizialaren erabilpena estatu-batasunaren ikusmolde baztertzailea inposatu eta beste botereak boikotatzeko; aldarrikapen-ekintza kolektiboaren errepresio orokorra; hautetsiei zor zaien zilegitasuna ukatzea, eta beste hainbat. Inola ere, esan behar dugu sekula ez genuela sinetsi Alderdi Sozialistak saldu nahi izan duen ustezko federalismoa; hain zuzen indar hori da gobernagarritasun-bloke baten buru, zeinaren oinarria ere baden milaka katalan eta euskal preso politikoen zapalkuntza.
Estatua izatea premiazkoa dugu. Badakigu zaila izango dela, eta oztopoak topatuko ditugula bidean. Badakigu ere borroka honek oso luze joko duela. Baina 1979an bezala apustu berri bat egiteko prest gaude, zeina hasteko halabeharrez alde bakarrekoa izango den. Etorkizuneko egintzak gure izaeraren eta duela 110 urte hasitako bidearen isla izango dira: eguneroko lan sindikala eta prozesu nazional demokratiko, zibil eta soziala sostengatzen duen logika erradikal eta pragmatikoaren arabera egingo dugu lan. Bai, prozesu hori batik bat soziala izango da. Gure bokazioa delako eta sinesten dugulako independentziaranzko prozesuak soilik justizia soziala eta solidaritatea sustatuz erakarriko dituela aurrera egiteko behar dituen herritar guztiak.