Erreferenteak

Erreferenteak –

Zorionez, gero eta gehiago, historian zehar emakumeen papera hizpide duten lanak ugarituz doaz eta logikoa den bezala, emakumeak protagonista diren biografia, errelato edo izen zerrendek nabarmen egin dute gora.

Erreferenteak

Baina batzuetan, historialari moduan, nahiko interpelatua sentitzen naiz Emakume zientzialariak moduko izenburuekin, ez zientzia egiten dudala uste dudalako –ejem– baizik eta nire ustetan, inolako kontesturik gabe hamar emakumeren zerrenda botatzeak ez duelako benetan emakumearen paperaren inguruko ezer berririk eraikitzen. Are gehiago, emakumea zientzialaria izatea gutxienekoa izaten da, izan daitezkeelako zientzialariak, margolariak –txertatu nahi duzun lanbidea– edo zuzenean, historiako emakume garrantzitsuak eta erreginez eta noblez betetako zerrenda bat osatzen dizute.

Diskurtso historikoa, nire ustez, gizon zuriaren gertaera edo prozesuen epopeia narratiboa da, zeinetan, gertaera jakin batzuk –haiek parte hartzen dutelako– gertaera historiko unibertsal bihurtzen diren. Aurrekora bueltatuz, ez nabil esaten emakumeak zientzian izandako parte hartzeari buruz idatzi behar ez denik, kontuz, zientzia eta zientzialarien garrantziaren pertzepzioa patriarkala dela baizik. Eta horrek askotan historia androzentriko lineal ofizialean emakume batzuk txertatzera eramaten gaituela, partaidetza hau salbuespenezkoa edota anekdotikoa bada ere. Kontuan izan gabe, zerrenda horietako emakumeek gizon arrunt batek baina mila bider meritu gehiago egin zituztela, bai oso azkarrak zirelako, bai gizartearen legeak desafiatu zituztelako, bai pelikula baterako bizitza dutelako. Ez al dugu modu horretara, guk geuk «superemakumeak» ez ziren emakumezkoen gehiengoa ikusezin bihurtzen?

Halakoetan, pentsatzen dut Donostiako tortilla pintxo onenak eduki formatuko zerrenda hauek ezin direla inoiz historiarako erabili, baina, gidoi aldaketa, badira beharrezkoak gizartearen sektore handi batentzako, batez ere, erreferenteak sortzeko. Donostiako emakume famatu horietako zerrendetan sartzen den ohikoena eta agian ezagunena da Katalina/Antonio Erauso, askotan emakumetzat hartua, nahiz eta indizio nahikoa ditugun egungo kategorien arabera gizon transa zela esateko, are gehiago, haren erretratua estatuko pertsona trans bati eginiko lehenengotzat hartua da. Gertatzen dena da, identitatearen mugak gainditu eta kategoria orokorrak baliogabetu zituen arren, konkista, heroitasuna eta menderakuntza oinarri zituen agertoki historiko bateko protagonista aktiboa izan zela.

Horregatik, agian indigenen genozidioa urrunago bizi zuten garai berdintsuko beste erreferente batzuk bilatu behar dira, zerrendarako erosoagoak izan daitezkeenak. Adibidez, elite donostiarra eta gipuzkoarra kontran edukita ere, senarra abandonatu eta dibortzioa eskatzeko pleitu luze, umiliagarri eta gogorrak izan zituzten emakumeak (Manuela de Burgoa) edo Donostiako alkatea irrigarri eta isunarekin utzi zuten bollerak (Katalina Belunza eta Maritxo Oiartzun). Historian zehar, donostiar bollera, trans, trabesti eta marika asko eta asko egon dira, oraindik estatuarik, kalerik, edo zerrendarako izenik eman ez badiegu ere.

IRUTXULOn argitaratua

Erreferenteak