Plastikoak? Ai ene, zer kaka!

Plastikoak? Ai ene, zer kaka! –

Plastikoak? Ai ene, zer kaka!

Emaztea eta biok Donostiako Kimika Fakultateko lehen belaunaldiko kimikariak gara. Horrek kutsu berezia damaigu EHUk formatutako kimikarien artean. Petrokimika espezialitatea egin genuen. Polimeroak izan ziren gure ikasgaia. Hitz lauez, plastikoak ikasi genituen: nola sintetizatzen diren, zein propietate mekaniko, fisiko eta kimiko dituzten eta horiek ematen dizkieten hamaika erabilera. Ikasketak bukatu orduko abandonatu nituen polimeroak, tesia kimika organikoan egin bainuen. Emazteak ordea, bere ibilbide profesional osoko bidaide izan ditu, polimerizazio-prozesuez irakatsi eta ikertu baitu. Goiz baztertu izanak ez nau haien liluraz libratu, hala ere.

Makinatxo bat bider pairatu behar izan dugu plastikoei buruzko urliaren edo sendiaren purrustada; deabruaren pareko materialak dirudite horiei entzunda. Emazteak muturra okertzen du horrelakoetan, eztabaidari heltzen dio batzuetan eta askotan hauxe jaulkitzeko gogoarekin gelditzen da: ‘Aizu barregarri geldituko zinateke jantzita duzun plastiko guztia di-da desagertuko balitz!’ Izan ere, nylona, likra eta poliesterra zer dira bada?

Egia da plastikoen gehiegizko erabilera egiten dela eta, maiz, axolagabea. Hor ditugu adibidez supermerkatuetako salgaien soberako enbalajea. Ezin ukatu habitat guztietan sakabanatutako mikroplastikoak animalientzako kaltegarria izateaz gain osasun-arazoak eragin ditzaketela kate trofikoan sartu direlako. Halaber, produzitutako plastikoaren % 60ak zabortegietan edo naturan bukatzen du. Ez da oso argazki txukuna!

Alabaina onetik ere badute. Gure bizimodua erosoagoa egiteaz gain -lantokira bazkaria eramateko usatzen dugun tuperra zer praktikoa den!-, beste erabilera oso ekologikoak eta praktikoak badituzte. Ibilgailuetan material astunagoen ordez baliatzen dira; ondorioz, erregai fosil gutxiago kontsumitu behar dute lan bera egiteko eta karbono (IV) oxidozko isurketak handiagoak izan ez daitezen laguntzen dute.

‘Plastikoak ezin dira ongi birziklatu eta ez dira biodegradagarriak’ plastikoen kritikoen bi aldarri nagusi dira. Ez zaie arrazoirik falta, baina egiaren aspektu bat baino ez da. Jakina da plastiko guztiak ezin direla birziklatu eta horien bizitza erabilgarriaren amaiera zabortegia, errausketa edo naturan sakabatzea izaten dela eskuarki. Halaber, erabiltzen ditugun plastiko gehienak ez dira biodegradagarriak. Salbuespenak badira, poli(azido laktiko)a (PLA) esaterako. Azukre kanaberatik edo artotik sintetiza daiteke. Katerin eta antzekoetan usatzen hasi diren erabilera bakarreko plater eta baso biodegradarriak PLAzkoak dira. Bioplastiko bat da PLA landareetatik eratorritako lehengaiak baliatzen direlako bere sintesian. Kasu, bioplastiko guztiak ez dira biodegradagarriak! Etseplurako, Nylon11.

Alta bada, biodegradagarri kontzeptu maltzurra izan daiteke. Zer entenditzen duzu zuk irakurle? Hain segur, honelako pentsamendua duzu: etxe pareko lorategian bota daitekeela eta laster batean lurreko zomorrotxoek jan egingo dutela. Ba tronpatu zara. Hondakinen kudeaketan biodegradagarri konpostagarriren sinonimoa da neurri handi batean. Horrek esan nahi du, plastiko-hondakina ontzi batean sartu behar duzula, mikroorganismo egokiak erantsi behar dizkiozula eta 50 eta 60 C bitarteko tenperaturan izan behar duzula desegiteko. Jardinean botata horrelakorik nekez! Katerineko goilaratxo hori seguruenik puska ñimiñotan apurtuko da, animalia batzuentzat kaltegarria izan daitekeena, biodegradatzen nabarmen hasi aurretik.

Erdal plastiko pila

Ultimatuma plastikozko poltsei

Ingurugiro-eraginaren ikuspegitik beste kontzeptu bat sartu beharko genuke hemen: karbono-aztarna. Plastikoak konbentzionalki petroliotik lortutako monomeroak polimerizatuz lortzen dira. Horiek desegiten direnean, erreaz, (bio)degradatuz edo beste ezein moldez, karbono (IV) oxidoa isurtzen dute. Alegia, lurrean harrapatutako karbonoa berotegi gas moduan atmosfera askatu dugu.

Har dezagun adibide bat. Plastikoko botilak poli(etilen tereftalato)z egina daude (PET). Ezaugarri fisiko-kimiko oso interesgarriak ditu, erabilera ugari eta birzikla daiteke. Ez da biodegradagarria ordea! Karbono-haztarna ere handitzen du, petroliotik lortzen baitira nagusiki polimeroa osatzeko  onomeroak. Kondenatu behar al dugu horregatik? Ez halabeharrez! Azken urteotan, zenbait erabilerarako PETa sintetisatzeko landare-jatorriko monomeroak erabiltzen dira. Freskagarri marka batzuren botilak %20aren bueltan landare-jatorriko monomeroak erabiltzen dituzte. Ez da biodegradagarria, baina karbono aztarna gutxiagotzen da. Urrats inportante bat. Erronka, landare-jatorria % 100 izatea.

Ahalegin handia egiten ari da atzen urteotan bioplastikoen alorrean. Helburua argia da: karbono-aztarna gutxiagotzea. Lignina eta zelulosa polimero naturalak hartu dituzte begietan ikerlari askok popietate mekaniko interesgarria dituzten plastikoak egiteko lehengai izan daitezkeelako. Zelulosa landare-zelulen osagai nagusia da eta ligninak pareten arteko espazioa betetzen du. Abantaila nabarmena dute edozein landare baita lehengaia. Horietatik abituz plastikoak lortzeko lehenik apurtu egin behar dira bere osagaiak, monomeroak alegia, lortzeko eta gero, monomero horiek usatuko nahi den plastikoa sintetizatzeko. Ez da prozesu erraza, baina merkaturako bidean daudeke lehen produktuak. Bioplastiko horiek hesi asko gainditu beharko dituzte merkatuan ohiko bihurtu baino lehen eta prezioa ez da oztoporik baxuena izango!

galde

Galde 27 Negua/2020

Plastikoak? Ai ene, zer kaka!

2 pentsamendu “Plastikoak? Ai ene, zer kaka!”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2019-12-26 08:58

    Eskerrik asko kurtso sinple bezain interesgarri honentzat.
    Entzun ohi da egundaino erregai fosiletik ateratako plastika ordezteko, Europa guzia arto landa bihurtu beharko ginukeela.
    Zer deritzotzu horretaz?

  • Iñaki Irazabalbeitia 2019-12-27 17:27

    Plastikoak bakarrik ez, bioerregaiak ere hor dituzu. Argi dago, konponbidea askotarikoa dela eta bioplastikoak parte bat baino ez direla. Plastikoak erabilera batzuetan ordeztea eta gehiegizko erabilera ebitatzea (elikagaien gehiegiko bildukiak kasu) beste bi aukera osagarri dira.