Euskal Herriko historia: aspalditik txortan egiten zuten emakumeak

Euskal Herriko historia: aspalditik txortan egiten zuten emakumeak –

Norbaitek noizbait Cristina Domenech-en “Señoras que se empotraron hace mucho” liburua edo bere txioren bat irakurri badu, ulertuko dit orain duela pare bat aste gertatu zitzaidana.

Maria de Asenglosa, Placenciako (Soraluze) bizilagun soltera zenaren testamentua zen. Dokumentuak horrela zioen: “los linos que yo dexo se den a Domeja  de Egoça, mi compañera, doze manojos o galbicos (lihoaren portzioak) de los que dejo por mayor” eta jarraian historialariak hau gehitzen du “normala zen, alargun eta soltera zirenak bizitokia konpartitzea”. Domenechen  liburua irakurri duen edonork bezala, soltera eta alargun baten arteko kidetasuna hain modu sinplean irakurtzea gaur egungo heteronormatik egiten ez ote zen planteatu nuen.

Euskal Herriko historia: aspalditik txortan egiten zuten emakumeakEz dizuet gezurrik esango, mi compañera horrekin lesbiana alarmak gogor jo zuen. Ez dakit Maria de Asenglosa eta Domeja de Egoçak gauak alua elkar kitzikatzen pasatzen zuten edo gizarte misogino bateko defentsa eta babes gisa bizitokia partekatzen zuten.

Baina hortik aurrera euskal herriko gure “aspalditik txortan egiten zuten señorak” bilatzeari ekin diot (señora hitza mantentzea beharrezko iruditzen zait). Eta horra hor gure lehenengoak: Katalina Belunza eta Maritxo Oiartzun. Bi emakume hauen arteko kasua nahiko ezaguna da, izan ere, 1503ko ekainaren 21ean Valladolideko Kantzilergoak aldeko epaia eman zielako iritsi da gugana. Eta istorioa hor hasten da: Donostiako alkate zen Miguel Otxoak Katalina Belunza eta Maritxo Oiartzun elkarrekin oheratzeagatik salatu zituenean.

Hasieran, biak kartzelan sartu zituzten eta Katalinari “uraren tormentua” tortura pasarazi zioten honek hitz egin zezan. Baina Katalinak ez zuen halakorik egin, eta fiskalari bere errugabetasuna aldarrikatzeko gutun bat idatzi zion, berak halako deliturik egin ez zuela esanez. Heriotza zigorra jarri ordez, erbesteratzera derrigortu zuten. Katalinak ordea, Valladolidera jo zuen eta bere kontrako epaia apelatu zuen. Valladoliden, azkenean, arrazoia eman eta Donostiako alkatea zen Miguel Otxoari (gizajoa), isuna ordaintzera derrigortu zioten eta “betiereko isiltasuna” delakoa agindu zitzaion.

Kasu honen deigarriena dena dela, ez da bere bukaera “zoriontsua”, nahiz eta, aitortzen dut alkatearen zigorraz biziki poztu naizela. Baina honek egin zuen testigantza da gehien harritu ninduena. Hona hemen Miguel Otxoak epaiketan esan zuena:

Catalina de Belunça e Maricho de Oyarçun vsavan en vno commo onbre e muger echandose en vna cama desnudas e rretoçandose e besandose e cavalgandose la vna a la otra e la otra a la otra subyendose ençima de sus vientres desnudos pasando e fasyendo avtos que onbre con muger devia faser carnalmente, lo que avia fecho e perpetrado muchas e diversas vezes…  (ARChV SRE, Leg. 181 sm).

Bata bestearen gainean zamalkatzen ibili zirela esan zuen Miguel Otxoak, eta bi emakume horien arteko sexua zena, gizon eta emakumeen arteko berezko ekintzen antzera deskribatzen ditu. Arazoa ordea, emakumeen arteko sexua zen, eta horregatik ere bi emakumeek aldeko epaia lortu zuten, izan ere, nola oheratzen ziren bi emakume? Eta, kasu horietan, nola jakin zitekeen hori?

XVI eta XVII. mendeetan emakumezkoen sodomiak buruhauste handiak ekarri zizkien horren aditu ziren teologo, jurista eta moralistei. Izan ere, gizonen arteko sodomia (klasikoa) oso erraza zen identifikatzen, izan ere, sexu berdineko koitoa ez ezik, inongo ugalketa borondaterik ez zuten sexu praktikak ziren sodomiaren oinarri. Hau da, “okerreko hodia” zen sodomita. Hori dela eta, bikote heterosexualen artean ere sodomia kasuak epaiketara eraman ziren.

Hori horrela izanda, zer gertatzen zen emakumeekin? Bi emakumeek delitu hori egin zezaketen? Hor zetorren eztabaida. Autore batzuen ustetan, zakilaren eta haziaren gabezia zela-eta emakumeek ezin zuten sodomitak izan, baldin eta, haien arteko harremanetan zakilarena egingo zuen instrumenturik erabiltzen ez bazuten (Erdi Aroan dildoak eta arnesak erabiltzen zituztela badakigu. honek, erdi aroko joko sexualen inguruko pistak ematen dizkigu). Sexuaren ikuspegi falozentriko horrek emakumeen arteko sexu harremanak ezerezean uzten zituen, zirriak baino ez zirelakoan, izan ere, kide maskulino ezean, emakume biren esperientzia sexualak masturbazioa baino ez ziren, hots, bakarkako sexua.

Ikusten duzuen bezala, horrek nolabaiteko “hutsune” moral eta legala uzte zuela esan dezakegu. Kasu askotan, garaiko gizarteak aurre egin ezin zion sexuaren irakurketa batzuk ezerezean gelditu ziren. Baina klitoriaren aurkikuntzarekin emakume falikoaren medikuntza-paradigma berri bati atea ireki zitzaion, zeinetan emakumea falikoa izan zitekeen eta beraz,  penetrazioa eman zitekeen. Emakumearen zakila bezala definitu zuten klitoria, emakume batzuek garatuegi zutena, eta horrenbestez, gizonek bezala sexua praktikatu zezaketen. Gai honi buruz gehiago landuko da hurrengoan: “Gizonek klitoria aurkitu zutenean” deituko den artikuluan.

Euska Herriko historia: aspalditik txortan egiten zuten emakumeak