Erraza
Erraza –
Zerbitzari hori, barrara iritsi aurretik zuri begira dagoena, itxaron beharrik izan ez dezazun; lankide hori, lanez lepo zaudenean zure telefonoa berera desbideratzen duena; oporretara zoazenean etxeko landareak ureztatzen dizkizun auzokidea; ikasgaia berriz azaltzeko pazientzia duen irakasle hori, modu batera ulertzen ez baduzu beste modu batera azalduko dizuna; hiriaren erdialdean geratu ordez, zure etxetik gertu geratzea proposatzen dizun lagun hori, badakielako ostiral honetan oso nekatuta zaudela; afari bat antolatzen duzuenean jatetxea enkargatzen duen lankide hori; lagun bati egingo diozuen oparirik onena zein izan daitekeen pentsatzeko denbora hartzen duen laguna; arropa denda bateko aldagelan buruarekin ezetz egiten dizun lagun hori, nerabeentzako denda horretatik irtenarazi eta zure adinekoentzako moduko arropak dituen dendara laguntzen dizuna…
Denok ezagutzen dugu pertsona horietako bat. Bizitza errazten diguten pertsonak dira. Bizitzaren makineria koipeztatzen duen noizbehinkako oparia dira. Izan ere, bizitza berez zaila da. Ez nago batere ados esaldi honekin: bizitza erraza da berez, guk konplikatzen dugu. Eta ziur nire bizitzaren garairen batean erabili dudala. Baina gu ere bizitza gara, eta bizitza konplikatua da. Nola ez da konplikatua izango pertsona bakoitzak interes, gustu eta iritzi desberdinak dituenean eta elkarrekin bizi behar dugunean? Nola ez da zaila izango pertsona bakoitzak bere bizitzari zentzu bat ematearekin nahikoa duenean? Nola ez da konplikatua izango errealitateak askotan gure ametsak gauzatzea eragozten digunean? Bizitza zaila da. Beraz, egin daitekeen onena bizitza errazteko gaitasuna duten pertsonez inguratzea da. Egunerokoak ematen digun oparietako bat dira. Metroan edo autobusean irribarre egiten dizun pertsona hori, esanez bezala: bai, ni ere galduta nago, baina egin dezagun ahalegina gutxienez hau atsegina izan dadin. Egin dezagun bizitza konplikatu hau ahalik eta errazena.